María Cristina Maldonado Arruti, La Platako Unibertsitateko (Argentina) Euskal Pentsaeraren Katedra Askearen arduraduna
"Gero eta zailagoa da gure ondare kulturala elikatu eta zabaltzea"
* Traducción al español del original en euskera
Josemari Velez de Mendizabal

María Cristina Maldonado ArrutiMaría Cristina "Leticia" Maldonado Arruti, La Platako Unibertsitateko (Argentina) Euskal Pentsaeraren Katedra Askea delakoaren arduraduna da. Berez arkitektoa den emakume hau, hiri argentinar horretan bizi den euskal kolektibitateari bere kulturaren sustraietan sakontzen laguntzen aritzen da. Nolanahi ere, gero eta zailagoa gertatzen zaio zeregin hau, euskaldun horiek apurka-apurka beren asaben erreferentziatik aldentzen ari dira-eta.

 


-Zer da Euskal Pentsaeraren Katedra Askea?
Katedra hau, euskaldunek, beren ondorengoek eta euren lagunek euskal kulturaren alderdi desberdinak aztertzeko espazio akademiko bat da, eta La Platako Unibertsitate Nazionalak, gure Euskal Etxeak eta Erakunde Eusko-Argentinarren Federazioak sinatutako hitzarmen bati esker sortu zen. Bi garai bereiz daitezke: bata, 80ko hamarkadakoa, orduan hitzarmen bat sinatu zelako, baina ezerezean gelditu zen, ez genuelako martxan jartzeko behar zuen indarra ematen jakin. Bigarren garaiari 1994an eman zitzaion hasiera, indarrean dagoen hitzarmena sinatu zenean. Katedra honek behar bezala funtzionatu ahal izateko, arduradun talde bat gaude: Martha González Zaldua, Nidia Labayen, Keka Sáenz, Alfredo Aldao eta ni. Arrazoi kulturalengatik bakarrik ari gara lan hau egiten.

-Zeintzuk izan dira orain arte antolatu dituzuen jardunaldi nagusiak?
Nik uste dut guztiak izan direla garrantzitsuak, baina ezer azpimarratzekotan esango nuke 2000. urtean bi pertsona garrantzitsu izan genituela gure artean: Juan Ignacio Bidarte eta Andoni Ortuzar. Urte hartan bertan Xabier Unzurrunzaga arkitektoa ere etorri zen, aste bete iraun zuen mintegi batera. Azken bisita Aitor Estebanek egin digu, 2001eko irailean. Dena den, eta gainerako parte-hartzaileak inondik inora gutxietsi gabe, inoiz izan dugun ikustaldirik garrantzitsuena Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 1999an egin ziguna da. Beste hainbat jardunaldien artean, Euskal Historiari buruzko ziklo bat antolatu dugu, jende asko erakarri duena, eta aurten Euskal Zinemaren Hirugarren Zikloa prestatzen ari gara. Inork Katedra gauzatzen ari den jarduerak ezagutu nahi baldin badu, gure web orrira sartu besterik ez du:
www.centrovasco.com.

-Zein paper betetzen du La Platako Unibertsitateak gai honen inguruan?
La Platako Unibertsitate Nazionalak (UNLP) bere marko instituzionala, espazio fisikoa eta behar ditugun ekipoak jartzen ditu gure esku. Ez da gutxi. Katedra hau Luzapen Unibertsitarioko Idazkaritzaren esku dago, Kultur Etxearen bitartez, eta berezitasun honi esker edozein Unitate Akademikora jo dezakegu. Horregatik, Unzurrunzaga arkitektoak, etorri zenean, Arkitekturako Fakultatean eskaini zuen bere mintegia, eta Esteban irakasleak, berriz, Zuzenbide Fakultatean. Gonbidatuaren espezialitatearen arabera, Fakultate bat edo beste aukeratzen dugu.

-Zeintzuk dira Katedraren xedeak?
Berrikuntza nagusia, "Aula Birtuala" da. UNLPn, La Platan, Aula Presentzial bat dago, baina urrutira irakasteko, herrialdean dauden beste Aulekin konektatzen da, zuzenean, satelite bidez., eta ikasleek telefonoz, faxez edo Internet bidez galderak egiteko aukera izaten dute. Lehengo saioa Esteban irakaslearekin egin genuen, eta orain emaitzak aztertzen ari gara. Guretzat oso erronka handia da, zeren eta esperientzia positiboa dela ikusiko bagenu, La Platatik mila kilometro baino gehiagora dauden Euskal Etxeek ere parte hartu ahal izango lukete zenbait ekitalditan.

-Katedra, ziur aski, ez da oso airoso ibiliko ikuspuntu ekonomikoan...
Badira urtero kuota bat ordaintzen duten "Katedraren Lagun" batzuk -gutxi baina, herrialdea krisian murgilduta dago-eta-, eta horrek maila nazionala duten ekitaldiak finantzatzen laguntzen digu. Nazioarteko gonbidatuak, orokorrean, Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu. Eta baliabide horiek ez direnean aski, Euskal Etxeko diruzaintzara jotzen dugu. Gure nahi handienetariko bat, Eusko Ikaskuntzak urtero bere asoziaturen baten proiektu bat finantzatzea izango litzateke. Horrela, zazpi euskal lurraldeetako edozeinetako goi mailako gonbidatu bat izango genuke gure artean.

-Ba al duzue harremanik Argentinako beste kultur mugimenduekin?
Bai. Gure jardunaldietan parte hartu duten asko Euskal Etxeetako kideak dira. Pedro Greaves Ochandiano, adibidez, Laurak Batekoa da, Enrique Aramburu Juan de Garay Fundaziokoa, eta Susana Ipolito San Nicolásekoa. Aula Birtuala bera ere beste Euskal Etxeekin harremanetan jartzeko topaleku bat izango litzateke.

-Eta Euskal Herrikoekin?
Batik bat Eusko Ikaskuntzarekin. Baina, hala ere, harreman hauek sakondu eta beste erakundeetara zabaldu nahiko genituzke.

-Nola bizitzen da geografikoki Euskal Herria bezain hain urrun dagoen elkarte bateko bigarren edo hirugarren belaunaldiko kide izate hori?
Nostalgia handiarekin... Txikitandik, aiton-amonek kontatutako istorioak entzun ditugu, beren etxeeetakoak. Niri gurasoek eta izeba-osabek kontatzen zizkidaten, ez nituelako aiton-amonak ezagutu. Nire aitonak soroan lan egiteko langile bat behar izaten zuenean, egunkarian begiratzen zuen Euskal Herritik Buenos Airesera itsasuntziren bat etortzekoa ba ote zen, eta gero "Hotel del Inmigrante"-ra joaten zen, euskaldun zaharren bat bilatzera. Zergatik? Ba euskaldun hori mahai handian berarekin batera eseriko zuelako -haurrek beste mahai batean jaten zuten, isilean-, bien artean euskaraz egiteko.

-Zer da zuen gaitasuna bultzatu ahal izateko mugimendu kultural gisa eskatuko zenuketena?
Euskal Etxeetan ia ez da jatorrizko euskaldunik gelditzen. Gainera, Euskal Herritik banatzen gaituen distantzia transozeanikoa hain da handia, gero eta zailagoa dela gure ondare kulturala elikatu eta zabaltzea. Egia da bigarren eta hirugarren belaunaldiek laguntzen dutela, baina ez da nahikoa.

-Aukera daukadanez gero, zera galdetu nahiko nizuke: zein da zure iritzia Argentinako egungo egoeraren inguruan? Nola jardun beharko litzateke gizarte argentinarrak konfiantza eta ilusioa berreskuratu ahal izateko?
Bai erantzun zaila! Nik uste dut galdera hori balioen krisiarekin lotuta dagoela, batez ere Hiriburu Federalaren inguruko biztanleen kasuan, zeren barrualdean egoera desberdina dela iruditzen zait. Argentinan, oro har, klase buruzagi ustel bat sortu da. Eskuko hatzak soberan izango nituzke kalifikatibo horretatik salbu daudenak kontatzeko. Ukaezina da herrialde garatuek erantzukizun handia daukatela gainerako herrialdeetan bizi den egoerari dagokionez, baina horrek ez ditu errugabetzen sakelak betetzearen truk herrialdea saldu zuten funtzionarioak. Eroskeria delitua egiteko bi behar dira gutxienez... Oso gogorra da 8 edo 10 urteko haurrak kalean bizitzen, trenbideetan lo egiten eta "krak" kontsumitzen ikustea... Nik uste dut zulo honetatik ateratzeko modu bakarra jangela komunitarioen bidez sortzen den sare solidarioa indartzea dela. Horrelakoetan garbi ikusten da behartsuak aberatsak baino zenbatez eskuzabalagoak diren. Gizarte berri bat behar dugu, "lapurtu arren zerbait egiten duena" behingoz errespetatzeari utziko diona. Horretarako, jakina, denbora asko behar da.

-Eta nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera politikoa?
... Beste erantzun zail bat. Argentinako prentsan Euskal Herriari buruz agertzen diren albiste bakarrak ETAren eta bere aliatuen indarkeriaren ingurukoak dira. Beste informazio motarik izango ez banu -eta kontuan hartu behar da jende askok ez daukala-, euskaldun guztiak bonbajartzaileak direla pentsatuko luke jendeak. Nik badakit hori ez dela egia. Argentinan ere, iraultzaren eta prozesu militarraren garaian, guztiak ez ginen estremista edo errepresiogileak. 1997an Euskal Herria ezagutzeko aukera izan nuen, eta gero su-etenaren garaian itzuli nintzen. Oso esperientzia ederra izan zen. Zoragarria zen "Zazpirak Bat"-eko konfiantza giro hori ikustea. Giza Eskubideen zapalketak, hango indarkeriak, nire herrialdean zegoenak bezainbat mintzen nau.


Argazkiak: María Cristina Maldonado Arruti berak utzitakoak dira


Euskonews & Media 147.zbk (2001/12/14-21)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved