Euskaltzaindiko
Zuzendaritza kide da Jose Antonio Arana Martija. Gaztetan zuzenbide
ikasketak egin zituen Deustuan, eta orduantxe ezagutu zuen Resurrección
María de Azkue. Berak halaxe gogoratzen du Azkue lehen
aldiz aurrez-aurre ikusi zuenekoa: "Azkue santu bat izan
zen, gizon benetan miragarria. Euskal Herrian sekula ez da egon
hark beste lan egin duenik. Izaera gogorrekoa zen bera, jenio
bizikoa eta oso serioa. Pentsa, 80 urterekin hasi zen tabakoa
erretzen! Nik neuk 1949-1950 aldera ezagutu nuen. Orduantxe hasi
nintzen Zuzenbide karrera ikasten, Deustuan. Tarteka Euskaltzaindiko
egoitzara joaten nintzen, urte haietan Alfonso Irigoieni musika
kontuetan laguntzera. Behin gure saio horietako batean geundela,
geure ahotsak entzun eta ‘nor dabil hor?’ garrasi egin zuen berak.
Irigoienek aurkeztu egin ninduen, eta zertan genbiltzan azaldu
zion. ‘Euskarako lanetarako bada, segi dezala’ esan zidan. Hamar
segundoko enkontrua izan zen, baina sekula ez dut une hura ahaztu".
Hain zuzen, Azkueri buruzko liburu bi atera ditu Arana Martijak.
-Resurrección
Jesús María de las Nieves Azkue, izen handia gizon
handi batentzat. Resurrección
Jesús María de las Nieves zeukan izena, Edurtzako
Ama Birjiñaren egunean jaio baitzen: abuztuaren 5ean 1864an,
Lekeition. Bere gurasoak Eusebio Azkue eta Mari Carmen Aberasturi
izan ziren. Carmen Eusebioren bigarren emaztea zen. Lehenago beste
andre batekin ezkonduta egon zen, Laureana Ozerinekin, eta harekin
bost seme-alaba eduki zituen. Eusebiok Bilboko Frantziskotarren
komentuan egin zituen ikasketak. Ondoren Mundakan egon zen nautika
eskolako irakasle, eta bertan bizi zen Laureana eta seme-alabekin.
Eusebio poeta zenez, seme-alabei izenak ipintzerakoan natura izenak
jarri zizkien: Diana, Aurora, Sol... Azkue, beraz, giro poetiko
batean jaio eta hazi zen. Laureana lehen emaztea hil zitzaionean,
Eusebio alargunduta Mundakako beste alargun batekin ezkondu zen:
Mari Carmen Aberasturirekin. Eusebiok Lekeitioko nautika eskolako
katedra atera zuen, eta bera jaiotzez lekeitiarra zenez, azkenean
lortu zuen jaioterrira itzultzea. Eusebioren aita Zamudiokoa
zen, beraz, Azkue deitura hori hortik dator. Lekeition Azkue bera
eta beste sei-zazpi ume jaio ziren eta haietatik bat ere ez zen
ezkondu. Hori dela eta Lekeitioko Azkue deitura hori desagertu
egin zen. Azkue Lekeition jaio zen, lehen ikasketak ere bertan
egin zituen, aita irakasle zen nautika eskolan hain zuzen, baina
gero Bilbora joan zen batxilergora egitera. Eta kasualitatez garai
hartan Unamuno eta Telesforo Aranzadi bizi ziren etxe bera egokitu
zitzaion. Unamuno eta Aranzadi lehengusuak ziren. Azkue Unamunorekin
ez zen ondo konpondu, Aranzadirekin bai.
-Dena dela,
Bilboko egonaldiak berak ez omen zuen Azkuerengan esanahi berezirik
izan. Dirudienez, Bilboko
ikasketak Azkuerengan ez zuten eragin handirik izan. Behintzat,
ez zien arreta berezirik jarri ez baitzuen nota onik atera. Oraindik
ez zen kulturarako Azkue jaio. Baina familiarengandik, aitarengandik
bereziki, bazetorkion literaturarako kutsu hori eta euskararako
grina, eta baita ere musikarako zaletasuna Lekeition hango organistarekin
ikasten ibili baitzen. Alfonso anaia bera kantari ona zen, ahots
ederrekoa, eta Eusebio aitak ere Lekeitioko koroan kantatzen zuen.
Beraz, musika eta euskara inguruan bizi izan zen Lekeition egon
zen bitartean. Bilboko ikasketak egin ondoren,
Gasteizko seminariora joan zen eta bertan filosofia ikasi zuen.
Hortik Salamancara pasa zen teologia egitera. Salamancan hasi
zen Azkue bere musika lanak konposatzen. Ez zituen gauza askorik
egin artean ikasten zebilelako. Baina 1884. urte inguruan Lekeition
udako oporretan zegoenean amaren eraginez edo euskal herri kulturarekin
arduratzen hasi zen.
-Hain zuzen,
urte haietan sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Katedra.
Bai.
1888an izan zen hori, justu Azkue meza emateko prest zegoenean.
Salamancan zegoelarik Bilbon Foru Aldundiaren eraginez Euskal
Katedra Institutuan sortu zuten. Katedrarena Azkueri mundu publikora
agertzeko balio izan zitzaion. Arreba batek idatzi zion Salamancara
katedraren berri emanez, eta aurkeztera animatuz. Azkuerekin batera
katedra horretara, besteak beste, Unamuno eta Sabino Arana aurkeztu
ziren. Sabino Arana artean ez zen euskalduna, ez zekien euskaraz
eta ez zuen ezer aurkeztu eskaria baizik. Unamunok abantaila bat
zeukan, ordurako Madrilen Filosofia eta Letretako doktoregotza
egina zeukan. Unamuno oso gizon azkar eta baliotsua izan zen,
baina berak ere eskaria bakarrik aurkeztu zuen katedrara. Azkuek,
ostera, euskarazko gramatikarako apuntetxo batzuk, euskarazko
ipuin bat, eta euskara ikasteko metodo bat aukeztu zituen. Epaimahaikoen
artean, batzuek Unamuno doktore izatea baloratu zuten. Azkuek
ez zeukan titulurik, oraindik ez zeukan abadetza ere amaituta,
katedrarako lehiaketa martxoa aldera izan baitzen eta Azkuek irailaren
29an eman zuen lehen meza. Baina bere aldekoek, ordea, begi onez
ikusten zuten Azkue jatorrizko euskalduna izatea eta lanak aurkeztu
izana. Eta doktore baten aurrean abade batek pisu gutxiago eduki
arren, Azkuek irabazi zuen katedra hura. Hurrengo urrian klaseak ematen
hasi behar zuenez, uda horretan Azkuek gramatika zehaztuago bat
osatu zuen, ikasleentzat irakurgai batzuk bildu zituen, eta hori
guztia Aldundian aurkeztu eta urrian euskarazko klaseak ematen
hasi zen Bilboko institutuan. Goizeko seietan ematen zituen klaseak,
beraz kontuak atera nor joango zen ordu haietan! Dena den, lehenengo
urtetik Azkuek 20-25 ikasle izatea lortu zuen. Nagusiak ziren
guztiak, eta haietako batzuk gerora famatuak izango ziren: Arriaga,
Rochelt.. Bilboko burgesiakoak izan zituen bere inguruan. Hori
zela eta Azkue berehala egin zen ezagun Bilbon. Aita karlista
peto-petoa, hasiera batean Azkuek berak karlista kutsua eduki
zuen, baina politika alde batera utzi zuen. Bere kezka bakarrak
euskararen ingurukoak izan ziren.
-Kezkak aipatu
dituzula, katedran hasi eta gutxira argitaratu zuen ‘Euskal Izkindea’,
euskaraz idatziriko lehen euskal gramatika. 1891an argitaratu zuen
Euskal Izkindea, obra benetan mardula. Hitzaurrean eskerrak
ematen zizkion bai Aldundiari gramatika egiteko aukera eman ziolako,
bai amari harengandik euskara eta euskal kulturarako maitasuna
jaso zuelako, baina gehienbat esaten zuen arazoak izan zituela
gramatika osatzeko ez baitzegoen euskaraz gramatika irakasteko
hitzik, eta haietako asko asmatu behar izan zituen. Gerora, egindakoaz
damutu eta "gaztaroko pekatu bat" izan zela aitortuko
zuen. Gramatika hura pedagogikoki euskara ikasteko metodo ona
ez zela onartuko zuen, hitz berri asko ulertezinak zirelako eta
hasiera batean hitz berrien alde agertu zen arren (teknikarako
beharrezkoak zirelako eta Sabino Arana ere horretan ari zen beste
bide batetik), hori ez zela jendeak ulertuko zuen euskara eta
maileguak hobetuko zituen. Euskal Izkindea-rekin batera,
urte berean klasetarako Bein betiko liburua atera zuen
irakurgaiekin. Oso kuriosoa izan zen, liburu hura bi euskalkitan
idatzi baitzuen: berak uste zuen bizkaiera batuan eta lekeitiarrez.
Antoine D’Abbadieri zuzendurik zegoen obra hura. Euskara baturako Azkuek proposatu
zuen lehen elementua zen ortografia. Hau da, euskara batua egiteko
ortografiatik hasi beharra zegoen. Hain zuzen, Arana bere aldetik
ortografia eredu bat lantzen ari zen eta urte berean harena eta
Azkuerena atera ziren. Bien artean istilu handiak egon ziren hura
zela eta, baina azkenean Aranak proposatzen zuena onartu zen.
Euskaltzaindia sortu zenean ere lehenengo argitalpenetan Aranaren
ortografia erabili zen. Azkuek amore eman zuen, nahiz eta Aranak
proposaturiko zenbait gauza gerora aldatuko ziren. Ortografia izan zen Azkueren
eta Aranaren arteko gatazkaren muina. Hendaian eta Hondarribin
antolatu ziren bileretan tentsio handia egon zen bien artean.
Ortografia batua adosteko asmoz, Iparraldekoak eta Hegoaldekoak
bildu ziren Hendaian. Batzar hartara Sabinok bere aldeko guztiak
eraman zituen, eta Azkue izugarri haserretu zen. Halako inposiziorik
ez zuela onartzen zioen, leialki eztabaidatzera joan zirela hara
eta modu horretan soilik onartuko zuela bertan erabakitakoa. Bilera
hark, beraz, ez zuen ezertarako balio izan. Hondarribian bilduko
ziren gerora, baina biltzar hartatik ere ez zen ezer atera. Sabinorekin
haserreak linguistikoak bakarrik izan ziren. Bestela, bien artean
nahiko ondo konpontzen ziren. 1914 inguruan Azkuek gutun batean
dio "soy nacionalista gracias a Sabino". Onartzen ez
zuena zera zen: Euskadi hitza, ez "s"z ezta "z"-z
ere. 1918an Bilbon musikari buruz eman zuen hitzaldi batean oinarrituz
egindako argitalpen batean, "mi patria no es Euzkadi, mi
patria es Euskal Herria" zioen Azkuek. Berak Sabinok baino
zabalago ikusten zuen Euskal Herriaren batasuna. Sabinok "Bizkaia
por su independencia" eta halakoak erabili ohi zituen, eta
bere Euzkadi Bizkaia zela ematen zuen nahiz eta gero horrela pentsatu
ez. Abertzalea, euskaldun petoa eta Euskal Herria osoa nahi zuen
bateratu Azkuek, eta "Zazpiak bat" beharrean Euskal
Herria izena erabiltzen hasi zen. Urte haietan Azkuek gauza izugarriak
egin zituen.
-Haietako bat
Euskal Hiztegia hiru hizkuntzatan. Arana hil ondoren,
Gabriel Maria Urkixok (Julioren anaia eta Bizkaiko Aldundiko presidentea)
Euskaltzaindia sortzeko asmoa agertu zuen. 1905ean egin zuen proiektu
bat, baina Gipuzkoako Aldundiak onartu bazuen ere Arabakoak ez.
Iruñean Arturo Campion proiektuaren alde zegoen, baina
han ere horretan geratu zen. Kontua da garai horretan Azkue
Aldundiaren baimenarekin katedratik eszedentzia eskatu eta herririk
herri ibili zela. Bere ordez Ebaristo Bustinza "Kirikiño"
jarri zuten katedran. Lehenengo hiru urteetan gizonezkoak bakarrik
ziren katedrara aurkezten zirenak, baina hara non 1896 inguruan
andreak ere agertzen hasi ziren. Azkuek ez zuen emakumeekin ezer
jakin nahi. Ez zituen bere klaseetan onartzen, matxista hutsa
zen horretan, eta erabaki salomoniko bat hartu zuen: berak gizonak
hartuko zituen eta Kirikiñok andreak. Baina eszedentzia
eskatu zuenean, Kirikiñok ikasleak bildu egin zituen eta
guztiei eman zizkien euskarazko klaseak. Baina goazen harira. Esan bezala,
Azkue Euskal Herri osoan herriz herri kantuak, hitzak, ipuinak,
denetarik biltzen hasi zen. Gainera, Bizkaiko Diputazioari hiztegia
ateratzeko laguntza eskatu zion. 1905-1906an argitaratu zuen Toursen
Euskal Hiztegia hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz
eta frantsesez. Orain arte egin den hiztegirik ederrena izan da,
hiztegi historikoa. Altxor izugarria da, Euskal Herri osoko hitzak
biltzen ditu. Pertsona baten bizi osoa betetzeko lana da. Azkueren
hiztegia gauza garrantzitsua izan da euskararen historian.
-Hiztegia argitaratu
ondoren, Azkue musikan buru belarri sartu zen, ezta? Kantutxo batzuk argitaratu
zituen: eliz kantak, herri kantak... 1901ean hitzaldi bat eskaini
zuen euskal musikari buruzkoa eta adibideak eman zituen. Kantuak
biltzen zebilela hara non Bizkaiko Aldundiak 1912an lehiaketa
bat atera zuen euskal kantutegi bat saritzeko. Hiru pertsona bakarrik
aurkeztu ziren. Batek izen gabe kantu bakarra aurkeztu zuen eta,
noski, kanpoan geratu zen. Beste biak Azkue eta Aita Donostia
izan ziren. Aita Donostia Azkue baino 22 urte gazteagoa zen, eta
Lekarozen zegoen fraide kaputxino. Azkuek 2.000 kantu inguru aurkeztu
zituen, eta Aita Donostiak 400. Musikariek diote Aita Donostiak
gutxiago aurkeztu arren, kantu haiek Azkuerenak baino euskal kutsu
handiagoa zeukatela. Izan ere, Azkuek dena bildu zuen inolako
aukeraketarik egin gabe. Dena den, Azkuek eraman zuen lehen saria
eta Aita Donostiak bigarrena. Azken horren kantutegia 1920an argitaratu
zen. Azkuek, berriz, bildutakoa laburtu eta 2000 beharrean diputazioaren
kontura 1.001 kantu argitaratu zituen. Kantutegi zoragarria da,
eta 1922tik 1925era argitaratu zen. Kantuen artean Mari Carmen
Aberasturi amarengandik jasotako kantu pila bat daude. Kantu haiek
biltzeko Azkue zahar etxeetara joaten zen, eta garai haietan grabatzekorik
ez zegoenez unean bertan idazten zituen. Tartean Azkue Frantziara joan
zen. Toursen Euskal Hiztegiaren probak zuzentzen ari zelarik,
Parisera osteratxoak egiten zituen. Parisen beste bi musikari
handiekin egon zen: Jesus Guridi eta Jose Maria Usandizaga. Hirurak
bildu ziren pentsio berean, eta Guridi eta Usandizaga pixka bat
haserre zebiltzan. Ordurako Azkue abade adintsua zen, eta beste
biak gazteagoak izanik kontrolatzen zituela uste zuten. Dena den,
Azkuek ez zuen denbora askorik egiten han, probak zirela eta Toursen
igarotzen baitzituen egun gehienak. Usandizaga 1905ean itzuli zen
Donostiara eta Azkue eta Guridi Bruselara joan ziren musika ikasten.
Azkuek bazuen Parisera joateko arrazoirik: 1896an musika kongresu
bat egon zen Bilbon, eta bertan egon ziren Paristik eta Alemaniatik
etorritako hainbat musikari handi. Azkue haiekin harremanetan
egon zen, batik-bat Charles Bordesekin. 1897an Donibaneko euskal
tradizioaren jaiak egin ziren, eta bertan Bordesekin zuen adiskidantza
sendotu zuen Azkuek. Charles Bordes frantsesa zen, baina hango
gobernuak Euskal Herrira bidali zuen euskal kantuak biltzera.
Bordes Parisko Schola Cantorumeko irakaslea zen. Bertan gregorianozko
hainbat gauza argitaratzen zituzten, eta haren aholkuz joan zen
Azkue Schola Cantorumera joan zen. Handik Bruselara joan zen ikastera,
eta ondoren Koloniarantz abiatu zen Guridirekin batera. Alemanian
1909a arte egon zen Azkue. Han Daniel oratoria konposatu
zuen, Lamindano gerora Andre Urraka izango zen sinfonia
kantatua landu zuen, eta beste gauza asko egin zituen Kolonian. Bilbora itzuli zenean Katedrarekin
arduratu zen berriro, musika biltzen jarraitu zuen, etnologia
ere lantzen hasi zen... Ahal zuen guztia egiten zuen Euskal Herri
osotik. Guridik eta Usandizagak 1910ean estreinatu zituzten Bilbon
bi euskal opera: Guridik Mirentxu eta Usandizagak Mendi-Mendiyan.
Azkuek hura ikusi zuenean zurtz eginda geratu zen. Musikari biek
esan ohi zuten ez zituztela herri doinuak erabiltzen nahiz eta
haietan oinarritzen ziren. Azkuek, aldiz, bete-betean euskal doinuak
hartu eta Anboto opera idatzi zuen. 1911an estreinatu zuen
lehen zatia eta jende dezente joan zen. Kritikoek, ordea, wagnerianoegia
zela zioten. Eta egia zen, Azkuek izugarri miresten baitzuen Alemaniako
konpositorea. Arriaga antzokian Wagnerren opera bi ikusteko aukera
izan zuen Azkuek, eta Kolonian zegoelarik Wagnerren operak eman
zituzten tokietara joan zen. Wagner maite zuen Azkuek, eta
haren estilora egin zuen hurrengo opera: Urlo. Baina aurrekoa
ez bezala, opera hori desastre bat izan zen. Azkuek 25.000 pezeta
galdu zituen orduko diruan, eta horren desengainuz edo jesuita
sartzekotan egon zen. 20 urte lehenago tentaldi bera eduki zuen
Azkuek, baina ezin izan zuen desira hura bete ama bere kontura
baitzeukan. Lehenago Alfonso anaiak eduki zuen ama, baina Alfonso
hil eta Azkuek bere gain hartu zuen amaren ardura. Baina ama Urlo
estreinatu zuen urte berean hil zitzaion, eta berriro jesuita
joateko gogoa etorri zitzaion. Loiolarako bidean jarri zen bere
adiskide min Txomin Agirrerekin, baina Txominek zera esan zion:
lehenengo zorrak ordaindu eta jarraitu euskararekin. Beraz, buelta
eman, Bilbora itzuli eta adiskide aberatsak zituenez operaren
zorrak kitatzea lortu zuen.
-Eta
orduantxe hasi zen Euskaltzaindia sortzearen alde lan egiten.
Gabriel
Maria Urkixoren proiektua pikutara joan zen arren, baina Azkuek
lanean jarraitu zuen. 1918an Bizkaiko Aldundiak Euskaltzaindia
sortzeko proposamen berria egin zuen. Oñatin 1918an egin
zen Eusko Ikaskuntzako lehen biltzarrean Txomin Agirre zen linguistikako
buru eta hiru aldundien babesarekin Euskaltzaindia sortu zen.
Bertan lehen lau euskaltzainak izendatu zituzten: bi bizkaitar,
Azkue eta Julio Urkixo; nafar bat, Arturo Campion; eta gipuzkoar
bat, Luis Eleizalde. Hurrengo urtean, hamabi izan behar zirela
eta beste zortziak izendatu zituzten: Agirre, Brussaint, Adema,
Etxegarai, Agerre, Eguzkiza, Olabide eta Landhe. Baina Txomin
Agirre hil zen 1920an eta haren ordez Sebero Altube izendatu zuten.
Brussaint ere hil zen eta haren lekuan Lakonbe jarri zuten. Agerrerekin
gauza xelebre bat gertatu zen. Agerre nafarra zen, eta Iruñea
utzi eta Sevillara joan zen. Azkuek esan zion: "el que fue
a Sevilla perdió su silla". Haren tokia beste nafar
batek, Intzak, bete zuen. Musika alde batera utzita,
Azkuek Euskaltzaindira zuzendu zuen bere lana. Hain zuzen, Akademiako
presidente izendatu zuten eta hil arte izan zen euskaltzainburu.
Euskaltzaindiaren barruan izugarrizkoa bultzatzen hasi zen Azkue.
Bere agindupean zeuden guztiak jarri zituen lanean. Oraindik amaitzeko
zegoen ortografia arautegiari ekin zion berriz, euskara batuaren
bideak zabaltzen hasi zen, kongresuak antolatzen, Euskaltzaindiko
ohorezkoak izendatzen, urgazleak ere izendatzen... Hor hasi zen
Euskaltzaindia inoiz pentsatu ez zen moduan mugitzen.
-Euskaltzainburu
izendatu arren, Azkuek ez zion bidaiatzeari utzi. Gainera, urte
haietan Bonaparteren lana biltzen hasi zen. Bai, urte haietan Azkue
Alemaniatik eta Ingalaterratik mugitzen hasi zen. Toursen zegoelarik
jakin zuen Chicagoko liburutegi batek Luis Bonaparteren biblioteka
erosi zuela. Eskuizkribuak, baina, Londresen geratu ziren eta
Azkuek alargunak dokumentuak saldu nahi zituela jakin zuenean,
hara joan, ikusi, zerrenda bat egin eta Gipuzkoako Aldundira bidali
zuen. Egin zuenagatik Bizkaiko Aldundia haserretu egin zen, hiztegia
kaleratzeko haiengana jo zuelako baina Bonaparteren lanetara haien
laguntza eskatu ez zuelako. Beraz, hiru Aldundiak (Nafarroa barne)
ados jarri ziren eskuizkribuak erosteko eta Azkuek Euskal Herrira
ekarri zituen. Bonaparteren lanak euskalki guztiak biltzen zituenez,
Karmelo Etxegarai Azkueren lagun minak, Arturo Campionek eta hirurek
euskalkiak sailkatu eta pilo bakoitza zegokion Aldundiari bidali
zioten. Dokumentuen parte handi bat eskuratu bazuen ere, Bonaparteren
eskuizkribu batzuk Collins izeneko baten eskuetan geratu ziren. Bonapartek 120 liburu zeuzkan
euskaraz argitaraturik. Testu biblikoak ziren gehienak, Bonaparteren
aginduz itzulitakoak. Nik hiru Aldundien baimenarekin dokumentu
guztiak Bergarako Iragin mikrofilmatu nituen, eta bakoitzari bere
orijinala eta denen kopia mikrofilmatua eman nien beste bat Azkue
bibliotekara ekarriz.
-Kantutegia
eta Euskal Hiztegia, Azkuek egindako lan handietako bi aipatu
dituzu orain arte. Euskaltzandia sortu ostean, baina, beste obra
garrantzitsu bi osatu zituen: Euskalerriaren Yakintza eta Morfologia
Vasca. Tartean ipuinak, Ardi
galdua, euskalkiak ikasteko metodoak argitaratu zituen, baina
euskara serioski ikasten hasi zenean (eta, horretarako, Euskal
Herri osoan galdeketa batzuk egin zituen lexiko, morfolgia aldetik),
Morfologia vasca kaleratu zuen. 1925an izan zen hori. Morfologia
vasca gramatika oso bat da, 800 orri inguru ditu. Euskara
batua zela eta, Azkuek proposamen bat egin zuen: Gipuzkera
osotua. Horren arabera, gipuzkera ardatzatzat harturik gainontzeko
euskalkiekin aberastu behar zen. Euskaltzaindiak gerora onartu
ez duen proiektua, guk uste dugulako euskalki guztiak parean hartu
behar direla. Bestalde, Azkuek 70 urte zituelarik
bizian zehar bildu zituen datu guztiekin Euskalerriaren Yakintza
atera zuen lau tomotan. Hura izan zen Azkueren azken lana. Bera
bizi zelarik atera zen edizioa, 1935-1947 urte bitartean, eta
ordutik beste bi argitalpen egin dira. Euskalerriaren Yakintza
altxor izugarria da. Bertan Azkuek etnologiazko hainbat gauza
bildu zituen: atsotitzak, ipuinak, metereologiako kontuak... Herri
jakintza bildu zuren hor. Azkueren lanak lau zutabe izan zituen:
hiztegia, kantutegia, gramatika-morfologia, eta Euskalerriaren
Yakintza. Ez da inoiz egon Euskal Herrian, eta, nik uste,
ezta egongo ere Azkuek beste lan egingo duena euskararen eta euskal
kulturaren alde.
-1951an hil
zen Azkue, gertaera bitxi baten ondorioz.
Gauza
xelebrea izan zen hori. Azkue goizean goiz joaten zen etxetik
lanera, San Nikolasetik Erriberara, garai hartan bertan kokaturik
baitzegoen Euskaltzaindiko egoitza. Ordu batak arte egon ohi zen
Erriberako bulegoan, gero etxera joaten zen bazkaltzera (laguntzaile
bat zuen horretarako) eta hirurak aldera bueltatzen zen lanera.
Campo Volantinen bizi zen Azkue, eta etxean ez zeukan ez irratirik
ez ezer nahita, zarata gehiegi egiten zuela eta berak kontzentraturik
egon nahi zuelako. Neguan arratsaldeko 8:30ak arte egoten zen
Erriberan. Istripua gertatu zen gau hartan (urriaren 26an izan
zen hori), ohi bezala erreka ertzetik etxerantz abiatu zen Azkue.
87 urte zituen ordurako Azkuek eta adin horrekin seguru asko ez
zuela ikusmena behar bezala izango; kontua zera da: gaur hartan
laprast egin eta errekara erori zen Azkue. Une hartan handik gertu
zegoen gizon batek Azkue errekara erortzen ikusi eta errekara
salto egin zuen hura salbatzeko. Gerora nik gizon harekin hitz
egiteko aukera izan nuen, erdalduna zen bera, eta errekara erori
zenean Azkue "hizkuntza arraro batean hitz egiten edo otoitz
egiten zegoela" kontatu zidan. Noski, berak ez zekien euskaraz
ari zenik. Baina xelebreena zera izan zen: gizon hura Azkuerengana
hurbildu zenean honek "utz nazazu bakean, badakit igeri egiten
Lekeitiokoa bainaiz" erantzun zion. Ausardia eduki behar
da halako erantzuna emateko! Azkue bere oinez atera zen errekatik,
baina zoritxarrez urloiak edan zituen, ospitalean ez zioten sabel
garbiketarik egin eta infekzioaren ondorioz hil zen azaroaren
9an. Hil zen momentuan Azkuek Federiko Krutwig (Azkueren lagun
mina, Gerra ostean Euskaltzaindia martxan jartzen lagundu zion)
eta ikasle bi (haietako bat Jorge Villa zen, eta bestea Santiago
katedralean organo jole zebilena) zituen ondoan. Azkuek bere idazkari
pertsonala Gregorio Maidagan eta Jorge Villa izendatu zituen bere
oinordeko. Villaren esku musika paper guztiak utzi zituen, eta
hark bere etxera eraman zituen lan haiek. Derion lurperatu zuten
Azkue, baina handik urte batzuetara bere hezurrak hartu eta Lekeitiora
eraman zituzten. Gaur egun bertan jarraitzen dute, Andra Mari
elizan.
-Azkue hil
zenetik 50 urte bete direnean Euskaltzaindiak, Lekeitioko udalak
eta Eusko Ikaskuntzak omenaldi bat egingo diote. Halako ekitaldiak
beharrezkoak dira belaunaldi gazteek haren obraren berri izan
dezaten? Beharrezkoak dira,
baina ez edozein omenaldi. Hemen larregi egiten dira, eta bigarren
mailakoak dira askotan. Ondo dago gure kulturan giltzarri izan
diren pertsonak gogora ekartzea, geure esker ona adieraztea eta
bide batez jende gazteari haien berri ematea. Baina ezin gaitezke
"omenalditis"-ean erori, eta hori askotan gertatzen
da hemen. Badirudi edozeini egin ahal zaiola omenaldi bat, eta
hori ez da kontua. Bestalde, gaur egungo gazteriak
ez daki ezer. Jende askok ez du gure kultura ezagutzen, eta okerrena
zera da: pertsona ikasiek ez dakitela jende arruntak baino askoz
gehiago. Alde horretatik, beraz, omenaldiek ezagutza zabaldu dezaketen
neurrian beharrezkoak dira, baina selektiboa izaten jakin beharra
dago. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra
Euskonews & Media 143.zbk
(2001/11/9-16)
|