A, B, D, ... "H"? Hirueletasuna irakaskuntzan
* Traducción al español del original en euskera
Ines M. Garcia Azkoaga

Lehendabiziko hiru hizkiekin ezagutzen ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko eta, baita ere, Nafarroako Foru Erkidegoko eremu batzuetako eskoletan indarrean dauden hizkuntza ereduak. Gure ingurua elebiduna izanik, irakaskuntzak gureak diren bi hizkuntzen ikasketa bermatu behar du.

A ereduak, gaztelaniazko irakaskuntzan oinarriturik, euskara irakasgai bezala bideratzen du. B ereduan, euskararekiko eskakizuna areagotuz, euskara ez ikasgai gisa soilik, curriculumaren beste materiak ikasteko komunikazio hizkuntza moduan ere erabiltzen da. Azkenik, D ereduan euskara da ikastetxearen hizkuntza eta irakaskuntzarako tresna, gaztelania ikasgai bezala ikasten delarik. Eta "H"? zer da "H"? Irakaskuntzarako aukeratzen den hizkuntza ereduen artean oraindik ez dago horrelakorik; halere, horrela izenda genezake azken urte hauetan hainbat ikastetxetan abian jartzen ari diren hirueletasunaren eredua.

Gaurko gizarte honetan gero eta konplexuagoak diren nazioarteko harremanetan eroso mugitzeko, oso lagungarri dugu kanpoko hizkuntzaren bat ezagutzea. Dagoeneko ez da nahikoa euskara eta gaztelania jakitea; lanerako, ikasteko zein beste zeregin askotarako beharrezkoa dugu hirugarren hizkuntzaren bat ezagutzea, eta batzuetan, baita laugarrenen bat ere.

Premia horiek, erronka berri baten aurrean jarri dituzte ikastetxeak, eta ingelesa edo frantsesa moduko hirugarren hizkuntzen irakaskuntza berria ez bada ere, orain materia curricular batzuk horietako kanpoko hizkuntzaren baten ikasteko aukera aurki dezakegu. Hortik hirueletasunarena.

Baina zein hirueletasun mota? Hemen ez dago eredu bakar eta berdin bat ezartzerik ikastetxe guztientzat. Bakoitzak berezko izaera du, eta hori errespetatu egin behar da. Horrelako proiektu baten murgildu aurretik, ikastetxe bakoitzak argitu beharko du proiektua nola bideratuko duen, noraino heldu nahi duen eta zeintzuk diren bere helburuak, zein hirueletasun mota bilatzen duen azken finean. Trebetasun berdina hizkuntza guztietan? Ama hizkuntza bat izanik, komunikatzeko gai izatea beste bietan? Zein maila lortu behar du ikasleak bigarren eta hirugarren hizkuntzetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilerra bukatzen duenean?

Erabaki horiek ikastetxe bakoitzaren eskuetan egon behar dute. "H" deitu diogun horrek izan ditzake gutxienezko ezaugarri batzuk, baina hortik aurrera, ikastetxe bakoitzak zehaztu beharko ditu bere helburuak edo bere helmugak non dauden edo nolako ikasleak gizarteratu nahi dituen, edo zer egin dezakeen, edo noraino garatu nahi duen proiektua. Ez dago, beraz, eredu bakar edo bateratu bat guztiontzat.

Erronka handia da benetan. Horrelako egitasmo batek goitik behera eragiten du ikastetxean, eta hainbat oztopo gainditu behar dira aurrera eraman ahal izateko. Besteak beste, hizkuntzen irakaskuntzarako metodologiari dagozkionak, departamentuetan lana egiteko erari dagozkionak, lekuak egokitzen eta materialetan edo irakaskuntzan erabili daitezkeen teknologia berrietan inbertitzeko beharrari dagozkionak, ikasleen arteko gaitasun ezberdintasunari dagozkionak, e.a. Baina guztien artean, bat da, behar bada, garrantzitsuena, irakasleen prestakuntzari dagokiona; irakasle elebidunak edo eleanitzak behar dira, baina baita irakatsi beharreko gaiari buruz dakitenak eta irakasten dakiten irakasleak ere.

Garbi dagoena da ezin dela elebitasuna edozein modutan eta edozein irizpideekin aurrera eraman, emaitza onak nahi baditugu, ondo pentsatu behar da nola bideratu prozesu hori guztia.

Zailtasunak zailtasun lehendabiziko pausoak ematen hasiak gara, hor ditugu 1991etik aurrera hainbat eskola eta ikastoletan hirugarren hizkuntza Haur Heziketatik sartzeko egiten ari den lana, edo ikastetxe pribatu batzuetan 1992 1993 ikasturtean abian jarritako eta aurrera doan hirueletasunaren proiektua, edo beste ikastetxe batzuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasgai batzuen irakaskuntza ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz bideratzeko egiten ari diren ahaleginak.

Dena dela hastea ez da zailena, oztoporik handiena gainditzeke dago. Oraingoz egin diren ahaleginak kontuan harturik, ez da ezagutzen eskolarizazio osoa biltzen duen hirueletasun programarik. Esate baterako, ikusteko dago nola egiten zaion aurre unibertsitatean sartzeko azterketari, programa hauek nolako ikasleak kaleratzen dituen batxilergoa bukatutakoan, e.a. Oraindik ezinezkoa da hori neurtzea. Neurtu daitezke, aldiz, prozesuaren erdian lortzen diren emaitzak eta horiek ezagutzea, zalantzarik gabe, interesgarria izan daiteke aurrerantzean eman beharreko pausoak hobeto aztertu eta bideratzeko.

Zalantzak eta galderak ere ohikoak dira, eta horien artean irakasleek agertzen duten bat da ea kontzeptuak berdin bereganatzen ote diren ikasketa hizkuntza baten edo bestean eginez. Sarritan, baina, irakasle horiek elebakarrak izaten dira.

Halere, hartutako bidea hor dago, eta hiru hizkuntzatan ikasketak egitea, zaila bezain onuragarria izan daiteke. Zaila, ikusi dugun bezala, ikastetxearentzat suposatzen duen esfortzuagatik; onuragarria, ikusiko dugun bezala, ikaslearentzat. Alderdi linguistikotik begiratzen badiogu, jakina da hizkuntzak ikasteko modurik emankorrena hizkuntza horietan ikastea dela; azpimarragarria da, bestalde, kontzientzia metalinguistikoa indartzeko duen balioa, eta hori lagungarria izan daiteke hizkuntza guztien funtzionamendua hobeto ulertzeko; Gainera, umeak bereganatzen dituen gaitasun guztiak baliagarriak dira gero laugarren edo bosgarren hizkuntzaren baten ikas prozesuan. Onura kulturalak ere aipa daitezke, hizkuntza bat baino gehiago ezagutzeak zabalagoak eta toleranteagoak egiten baititu ikasleak. Azkenik, hor ditugu onura kognitiboak ere, besteak beste abstrakzio eta kontzeptualizaziorako gaitasun handiagoa, e.a.

Hezkuntza hirueleduna guretzat nahiko berria eta oraindik mugatua den arren, ez gabiltza ezer asmatzen; beste lurralde batzuetan aspaldi hasi ziren bide hau urratzen eta ez doakie hain gaizki. Gainera, zergatik egin uko hiru edo lau hizkuntza ezagutzeari gizakiak ahalmen hori baldin badu?


Ines M. Garcia Azkoaga, Erain eta Eskibel ikastetxeak, Donostian
Bilboko "Botica Vieja" Institutuan ikasturte honetan esperimentalki abian jarri den programa
Argazkiak: Erain Ikastetxeko webgunetik atera dira, ikastetxeko boletinean daude argitaratuak


Euskonews & Media 132.zbk (2001 / 7 / 20-27)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved