Herritarrak antzezle
* Español
Juan Aguirre

2000. urteko udan, Eusko Ikaskuntzak Dulantzin ikuskizun bat antolatu eta zuzentzeko gonbita luzatu zidan, herrixka arabar horretan 1834ko urrian karlisten eta liberalen artean izandako borroka krudelaren gertakizun historikoa islatuko zuena. Hilabete batzuk geroago, Orioko Udalak Iñake Irastorza zuzendariarekin batera azken euskal balearen harrapaketaren mendeurrena ospatzeko ekintzak antolatzeko eskatu zidan, efemeridea berreraiki eta antzezteko. Kasu batean zein bestean, herritar boluntarioek egin zituzten aktore lanak, eta udalerri bakoitzeko Herriko Enparantzak izan genituen antzeztoki.


Alegría-Dulantziko bataila.

Aipaturiko bi esperientzia hauek gogoan oraindik fresko dauzkadala, eta eskuartean hirugarren proiektu bat izanik, herrixkek sustatutako teatralizazio historikoei buruzko antzezlan herrikoien ezaugarri nagusiak biltzen saiatuko naiz, gure artean gero eta gehiago hedatzen ari den fenomenoa izaki.

Bi antzerki herrikoiak. Antzerkien Urriko hasierako saiakerak, Piscator-en Berliner Volksbühne edota Max Reinhardt-en Grosses Schauspielhaus-ak nahiz azken gerraosteko Jean Vilar-en Théâtre National Populaire-n kasuak aurrean ditugula, ideia demokratiko eta sozialistak hedatzen joan ahala, antzerkiak funtzio sozial bat bete behar zuela ikusi zen, eta derrigorrean jantzia izan beharrik ez zuen jendeari historiako eta egungo gai nagusiak modu epiko eta ikusgarri batean aurkeztu behar zitzaizkiola. Korronte hau Antzerki Herrikoi gisa ezagutzen da, XX. mendearen hiru laurdenak hartzen ditu, eta arte eszenikoa bultzatu duten talde eta profesionalen jatorria izan zen.

Baina antzerki herrikoiaren ikuskizunen bati buruz ezer entzuten dugun bakoitzean, aldi baterako aktoreen multzo handi batean (beste lanbide batzuk dauzkan herriko jendean) eta espazio zabaletan pentsatzen dugu, edo ohiko antzokiak baino leku handiagoetan, eurek asmatutako edo beren tradizioetan oinarritutako emankizun bat antzezten. Horrela, arte dramatikoa festa eta folklorearekin nahastearen ondorioz, maskaradak, parodiak, pastoralak, Pasioak, inauteriak, Pizkunde garaiko Judasen epaiketak eta zenbait alarde sortzen dira Antzuolako alardea datorkit gogora, Errege mairuaren errendizioarekin .

Gure geografiako hiri eta herrixketan ikus daitezkeen emankizun gehienak, funtsean, bigarren definizioarekin daude lotuta, baina hala ere zenbait zehaztasun egin beharko lirateke Antzerki Herrikoiaren adierazpen hauek sustatzen dituzten korporazioek finkatzen dituzten helburuen inguruan.

Ondare ukiezina. Ekonomiaren terziarizazio prozesuaren aurrean, elkarte lokalek beren zerbitzuak dinamizatzeko eskura dauzkaten baliabide guztiak erabili behar dituzte lan publiko handiekin lehian aritu ezin dutenek, batik bat . Udalerri batzuek oso espazio natural erakargarriak dauzkate, beste batzuek eraikin distiratsuak, beste batzuek berriz aurkikuntza arkeologikoak, eta beste hainbatek bertako airearen edo uraren kalitatea. Horrela, herrixka bakoitzak bere burua proiektatzeko erabil ditzakeen propietateak kapitalizatzeari ekiten dio.

Baina badira halako propietaterik izan ez, eta apustua beste ondare mota desberdin baten alde egiten duten herrixkak: historiaren inguruan, alegia. Eta, historia hori aditzera emateko, ba al da ikuskizun gisa antzeztea baino modu hoberik? Mirari bat dela (Obanos), herrixka baten kronika eta kondairak direla (Mungia), guda bat (Dulantzi), azken balearen harrapaketa (Orio)... Historiak ospea ematen die halako altxorrak gordetzen dituzten herritarrei, eta saritu egiten ditu bertakoen zein kanpokoen gozamenerako eskaintza kultural bat prestatzeko gai direnak. Halako ekintzak inbertsio iturri bat izanik, onurak lortzeko eta etorkizunari begira tradizioa bermatzeko baliatzen dira udalak iraganaz. Dramaturgoaren zeregina izango da efemeridearen irakurketa antzezleentzat aglutinatzailea eta ikusleentzat konnotatiboa izatea lortzea.


Alegría-Dulantziko bataila; errepresentazioko momentu bat.

Trataerari eta estiloari buruz. Gauza jakina da gizakiak bere berezitasunak sublimatzeko joera daukala, berezi izate soilagatik. Eta, berezitasun hori jendaurrean erakusteko modukoa izanez gero, ia sakralizatu ere egingo du. Herri baten ondare den gertakizun bat ex novo antzeztu behar duenak, lehenik eta behin, ikuspegi kritiko bat hartzeko zein arrazoi dauden azaldu beharko du, eta baita ere ikuskizuna oinarri jakin batean funtsatzen denean dauden material tradizionalekin. Hasieran kontu handiz ibili beharko da, eta baliteke hainbat oztopo gainditu behar izatea ere, baina bukaeran ulertu egingo da adierazi nahi den hori.

Dulantzin, karlisten eta liberalen arteko borroka odoltsua oinarritzat hartuz, gerraren inguruko drama guztia estetika zaindu baten bitartez antzezten saiatu ginen: uniformeak, kainoi eta fusileroak, banderak eta kantuak... guztia, bakearen poetikaren zerbitzura. Izan zen zintzoak eta gaiztoak bereiztu ez izanagatik dezepzionatuta gelditu zenik, baina hala ere ikusleek oro har ulertu eta eskertu egin zuten gaur egun dauzkagun hainbat kezka emankizunean islatzeko egindako ahalegina.

1901eko maiatzean Orioko uretan azken balearen harrapaketa eta heriotzaren mendeurrena, festa bat bailitzan prestatu genuen. Nolanahi ere, antzerkiak garbi utzi nahi izan zuen ospatu beharrekoa ez zela balearen beraren sakrifizioa (hori erabat bihozgabea izango baitzatekeen), baizik eta euskaldunok itsasoa mendez mende gehiegikeriaz esplotatu ondoren kontzientzia kolektiboa hartu dugula; alegia, Naturarekiko dugun harremanean, garai berriarekin batera, sentiberatasun berria ernatu zaigula.

Mezu konnotatibo honek ahalik eta herritar gehienak bildu behar ditu, eta horretarako parte-hartzaile guztiak egiaz eta praktikan egile gisa agertzen saiatu beharra dago. Lehenengo pausoak, jakina, dramaturgiaren erantzuleak emango ditu; izan ere, egitura bat prestatu ostean, helburu batzuk finkatuko ditu, dokumentazio historikoan nahiz bere sormenean oinarrituz, eta ondoren, egokitzat joz gero, ezaugarri lokalak gehituko dizkio: tradizio eta kondairak, esaera eta ohiturak, musika, bertso-paperak, kronikak, etab. Era berean, kulturaren ikuspegitik herriarentzat aberasgarri izan daitezkeen material berriak entsea daitezke (datorren irailaren 1ean izango den Dulantziko Gudua-ren bigarren ediziorako, dulantzitarren oroimenean dirauten kopla eta abesti berriak lantzen ari gara, edo, beste hitz batzuekin esateko, tradizioa ereiten).

Sormen kolektiboari lotutako beste alderdi bat, pertsonaiak aukeratu eta definitzearekin dago lotuta. Niri dagokidanez, denboraz ibiliz gero, pertsonaiak eta elkarrizketak entseguetan zehar zehaztea gustatzen zait, horrela aktoreen sorkuntza gaitasun guztia islatu ahal izateko, eta gauza bera antzezlan herrikoietan beti boluntarioen esku gelditzen diren beste alderdiei dagokienez: eszenografia, atrezzoa, antolaketa eta abar.

Estrategia hauetaz baliatuz, emankizuna, material eta kontzeptualki, herriak berak sortuko du. Nolanahi ere, erantzuteke gelditzen den nahiko galdera ohiko bat dago: benetan herrikoia al da profesional baten edo batzuen zuzendaritzapean prestatutako antzezlan bat?


Alegría-Dulantziko batailaren errepresentazioa.

Helburu hirukoitza. Batzuetan ezjakintasunagatik, eta beste batzuetan demagogiagatik, beti izaten da antzezlan herrikoi baten purutasun maila bertan parte hartzen duten profesionalen kopuruarekiko alderantzizko proportzionala dela dioenik Baina hori diotenek nahastu egiten dituzte tradizio itxiak, hau da, protagonista eta hartzaile berberak dauzkatenak, eta gaur egun sortzen diren ekimen guztiek definizioz daukaten funtzio hedatzailea. Behar adinakoa inoiz ez den arren, beharrezkoa den funtzioa.

Izan ere, jarduera hauek elkarbizitzarako duten probetxua gutxietsi gabe, udalerriek orokorrean epe labur eta ertainera onura zuzen nahiz zeharkakoak lortzeko inbertsio gisa ikusten dituzte. Eta, bistan da, festa-antzerki ekimen batek ahalik eta ikusle gehien bildu ahal izateko, funtsezkoa da teknikoek ere parte hartzea, hainbat alderdiren ardura hartzeko: argiketariak, eszena zuzendariak, gradak ipintzeko langileak, armazainak eta deialdiaren berri emango duten kazetariak.

Nire iritzian, antzerki herrikoiaren emankizun baten eraginkortasuna hiru faktoreren menpe dago: ohiki topalekua izaten den antzokia historia esanguratsu baten antzeztoki bihurtzeko gai izatea horrela nortasun kolektiboaren ezaugarri bizi bihurtuz ; herritarren arteko barne kohesioa bultzatzea; eta elkartea kanpoan aditzera emateko balio izatea. Hiru helburu hauek betez gero, ahalegin guztiek merezi izan dutela esan ahal izango da.


Argazkiak: Jose María Tuduri 

Euskonews & Media 131.zbk (2001 / 7 / 13-20)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved