Gonzalo Auza, Juan de Garay Fundazio Eusko-Argentinarreko Komunikazio eta Garapenaren arduraduna
"Guk garatu dugun know how-a, beste herrialde batzuetako euskal elkarteetan ere aplika daiteke"
* Traducción al español del original en euskera
Josemari Velez de Mendizabal

Gonzalo AuzaGonzalo Auza, Juan de Garay Fundazio Eusko-Argentinarreko Komunikazio eta Garapenaren arduraduna da. Komunikazio ikasketak egin zituen, eta gaur egun humanitateen eta teknologiaren konbergentziaren inguruan ari da lanean. Euskal kultura ikertzeko grinak bultzatuta -beste milaka argentinarren kasuan bezala, Euskal Herrian dauzka sustraiak-bere arbasoen lurraldera itzuli da, erakundeen arteko lanaren proiektuetan sakontzeko asmoarekin.


-Zer da eta noiz sortu zen Juan de Garay Fundazio Eusko-Argentinarra?

Juan de Garay Fundazioa, Argentinako euskal elkartearen erakunde bat da -beharbada, diasporako euskal elkarterik handiena izango da Argentinakoa-, eta duela 18 urte sortu zen, asmo kulturalarekin, Euskal Etxeen jarduera osatzeko. Erakundearen helburua, Argentinan euskal kultura mantendu eta lantzea da. Horretarako, ikerketa historiko eta genealogikoak egiten ditugu, euskal gaiei buruzko liburuak argitaratu, eta mota guztietako kultur jarduerak antolatu: ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, omenaldiak, etab.

-Zenbat kide dauzka Fundazioak gaur egun?
Orain bertan 300 kide indibidual eta instituzional baino gehiago dauzka, kategoria desberdinetan banatuta.

-Zein lan ildo azpimarratuko zenituzke?
Orain "Los Vascos en la Argentina. Familias y Protagonismo" liburuaren hirugarren edizioa prestatzen ari gara. Liburu hau, lau urteko ikerketa lanaren emaitza da, eta Argentinan dauden euskal abizen guztiak aztertzen ditu (10.000tik gora). Era berean, 2.000 familia baino gehiagoren historia jasotzen du, eta euskaldunek esparru ekonomiko, kultural eta sozialean izan duten presentzia ere aztertzen du. Ameriketan, orain arte, inoiz ez da horrelako ikerketa historiko-genealogikorik egin elkarte bati buruz. Obra hau bizirik dago, eta etengabe ari da hazten. Hurrengo pausoa, oinarri dokumental hau digitalizatzea izango da, eta horretarako oso eskema berezi batez baliatu nahi dugu, eduki digitalen historian aitzindaria izan daitekeena.
Beste alde batetik, oso garrantzitsuak dira eskualde bakoitzean izan diren asentamendu euskaldunei buruzko ikerketak. Dagoeneko bost ale argitaratu ditugu, aro hispanikoari buruz (1580-1810).
Azkenik, eta etorkizun hurbilari begira, Fundazioaren beste oinarrizko alderdi bat on line eduki eta zerbitzuen aldeko apustua izango litzateke. Abenduan goitik behera eraberrituko dugu Interneten daukagun orria, eduki berriak ipiniko dizkiogu, eta helburu nagusietako bat aipatutako obrak digitalizatzea izango da.

-Nortzuk osatzen dute Fundazioaren zuzendaritza eta staff-a?
Fundazioko lehendakaria Jorge Zorreguieta da, eta lehendakariordeak Julio Aznarez Jauregui eta Jorge Azpiri dira. Idazkaria, berriz, Mauricio Goyenechea da. Administrazio Kontseilua beste hamahiru kidek osatzen dute. Euskal Herrian dugun ordezkaria Xabier Lopez Mendizabal da.

-Zeintzuk dira zuen finantzazio iturriak?
Fundazioaren oinarri nagusia bere kideen ekarpena da. Hala ere, finantzazio iturriak handitzeko bideak aztertzen ari gara.

-Azkenaldian garapen teknologiko handia izan duzue. Zein pauso eman dituzue horretarako?
Langile gehiago hartu ditugu on line eduki eta zerbitzuekin lotutako lanak prestatzeko. Beste alde batetik, etorkizunean Interneten inguruko hazkundea konpromiso handiagoarekin hartzeko, barne aldaketa batzuk egiten ari gara. Abenduan aurkeztuko dugun orrialde berrian inbertsioak egin ditugu, eta prestatzen ditugun edukiak digitalizatzeko programak antolatzen hasiko gara.
Era berean, esparru teknologikoan hazi ahal izateko, proiektu batzuk gauzatzen ari gara beste erakunde batzuekin, Eusko Ikaskuntzarekin adibidez.

-Azpimarragarria da oso Fundazioak euskal argentinarren sustraiak bilatzeko egin duen ikerketa lana. Nork eta nola egin du lan itzel hori?
Fundazioan, "Los Vascos en la Argentina" liburua egiteko, historialari eta genealogista talde bat aritu da ikerketa lan teknikoa egiten. Era berean, lana prestatu, argitaratu, banatu, finantzatu eta abar egiteko, beste pertsona batzuek ere parte hartu dute. Oso lan luzea izan da, lau urte baino gehiago eskatu dituena. Ikerlari nagusiak Magdalena Benard de Arichuluaga, Susana T.P. de Dominguez Soler eta Juan Cruz Jaime izan dira.
Liburu horretan, gainera, gai eusko-argentinar bakoitzeko espezialistarik onenek prestatutako artikuluak ere sartu ditugu.
Oso know how garrantzitsua lortu dugu, eta hori Argentinan egin dugun lanaren modukoa egin nahi duten beste herrialde batzuetako euskal elkarteetara zabaldu nahiko genuke.

-Argentinako gainerako euskal erakundeen jardueretan ere parte hartzen al du Fundazioak?
Gure Fundazioa Federación de Entidades Vascas de la Argentina-ko (FEVA) kidea da, eta, beste erakundeek bezala, antolatzen dituen jardueretan parte hartzen du. Baina gure jarduera Euskal Etxeen osagarria da; hori da gure berezitasuna. Fundazioko kide batzuk Argentinako beste euskal erakunde batzuetako kide ere badira.

-Zein lotura dauzkazue Euskal Herriko antzeko elkarteekin?
Loturarik aipagarriena Eusko Ikaskuntzarekin sinatu dugun lankidetza hitzarmena da. Akordio hau oraintxe hasi da lehenengo urratsak ematen, baina oso proiektu interesgarriak biltzen ditu edukiaren, teknologiaren eta genealogiaren ikuspegitik.
Aldi berean, Euskal Herriko beste erakunde kultural, gubernamental, ez gubernamental eta abarrekin ere harremanetan gaude.

-Aukera dugunez gero, galdetu egingo dizugu: zein da zure iritzia Argentinako egoera sozialaren inguruan?
Erantzun hau, jakina, nire izenean emango dizut, ez Fundazioko kide naizen aldetik.
Argentina oso egoera delikatuan dago, ez delako herrialde elkarbanatu bat izatearen proiekturik egon, agintean egon diren gobernuak ez direlako batere eraginkorrak izan, eta ekonomiaren eta nazioartearen ikuspegitik desabantaila larrian dagoelako. Urtetan zehar Argentinan tirabira asko izan dira, eta horrek proiektu zehatz bat garatzea oztopatu du. Gaur egun dauden proiektuak, gainera, oso antagonikoak dira.
Administrazio publikoaren maila guztietan eta arlo pribatuan korrupzioa eta inefizientzia izan dira nagusi hamarkadetan zehar, eta hori oso kaltegarria da herrialdea errekuperatu ahal izateko.
Azkenik, Argentinak, oso herrialde aberatsa izan arren, ezin du bere egiturazko krisitik atera, eta, hainbat arrazoigatik, ezin du nazioarte mailan lehiatu.
Arrazoi horietako bat, kanpo zorrak Argentinako urteko aurrekontuan daukan zama ikaragarria da. Batzuek diotenek, zor hori ordaindu zen jada, guztiz usurarioak ziren interes batzuren bidez.
Beste arrazoi bat, zergak ordaintzeko orduan dagoen saihesketa eta kapital lokalen desagerketa izango lirateke. Horrek ekonomia nazionalaren aurka jotzen du.
Hirugarren arrazoi bat, biztanleriaren herenari eragiten dion pobrezia litzateke. Horrela oso zaila da egiturazko egoera gainditzea. Gainera, barne kapitalik ere ez dago inbertsioak egiteko.
Laugarren arrazoi bat, nazioartean daukagun desabantaila da. Hor Estatu Batuek eta Europak merkataritza askeari buruz duten diskurtso bikoitza dago: ez digu nazioarte mailan gure nekazaritza, abeltzaintza eta industriako produktuekin berdintasunez lehiatzen. Oztopo arantzelario eta parantzelarioak hain handiak izanik, nekazaritza eta abeltzaintzako produktuak ekoizten dituen argentinar batek (esate baterako 2.000 hektarea lur emankor dauzkan batek), ezin du 4 hektarea dauzkan ekoizle europar batekin lehiatu. Hori onartezina da. Argentinan azken urteotan asko hazi da segmentu honetako ekoizpena, baina ezin du lehiatu.
Beste arrazoi bat, kanpo inbertsioen murrizketa izan da. Horrek areagotu egin du duela hiru urtez geroztik sumatzen den atzerakada.
Azkenik, gure txanponaren balioaren arazoa daukagu. Horren aurrean bi aukera dauzkagu: gainbalioarekin jarraitzea, horrek nazioartean lehiakor izatea eragozten digun arren, edota debaluatzea. Horrek oso ondorio kaltegarriak izan ditzake, batez ere ekonomiako sektore marginalentzat.
Arazo ekonomiko konplexu hau larriagoa bihurtzen da mundu osoan ematen ari den atzerakadaren aurrean.
Kontua da Argentinako egoera oso larria dela. Aldatu egin behar da, bai herrialde elkarbanatu baten proiektu bat garatuz, bai esparru guztietako buruzagiak aldatuz, eta baita egoera ekonomiko lokala eta kanpoarekiko harremanak aldatuz.

Gonzalo Javier Auza

Juan de Garay Fundazio Eusko-Argentinarreko Komunikazio eta Garapenaren arduraduna da.
Buenos Airesen (Argentina) jaio zen, 1972an.
Humanitate eta Teknologia uztartuz dihardu lanean. Gaur egun Teknologia eta Kulturaren arteko loturaren inguruko Kontsultora bat sustatzen ari da:
Inter-Cultura.com.

 
Argazkiak: Arantza Cuesta Ezeiza


Euskonews & Media 151.zbk (2002/1/18-25)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved