Juan
José Goiriena de Gandarias 1996az geroztik da Eusko Ikaskuntzako
lehendakari. Bost urtez Euskal Herriko Unibertsitatean errektore
izandako 54 urteko Fisiologiako katedradun eta sendagile honek
hasiera emango dio Eusko Ikaskuntzaren XV. Kongresuari, berau
prestatzen eta antolatzen bi urte eman ostean. Hain zuzen ere
euskal kultura eta zientziaren iragana, oraina eta geroari buruz
hausnartzeko abagunea izango den Kongresuaren ildo nagusien berri
eman digu Goiriena de Gandariasek elkarrizketa honetan.
-Zer da Eusko Ikaskuntza? Arlo zientifiko eta
kulturaleko ikerketa, dibulgazio eta irakaskuntzara bideraturiko
erakunde bat da, euskal kultura garatzen den lurraldeetan kokatua
dagoena. Gure Elkarteak 83 urte daramatza bertokoa aztertzen,
modu horretan jakintza unibertsalari bere ekarpena egiten. Eta,
era berean, Euskal Herria ezagutzaren arlo guztietan parte hartzera
bultzatzen du. Beraz, gure helburua euskal lurraldeetako maila
kultural eta zientifikoa hobetzea litzateke, horrela aurrerakuntza
eta kohesio soziala bultzatzeko.
-Zenbat bazkide
dauzka, eta zeintzuk dira bere jarduera nagusiak? 3.000 bazkide inguru
dauzkagu Eusko Ikaskuntzan, bere hamabost Sailetan barna desinteresatuki
dihardutela. Urtez urte, lan handia egiten da diziplina bakoitzean:
liburuak argitaratzen dira, ikastaroak, hitzaldiak eta foroak
antolatzen dira, beka eta laguntzak ematen dira... Azkenaldian,
sarean euskal kulturari buruzko edukiak sartzeko buru-belarri
ari gara lanean: ikastaro digitalak, argitalpen elektronikoak,
elkartruke eta kontsultarako espazioak, etab. Horrela, garrantzi
handiko hutsune bat ari gara betetzen.
-Eusko
Ikaskuntzak tradizio luzea du aste honetako Kongresuaren modukoak
antolatzen, ez al da hala? Hainbestekoa, gure
Elkartea bera 1918an Oñatin izan zen Eusko Ikaskuntzen
I. Kongresuaren baitan sortu baitzen. "Ikasketak eta Euskal Herria
maitatzen dituztenek" beren ikerketak jendaurrean azaltzeko helburuarekin
antolatu zen Kongresu hura, eta baita euskal gizarte eta kulturari
eragiten zioten gaiak eztabaidatzeko ere. Egia da ordutik hona
asko aldatu dela egoera: gaur egun unibertsitateak dauzkagu, diplomatu
ugari daude, eta sozial nahiz kulturalki egituratzeko erakundeak
dauzkagu. Baina horrek ez du esan nahi euskal ikaskuntzei buruz
arduratzen jarraitzen ez dugunik. Ikuspegi global bat hartuta,
mundua nola ari den garatzen aztertu nahi dugu, abantailazko jarrera
bat hartzeko. Esan nahi dudana da Eusko Ikaskuntzaren Kongresuek
arretaz hartu dituztela gure gizarteak une bakoitzean planteatzen
zituen egiazko premiak: batzuetan hezkuntza izan da, beste batzuetan
hizkuntza, gai autonomikoak, Europan sartzea, edo, azkenaldian
adibidez, informazioaren eta teknologia berrien gizartea.
-Azken honi
dagokionez, aurreko bi kongresuak Teknologiari eta Ezagutzaren
Gizarteari buruzkoak izan dira. Eusko Ikaskuntzaren apustua izango
al litzateke alor hori? 1995eko XIII. Kongresuak
"Zientzia, Teknologia eta Gizarte Aldaketa Euskal Herrian" izan
zuen ardatz, eta 1997ko XIV.ak "Informazioaren Gizartea". Gai
hauek ez ziren besterik gabe aukeratu. Arlo horietan atzeratuta
geundela ikusi genuen, eta bultzada bat eman nahi izan genion
gure gizartean teknologia berrien sorkuntzari. Era berean, gizarteari
adierazi nahi izan diogu zenbateko garrantzia duen euskal kulturari
buruzko edukiak mundu mailako informazioan txertatzeak. Teknologia
berrien aurreko pasibotasuna gainetik kendu behar dugu, eta teknologia
horiez baliatu behar dugu gure nortasuna eta ondarea kanpoaldean
proiektatzeko.
-XV. Kongresuak
diziplinaskotariko izaera garbia du, bere izenburuak berak azaltzen
duen bezala: "Euskal zientzia eta kultura, eta sare telematikoak".
Hori
da. Milurteko berri batean sartu gara, eta errealitatea oso azkar
ari da aldatzen, oso ondorio garrantzitsuekin. Hausnarketa bat
egin behar dugu zientzia, kultura eta artea Euskal Herrian zein
egoeratan dauden ikusteko, eta martxan dagoen iraultzak nola eragin
diezaiekeen jakiteko. Kongresuak, era berean, globalizazioaren
ikuspegitik koordenada sozial, instituzional eta politiko berriak
aztertuko ditu, eta horretarako nazioartean sona handia duten
espezialistak izango ditugu gure artean. Labur esanda, XV Kongresua
euskaldunok nortzuk garen, non gauden eta norantz goazen aztertzeko
abagunea dugu.
-Globalizazioa,
erakunde multinazionalak eta sare telematikoak aztertuko diren
arren, Kongresuak gai antropologikoak ere izango ditu hizpide;
oraintxe aipatu duzun "nortzuk garen" hori, alegia. Ikerketa antropologiko
eta arkeologikoek beti garrantzi berezia izan dute Eusko Ikaskuntzan,
eratu zenez geroztik.Gogoan izan orain nik betetzen dudan kargua
urtetan on Jose Miguel Barandiaranek bete zuela, euskal antropologiaren
aitzindariak. Baina arlo honek, gainerakoek bezala, jauzi teknologikoaren
eragina jaso du. XXI. mendeko antropologiak ildo berriei jarraitzen
die. Esate baterako, biokimikaren eta biologia molekularraren
garapenak gizakiaren iragana hobeto ezagutzeko tresna eta metodologiak
eskaini dizkigu. Sail honen izenburua, "Etorkizun bat gure iraganerako"
izango da.
-Paperean behintzat
oso erakargarria dirudi 3. Saileko proposamenak: "Gizarte zibilaren
ahotsa Euskal Herrian". Gaur egun jende guztiak
onartzen du herrialde baten heldutasun demokratikoa bere gizarte
zibilaren sendotasunaren bidez neurtzen dela. Azken
urteotan zabaltzen ari den ideia da globalizazioak ez duela kontu
ekonomikoa bakarrik izan behar, baizik eta balioak ere ukitu behar
dituela. Hau da, salgaien eta kapitalen zirkulazio askeak bere
baliokideak izan behar dituela askatasunean, justizian eta ondasunen
banaketan. Gizarte zibilen lehentasunetako bat, gizarte planetarioaren
eredu berria gizaki gehienentzat onuragarria izatea da. Euskal Herrian oso aktiboa
da elkarteen bizitza. Eusko Ikaskuntzak bezala -elkarte zibila
dena-, beste erakunde askok ere instituzio publikoek bete gabe
uzten dituzten hutsuneak betetzen dituzte. Kongresuan honako galderei
erantzungo diegu: zeintzuk dira euskal gizarte zibilak milurteko
berriaren atarian gainditu beharreko erronka eta oztopoak? Zein
baliabide eta potentzialitate izango ditu etorkizunari begira?
Kongresuan zehar, alor desberdinetan aldaketa soziala bultzatzearen
alde lanean ari diren aktore sozialen ahotsa entzungo dugu, hala
nola ekologismoan, nazioarteko elkartasunean, bazterketa sozial
eta pobreziaren aurkako borrokan, lanerako eskubidearen alde,
feminismoan, bakegintzan, euskararen alde, etab.

-Halako Kongresu
batean, eta euroa zirkulatzen hasteko ezer gutxi falta dela ikusirik,
logikoa dirudi Europaren eraikuntza ere mintzagai izatea. Jakina. Izan ere, koiunturalki
gailentzen den "europtimismo" edo "europesimismo"-az
gaindi, kontinentea osatzen dugun herrialdeok batasun bat osatzen
dugu. Dinamika mundialak horretara bultzatzen gaitu. Beraz, Europa
berri bat eraikitzeko egin beharreko lanaren ondorioak atera behar
ditugu Europako txoko honetan, eta testuinguru horretan nola txerta
gaitezkeen pentsatu. Gogoeta etorkizunari begira egin behar dugu,
ez iraganari begira bakarrik. Hizlarien maila ikusita, ziur nago
sail honetatik ateratako ondorioak guztiz erabilgarriak izango
zaizkigula.
-Arte eta letrei
zuzenduriko sailetan, ikerlari eta teorizatzaileez gain, sortzaileak
ere presente izango dira. Zein ekarpen egingo dutela itxaro duzue? XX. mendea urrezkoa
izan da euskal artearentzat. Eskultore, musikari, interpretari,
pintore, arkitekto, literato... apartak izan ditugu, mundu mailako
ospea lortu dutenak. Eta XXI. mendea ere halako oparoa edo are
oparoagoa izatea nahi baldin badugu, lehenbailehen hasi beharko
dugu oinarriak finkatzea. Eta zeintzuk dira bada oinarri horiek?
Arte eta letrak ezagutzaren gizarte bateko zati dira, eta ez zati
txikiena gainera. Gainera, pentsamoldeen eta aurrerapen zientifiko-teknikoen
bilakaerak beren eragina izan dute. Bistan da teknologiaren eta
pentsamoldearen iraultza diziplina artistikoak aldatzen ari dela;
eta ez hori bakarrik, baita ere Artearen kontzeptua eta bere egituraketa.
Horri buruzko esperientzia eta iritziak plazaratuko dituzte, hiru
egunetan zehar, arte plastiko, musika, eszena, zinema, literatura
nahiz bertsolaritzako sortzaileak.

-Bukatzeko,
zenbat parte-hartzaile izango dira Kongresuan? Ehun inguru. Alemania,
Belgika, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Britainia Handia,
India, Italia, Portugal eta Suitzatik etorriko dira, eta, noski,
euskal kulturaren lurraldetatik. Orain arte ospatu diren hamabost
Kongresuetatik nazioartekoena izango dugula azpimarratu nahiko
nuke. Euskal gizartea kanpora zabaltzearen sintoma bat litzateke
hori. Argazkiak: Gernika Fotógrafos
-
Euskonews & Media 145.zbk
(2001/11/23-30)
|