Lerro
hauetan Gipuzkoako oinordeko bakarraren sisteman emakumeak etxeko
partaide bezala betetzen zituen betekizunetaz arituko gara.
Gipuzkoar herentzia
sisteman emakumeek betetako funtzioetako bat oinordetzarena zen,
hau da, etxea jaso zezaketen herentzia bezala. Kasu hauetan, emakume
hauen bitartez ematen zitzaion jarraipena etxeari. Etxearen inguruan
estamentu kapareak herentzia modu propio bat eraiki zuen. Bertan
funtsezkoa zen ondarea seme edo alaba bakar bati transmititzea
eskualdatzea,uztea (seme edo alaba horrek ez zuen nahita nahiez
zaharrena izan behar). Pertsona horrek jasotzen zuen etxea eta
berari loturik zeuden gainontzeko ondasun garrantzitsuenak, batez
ere, lurra eta etxeari zegozkion ohore eta statusa. Gainontzekoek
"legitima" edo seniparte bat jasotzen zuten, askotan
alabei dote edo ezkonsari moduan ematen zitzaiena. Seniparte hori
dirutan ematen zen etxearen ondarea ez banantzeko.
Herentzia sistema
honetan emakume gipuzkoarrak gai ziren, esan bezala, oinordeko
izateko. Gaitasun hau etxeko partaide moduan zeukaten eta etxearen
beharren baitan erabakitzen zuten gurasoek seme edo alaba bat
aukeratzea etxea jasotzeko. Gaitasun honek ez zuen esan nahi emakumeak
gizonezkoen berdinak zirenik edo oinordeko izateko aukera bera
zutenik. Izan ere, Gipuzkoar etxeek gizonezkoak nahiago zituzten
oinordeko bezala. Baina emakume oinordekoak ez ziren hain arraroak,
izan ere etxeko partaide bezala eta, beti ere taldearen beharretan
pentsatuz, emakume bat oinordeko aukera baitzitekeen. Gure ikerketen
arabera, emakume gipuzkoarrak oinordeko bezala aukeratuak ziren
kasuak ondorengoak ziren normalean: alaba bakarra zenean edo alabak
bakarrik zeudenean; seme-alabak izanda, semeek ezin zutenean oinordeko
izan edo hauei beste funtzio batzuk ematen zitzaizkienean (apaizak
ziren, Ameriketara joanak ziren etab.); eta azkenik, etxearen
egoera konkretuaren baitan, alaba bat gertatzen zenean aukera
egokiena (adibidez, ezkontza on baten bidez beharrezko zen diru
kantitatea ekarriko zuen gizon batekin lotzen zenean). Bestalde,
emakumeek beren ahaideen bitartez ere jaso zezaketen etxearen
herentzia, izan ere, normala baitzen seme-alabarik ez zituzten
pertsonek zituzten ondasunak beren ahaideei uztea, horrela leinuaren
barruan gera zitezen. Kasu hauetan ere posible zen aukeratutako
ahaide hori emakumezkoa izatea. Emakume hauek, etxekoandre izateaz
gain ondarearen jabe izatean, botere eta autoritate handiagoa
izan zezaketen beren etxeetan, jabetzak boterea eta statusa ematen
baitzuen. Era berean, etxeko jabe bezala beraiek jasotako ondarea
utziko zuten. Oinordeko bezala, gipuzkoar emakume kapareek paper
eginkizun garrantzitsua izan , zuten askotan etxearen jarraipena
bermatu baitzuten.
Dudarik gabe estamentu
kapareak garatutako herentzia eta gizarte harreman sisteman emakumeen
funtzio garrantzitsuenetako bat ezkontzarena zen. Ezkontzaren
bitartez, etxeak beraien artean lotzen ziren, herrietako gizarte
harremanen oinarri bihurtuz. Lotura horiek benetako sareak sor
zitzaketen, sare hauek etxe eta pertsona ezberdinak batzen zituztelarik.
Hein handi batean botere sareak, merkatal harremanak, Gipuzkoako
eta Gaztelako Koroako botere postuetan zeuden pertsonekiko harremanak
ezkontzen bitartez lortzen ziren. Gizarte hartan ezkontzak ez
zuen guretzat duen esanahia, etxearen jarraipena lortzeko funtsezkoa
zen, ezkontzarik eta seme-alabarik gabe ez baitzegoen ondorengorik.
Baina estamentu kaparean, gainera, ezkontzak etxearen boterea
eta ohore maila erakusteko momentua ziren, erakustekoa eta iraunaraztekoa.
Horregatik, ezkontza ez zen seme-alaben eskuetan uzten, gurasoak
ziren ezkontzak erabakitzen zituztenak. Bestalde, beharrezkoa
gertatzen zen maila berdin edo goragoko etxe batekin lotzea bakoitzaren
statusa mantentzeko.
Ezkontzaren inguruan
sortutako harreman joko horretan emakumeak eta ezkonsariak garrantzi
handia zuten. Emakume batek bere ezkontzara eramaten zituen ondasunek
osatzen zuten dotea. Askotan, emakume batek bere gurasoengandik
jasoko zuen guztia zen. Bestalde, seme-alaben ezkonsari eta seniparteak
etxe askorentzat karga handi bat baziren ere, herentzia sisteman
oinordeko bakar bat izendatu eta gainontzeko seme-alabei status
bat eman beharraren arteko oreka mantentzeko ezinbestekoak ziren.
Harreman eta herentzia
sistema honetan alabak ezkontzaren bitartez beste etxeekin loturak
lortzeko erabiltzen ziren. Ezkontzetan emandako eta jasotako doteak
etxearen kalitatearen adierazle ziren. Horregatik, emakumeen etorkizuna
ezkontzarekin eta beren etxeen egoera ekonomiko eta beharrekin
estuki loturik zegoen. Gurasoak beren seme alabak ahal bezain
ondoen ezkontzen saiatzen ziren. Baina egoera ekonomikoak ez zuen
beti helburu hori betetzen uzten. Honela, beste erremediorik ez
zegoenean, ezkonsari on bat emanez alaba bat ondo ezkontzen saiatzen
ziren, adibidez, beste etxe bateko oinordeko batekin, eta gainontzekoak
dote okerragoak jasotzen zituzten. Honenbestez, berriz ere etxeari
loturik agertzen da emakumeen etorkizuna. Semeak ere ezkontzetarako
erabiltzen ziren, baina hauek beren etxea ohorazteko beste bide
batzuk ere bazituzten.
|
Oñatiko
maiorazko famili batetako etxekoandrea.
1870. urtea.
Argazkia: Auñamendi Entziklopedia. |
Azkenik, estamentu
kaparean eta herentzia sisteman emakumeek andere edo etxeko andere
bezala ere eginkizun garrantzitsu bat betetzen zuten. Izan ere,
estamentu kapareak etxeari ordenamendu jakin bat eman zion, eta
antolamendu horretan etxeko jaun eta etxeko anderearen figurek
garrantzia handia hartu zuten. Haiek jasotzen zuten etxea herentzia
bezala belaunaldi bakoitzean eta etxea eta ondarea zuzen gobernatu
eta beren seme-alabetako bati uzteko erantzukizuna berenganatzen
zuten herentzia honekin batera. Kontuan izan behar da gizarte
sistema honetan jarduera ekonomikoak, botere sareak eta ondasunak
lortzeko moduak (herentziaren bitartez, hain zuzen ere) etxearen
inguruan antolatzen zirela eta ondorioz etxearen gobernua oinarrizkoa
zela gizarte harentzat. Emakumeak oinordeko zirenean etxeko andere
bihurtzen ziren automatikoki. Ezkontzaren bitartez beste etxe
bateko oinordeko batekin batzen zirenean ere, postu hau lortzen
zuten. Etxeko andere bezala bazituzten zenbait betekizun, adibidez,
etxeko hildakoen zaintza eta hilobiaren zaintzaren bitartez, etxeak
elizan betetzen zuen postua gordetzea. Gainera, ez da ahaztu behar
gurasoek, biek, aukeratzen zutela oinordekoa. Alargun geratzen
zirenean, batez ere seme alabak adin txikikoak zirela, bere eskuetan
uzten zen haien gobernua eta etxeko ondarearen kudeaketa. Zentzu
honetan, esan daiteke etxeko jaunarekin batera elkarlanean aritzen
zirela, nahiz eta garbi geratu etxearen barne hierarkian senarra
zela boterearen burua.
Hauek dira gure ikerketen
arabera emakumeak betetzen zituen funtzio garrantzitsuenak gipuzkoarrek
XVI eta XVIII. mendeetan zehar garatutako herentzia sisteman.
Oraindik ere asko geratzen da ikertzeko. Gure asmoa emakume kapareek
beren gizarte sisteman betetako funtzio eta zereginak zeintzuk
izan ziren aztertzen jarraitzea da. Oihane Oliveri Korta, Historian
lizentziatua |