Uztaritzetik
Kanborateko bide bazterrean, muino baten gainean, aurki dezakezu
XVIII- XIX. mendeetako eraikin multzo bat, Euskal-Herriko kulturgune
garrantzitsu izana, hortik atera direnaz geroz denbora haietan,
eskualde honetako eliza-gizon ala aitzindari gehienak, hots, Larresoroko
seminario ohia.

XVIII. mendeko
eraikinak.
Larresoroar batek, parrokiako notario
eta idazkari zen Jean Daguerre apezak zuen sortu ikastetxe hori,1733an.
Urte hortako apirilaren 29an, herriko jabe guzien biltzarrak erabaki
baitzuen seminario baten eraikitzea, bere kapera bereziarekin,
herriaren kondu eta gero horren ezartzea Daguerre apezaren eta
haren apez lagunen esku.
Ez ziren lan guziak bururatuak urte
hondarreko, baina etxea zen bezala harturik, irakasleek eta ikasleek
beren ikasketak abiatzeko doia leku izan zuten, 1733ko urte berean.
Handik laster, leku eskasez, Daguerre
apeza joan zen, zaldiz, Pariseraino, Baionako apezpiku berriaren
ezagutzak egiteko eta haren laguntza ardiesteko. Orléans-eko
dukearen gana hurbildu ahal izan zen horrela eta, jaun horri esker,
behar ziren obren egiteko doia diru eskuratu zuen.
1739an, Larresoroko seminarioan,
Daguerrek aterbetzen ahal zituen filosofiako eta teologiako ikasle
handiak eta laster ikastegiaren eragina heldu zen Baionako diosesaren
mugetarik harat, Akize eta Oloroekoetaraino. Ikasle berriak etorri
ziren Euskal Herri guztietarik, Iparraldetik bai eta Hegoaldetik.
Larresoroko maila guztiak iragan eta, berriz, Daguerrek berak
bidaltzen zituen edo Tolosako, Bordeleko eta Pariseko unibertsitatetara
edo berdin Zaragoza, Salamanka eta Coimbrakoetara.
1785eko otsailaren 25 ean hil zen
Jean Daguerre apeza eta kaperako aldare nagusiaren oinetan ehortzi
zuten.
1792k0 urrian, Frantziako elizaren
araudi zibilak finkatu zuen legearen ondorioz, eta Uztaritzeko
distrikaren administrariek beharturik, lege berria onartzen ez
zuten apez guztiek lekuak hustu zituzten, eta Larresoroko herriak
erosi zuen orduan ikastetxea.
1820ean berriz ireki
zen seminarioa eta orduan eraiki zuten gaur oraino osorik dagon
kapera berria, hemen gaindiko eraikin guti bezala estilo barrokoan
altxatua. Bere aitzineko ospea laster berreskuratu zuen Larresoroko
ikastetxeak eta haren aipamena hedatu zen bazter orotan. Maila
goreneko hezkuntza humanista ederra eskaintzen zitzaielako etxe
horretan, Lavigerie kardinalea iduriko ikasle anitz iragaiten
ziren Larresoron.

2001. urtean,
andeatzera ez utz!
Zorigaitzez, Frantziako Elizaren
eta Estatuaren Bereizte legearen ondotik, 1906eko abenduaren 18an,
Larresoroarren protestaren gatik, Baionako indar armatuek behartu
zituzten irakasle eta ikasleak lekuak hustera eta horrela Frantses
Estatua jabetu zen seminarioaz.
1914-1918ko gerla denboran, Jacquemin
medikuaren zuzendaritzapean, militarren ospitale bihurtu zen larresoroko
etxea eta gerla ondoan behin Pirinio Atlantikoetako departamenduaren
kondu hetikatuen eritegi handi eta gero, 1970ean, Baionako ospitalearen
gain zainetako erien artaleku.
1995ean ordea, Baionako ospitaleak
Larresoroko artalekua hesten du eta 2000. Urtean Larresoroko herriari
uzten dio ontasunaren jabegoa.
1995ean beraz sortu dugu elkarte
bat, Euskal Herriko Kulturgune nagusietariko bat izan denabi mende
luzeetan barna ez dadin sekulakotz gal.
Zorigaitzez, kaperaz bestalde hor
dauden horma zaharrek ez dukete interes handirik gaurregungo jabearen
arabera eta gure elkarteen proposamen guztiak baztertzen ditu.
Nahiz, Bordeleko Kulturgaien Zuzendaritzak
(DRAC) bere diru laguntza segurtatzen digun eta herriaren partehartzea
guztiz arina litekeen, ez dezakegu ardiets etxeko teilatu hondatuen
berritzeko baimenik.
Alta, antolatze hori baitezpadakoa
da.
Bestela, ez baldin badugu deus
elkarrekin egiten, Euskal Herriko ondarearen zati bat, interes
handiko eraikin multzo bat, historia eta kultura gune aberats
bat suntsituko da behin betiko.
Bibliografia
- Duvoisin C., 1861. Vie de
M. Daguerre, fondateur du séminaire de Larressore.
Vve Lamaignère.
- Goyhenetche J., 1995. Les
Basques et leur histoire. Mythes et réalités.
Elkar.
- Gure Herria, année
1926. Divers articles de cette revue consacrés
au Séminaire de Larressore.
- Haristoy P., 1884. Recherches
historiques sur le Pays Basque. Bayonne, Lasserre.
|
Jakes Mestelan/Nicole Bergara,
Larresoroko Seminarioraen Aideko Elkartea-Inthalatz 64480 Larressore-2001.04 |