Zumarragako
historiaren lehenengo urteak iskanbilatsuak izan ziren, dudarik
gabe. Lurralde hauek oso zailtasun handietan murgilduta
zeuden: orokorrean, Gaztela guda zibil gorrian zegoen, eta euskal
herri mailan, historiografiak "bando gerra" deitutakoan
murgilduta zeuden gure lurrak. Orduantxe, gure herriak Lazkaoko
Jauntxoaren (oñaztarren burua zen, eta horregatik goi-mailako
handikia) menpe ez geratzearren borrokatu zuen.
Zumarragaren
historian zehar izandako lehengo agiria,
hain zuzen, 1366an Gaztelako Koroa hartu nahi zuen Trastamarako
Enrikek Francisco López de Lazcano, Lazkaoko Jauntxoari,
Zumarragan zegoen monasterioa ematen zionekoa izan zen (1),
herriaren lehenengo eraikin ezaguna eta, halaber, parroki elizaren
aurrekaria. Horren bitartez, Lazkaokoak Pedro I. Errege ofizialaren
aurkako guda zibil eta krudelean eskaintzen zion laguntza ordaintzea
pentsatzen zuen.
Emate hori zumarragarrentzat
kaltegarria izan zen oso, alde batetik lehen klerikoei bakarrik
ematen zizkieten hamarren eta beste zerga batzuk ordaindu beharko
zizkiotelako Lazkao Etxeari, eta bestalde, bertako biztanleei
Lazkaoko Jauntxoa ez zela eliza zerga batzuk kobratzearekin konformatuko
pentsarazi zielako, baizik eta, garai horretan bizi zen guda zibil
krudelaren giroan, Lazkaokoak biztanleria erabat menperatu nahiko
zuela, bere jauregitik gertu zeuden beste herri hurbilagoekin
egin zuen bezala.
Biztanleen egoerak
ondorengo urteetan okerrera jo zuen, Gaztelako guda (Enrikeren
garaipena ikusi zuena) bukatu eta gero.
Txartze horren
ondorioz, 1383. urtean, inguruko biztanle ausartenak edo interesatuenak,
hiri babestu bat sortzearen eskaerarekin, Juan I. erregea zegoen
lekura abiatu ziren (koroaren menpe egon behar zuena), eta erregeak,
Segoviatik, 1383. urtean "Villa Real de Urrechua"
fundatzea erabaki zuen. Sortutako hiria jendeztatzera joan ziren
hogeita lau zumarragar eta ezkiotarrei, eta handik aurrera hiri
horretara bizitzera joango ziren pertsonei, segurtasun eta pribilegio
sorta bat eman zizkien horrela. Erregearengana joan ziren biztanle
horiek gizarte eta ekonomia arloan goi-mailakoak izan behar zuten;
argi dago ez zirela herriko biztanle umilenak izango.
Erregeak sortutako
hiria aprobetxatu nahiean, berarengana joan ez ziren zumarragarrek,
eta, ondorioz, pribilegio horiek ez zeuzkatenek, kolektiboki haietaz
baliatu nahi zuten, eta hori lortzearren, 1383.eko abendutik 1384.eko
martxora arte, Villarrealeko 24 biztanleekin batera Zumarragako
Andre Mariaren parrokiaren lurraldepean zegoen eremuan (goian
aipatu dugu, lehenengo monasterio hura ordurako parrokia zela)
Urretxuko biztanleek zeuzkaten mesedeak gozatzeko beharrezkoak
ziren pausoak eman zituzten.
Nahiz eta pauso
horiek erregeak berak 1386an berretsi, biztanleen bi nukleo horien
elkartzeak ez zuen arrakasta handirik izan, eta huts egite horretan
zerikusi handia izan zuten Bandoen borrokek, kontuan izanik, gainera,
Bando hauek Urretxuko udal boterearen barruan sartzera iritsi
zirela
Garai hartan
Gipuzkoako lurretan zeuden hiri eta herrien ermandadearen laguntza
izanik ere, zeina 1390. urtean Zumarraga – Urretxun bildu zen,
Zumarragak Lazkaoko Jaunaren pean jarraitu zuen, eta Villa Real
de Urrechua bera Erregeak emandako askatasuna galtzeko zorian
zegoela, itun bat sinatu zuten bi herri hauek Segura hiri handiarekin,
azken honen auzotasunean sartuz. Itun hau 1405eko uztailaren 15ean
Enrike III.ak eta 1407ko uztailaren 4ean Juan II. erregeek berretsi
zuten.
Baina elkartze
hori ez zen iraunkorra izango, ez baitzegoen gogoz eginda, baizik
eta gutxieneko askatasun batzuez gozatzen jarraitzeko, Segurak
leku hauetan bere lurraldetasuna zabaltzearen truke.
Horregatik, eta hiru herri horien artean iskanbila batzuk gertatu
eta gero, banandu egin ziren, Juan II. erregeak 1411ko martxoaren
26an berretsi zuen akordio baten bidez. Seguraren barne Ezkio
herriak jarraitu behar zuela eta Zumarraga herriak bai Urretxutik
kanpo, bai Seguratik kanpo geratu beharko zuela jarri zuen baldintza
gisa.
Aro berri bat
hasi zen orduan Zumarragako herriarentzako; batetik, Erregeak
fundatutako inguruko hirien babesetik kanpo geratzen zelako, eta
bestetik, Lazkaoko Jaunaren boterepean geratu zelako. Ondorio
hori aintzakotzat hartuta, oso zaila da Lazkaokoak Zumarragako
herria Segura eta Urretxu hirietatik kanpo geratu izanean zuzenean
edota zeharka eraginik izan ez zuela ukatzea, zeren handik aurrera,
eta hurrengo 250 urteetan Zumarraga bere menpera pasatu baitzen,
1660. urtera arte.
Zer gertatu zen
Zumarragan 1411tik 1660ra arte? Ez dakigu ziurtasun osoz, baina,
dauzkagun datuekin, zer gertatu zen jakiten saia gaitezke.
XV. mendearen
erdialdean, Zumarraga Juan Lopez de Lazcanoren eragin zuzenaren
pean zegoen, eta gero bere seme Martín
López de Lazcanoren pean. Horrela, Zumarraga, Lazkao Jauntxoek,
Areriako Alkate Nagusiak izanik, hartzen zituzten erabakiak obeditu
behar zuten herrien artean zegoen (2).
Geroxeago, 1470eko
martxoaren 21ean, Zumarraga Alkatetza Nagusiaren pean sartu zen
formalki, baina Alkatetza hau, formalki ere, 1411. urtekoarekin
konparatuz oso ezberdina zen, eta are gehiago hasierako Alkatetza
Nagusikoarekin konparatzen badugu.
Interesgarria izango
litzateke une honetan Gipuzkoako lurraldeaz edota Alkatetza Handiez,
eta, zehazkiago, Areriaz, datu batzuk ematea, Zumarragak XV. mendearen
erdialdean berarekin izandako harremanaz hitz egin baino lehen.
Gipuzkoako Alkatetza
Nagusiak usadiopeko lurraldean zeuden, Gaztelako erregegoa
baino antzinagokoak ziren eskubide eta erabileretan murgilduta,
eta lurralde hau tokiz tokiko jauntxoek babestuta zegoen.
Gipuzkoako lurraldeak
(Gipuzkoako probintzia ez zen XV. mendearen erdialdera arte eratu)
1200. urtean Alfontso VIII., Gaztelako erregea, bere errege bezala
hartu zuenean, hau eta bere ondorengoak lurraldearen jendeztatze
era kontrolatze politika bat prestatzen hasi ziren (politika hau
Nafarroako erregeekin hasita zegoen), hiri erreal sorta bat fundatzen,
zeintzuei bere jurisdikzioa aplikatzeko lurraldea eman baitzieten.
Horrela, Erregeek beren onerako mesede batzuk lortzen zituzten:
a) Lurraldetasuna kontrolatu
zuten.
b) Leku desberdinetako biztanleen
eskaerei irtenbide bat eskaini zitzaien. Biztanle horiek Jauntxoen
menpetik atera nahi zuten, hauek biztanleek lortutako fruituen
usurpatzaile zirelako.
c) Tokiz tokiko nobleziaren
boterea gutxitu zen. Erregeak babestutako hiriei emandako lurraldeekin,
gutxitu egiten zen lehen Jauntxoen pean zegoen usadiopeko lurralde
hori, eta, horrela, hauen diru-sarrerak ere gutxitu egiten ziren.
d) Gauzak horrela, lurralde
horiei ahalik eta mozkin ekonomikorik handiena aterako zitzaien.
Lehen, Jauntxoen menpean, biztanleek ez zuten kultibo intentsiborik
egiten, baina behin lurralde horien jabetasuna lortutakoan,
era horretan lantzen zuten lurra.
Villa errealak
sortzerakoan, usadiopeko lurraldea Sayaz, Aiztondo eta Areriako
Alkatetza Nagusiek hiri horien estatutu juridikoa lortu zutenean
agortu zen.
Alkatetza
Nagusiei oso azaleko azterketa bat eginik, esan behar da Erregearen
eskutik Alkate Nagusiaren titulua jaso zuen biziarteko zaldun
baten eskumen komunaren pean zeuden herriska desberdinez osatutako
udal eremuak zirela.
Dakigun bezala,
Alkatetza Nagusiek ez zuten hiriek zeukaten estatutua, eta haiengandik
askeak ziren. Dena dela, ez zeuden leinu landatarraren pean, baizik
eta erregearen lurraldetasunaren pean (horren pean sortzen zituen
erregeak hiriak), erregeak berak zuzenean izendatzen zituelako
Alkate Nagusiak.
Areriako Alkatetza
Nagusiaren kasuan, Alkatearen kargua, formalki erregeak izendatzen
zuen arren, 1461. urtera arte Lazkaoko Jauntxoek ondareztatu zuten.
Dena dela, ondareztatze horrek ez zuen Lazkaoko Jauntxoak zuzenean
aukera guztietan Alkate Nagusi izendatzen zirenik esan nahi, haiek
izendatutako pertsonen bidez zeharka jardun zezaketelako, aukeratutako
hauek karguaren jabeak izan ala ez.
Honen adibide
garbia da Ahaide Nagusiek (Gipuzkoako jauntxorik handienak, eta,
horien artean, nagusiki, Lazkaoko Jauna) Bando Gerra luzean izandako
istilu larriengatik XV. mendearen erdialdean Erregeari eragindako
haserre biziaren ondorioz, Enrike IV. erregeak Fontuño
de Anunzibay izendatu zuela Areriako Alkate Nagusi.
Honek 1460. urtean
kargua utzi zuen, ziur asko biztanleek konbentzituta, biziarteko
Alkate Nagusi batek lehen Lazkaotarrek urteetan zehar eragindako
gehiegikeriak errepikatzea ekiditeko asmoz. Horren ondorioz, 1461.
urtean pribilegio handi bat eman zien Erregeak Alkatetzaren pean
zeuden herriei. Pribilegio horren arabera, herriei urtero Alkate
Nagusi bat aukeratzeko ahalmena ematen zitzaien, eta gainera Alkatetzari
Donostiaren forua eman zion.
Baina garrantzizko
aldaketa formal honek ez zuen Lazkaotarrek Alkatetza Nagusiaren
gain zeukaten boterearen galera ekarri, eragin hori izaten jarraitu
baitzuten, nahiz eta ez lehen bezain modu zuzenean. Horren adibide,
Areriako Alkatetza Nagusiaren aginte-makilak Lazkaotarren Jauregian
jarraitu zuela dugu.
Biztanleek askatasun
handiagoa izateko pauso handi bat emanda zegoen, baina pauso horrek
gauzatze bat behar zuen, eta horregatik, barruko gobernuak nolakoa
izan behar zuen idatziz jarri zen. Horretarako, Alkatetza Nagusiaren
pean zeuden herri ezberdinen arteko tirabirak gainditu eta beren
arazoen konponketa bi adituren esku utzi ondoren, ordenantzak
prestatu zituzten.
73 kapituluz
osatutako dokumentu honetan, Alkatetza Nagusiaren antolaketa politikoak
nolakoa izan behar zuen arautzen zen. Horrez gain, beste arlo
batzuk ere sartzen ziren: nola aukeratu udal karguak (hauteskundeek
irailaren 29ro izan behar zuten); morala eta orden publikoa mantentzea,
elizatan mantendu beharrekoa barnei, eta ekonomia-administratibo
arloko neurri batzuk, Alkatetza barruan zeuden herri guztiei zegozkienak
(ordenantza guztian zehar, behin bakarrik ematen zaie herriei
beren kabuz erabakitzeko aukera: mintegi edo sagarrondo itxietan
sartzen baziren aziendak, lur zati horiek ixteko erak eta arauak
apurtzen zituztenei zigorrak jartzeko).
Alkatetza barruan
zeuden herriak kasu guztietan era uniforme batean tratatzen ziren,
salbuespen batekin: Arriarango herriak, bertako kargu publikoei
ordaintzeko unean, hautazko epaia baitzuen.
Alkatetzako lurraldeetan
kargu komunak, Alkate Nagusi bat, bi Alkate Arrunt, hiru Juratu,
Erregidorea, Eskribau bat, eta Probintziako Batzarretako Prokuradore
bat ziren.
Alkate
Nagusia herri guztien artean aukeratzen zen, eta kausa zibil eta
kriminalak epaitzeko ardura zuen (beste bi Alkate Arruntek ere
bazuten ahalmen hori), eta baita pertsona batentzako heriotz-zigorra
jokoan zegoen kausak epaitzeko ardura esklusiboa ere. Bestalde,
autoritaterik handiena zuen, zeina biztanleen artean banaketa
ekonomikoak egiteko, Prokuradore bat Batzar Nagusietara bidaltzeko,
edo guda kasuetan kapitain, alferiza eta bandera bidaltzeko erabil
baitzezakeen. Berari zegokion, halaber, bide eta lursail publikoak
mantentzea, galarazitako jokorik ez egiteko zaintzea, eta bileretara
deitzea (bilera horietan Zumarraga, Itsaso, Lazkao eta Gabiriak,
bakoitzak bi ordezkari zeuzkaten; Ezkio, Olaberria eta Arriaranek,
aldiz, bakarra zuten). Honetaz guztiaz gain, Alkatetzako herrietan
saltzen ziren elikagaiei prezioa ere jar ziezaiekeen; beste garai
batzuk kontuan harturik, produktu hauek ardoa, pattarra, haragia,
olioa eta kandelak izango ziren ziurrenik.
Alkatetzako
hiru Juratuek, diru gutxi zuten pertsonen interesak defendatu
behar zituzten, ofiziozko abokatuaren lanak egiten. Horrez gain,
Alkateek epaitutako pertsonei ezarritako zigorrak betearazi behar
zituen. Zigor hauek, askotan, isunekin ordaintzen ziren, eta beste
askotan, kartzelan sartzen zituzten; horregatik, kartzela Juratuen
etxean bertan zegoen. Beste batzuetan, ofizio batean lan egiteko
gaitasungabetze zigorra ezartzen zen, eta hainbat kasutan, erbesteratze-zigorra.
Zigor horiek betearazteko, Juratuari egindako edozein erresistentzia
zigor handiekin zigortzen zen; eta Juratuak, zigor horiek betarazteko
zabarkeriaz jokatuz gero, joandakoen isunak ordaindu behar izaten
zituen. Horretaz aparte, Juratuek Alkateek deitutako bilerak egingo
zirela ziurtatu behar zuten.
Erregidoreak
Alkatetzaren ogasun eta ekonomia arloa garatu behar zuen, batez
ere azokak zaintzen, salerosketetan inolako iruzurrik egon ez
zedin.
Merkatu-deliturik
komunenak hauek ziren: baimendutako salneurrian baino garestiago
saltzea, neurrietan iruzurra egitea, neurtzeko tresna faltsuak
erabiltzea, ardoak nahastea edo ardoari ura botatzea, ogiaren
iruzurrezko salmenta egitea, eta abar. Horretaz gainera, Erregidoreak
azokan saldu beharreko produktuen tasazioa egin behar zuen. Azkenik,
Alkateak egindako diru-banaketetan, dirua kobratu eta kontrolatu
behar zuen.
Lehenengo arautegi
hauek ikusi eta gero (Zumarraga Alkatetza Nagusian egon zen garai
osoan zehar egon ziren indarrean), gure herriak Alkate Nagusiaren
pean zegoen Alkate Arrunt bat izan zuela esan behar dugu. Alkate
Nagusi hau, Alkatetzaren pean zeuden zazpi herrien artean banatzen
zen, herri bakoitzak zazpi urtetik zazpi urtera izendatzen zuela
Alkate Nagusia.
Bestalde,
Zumarragak epe horretan Auzitegi edo epaiketak egiteko leku bat
izan zuen; horretarako, Alkatetza Nagusiak zeuzkan bederatzi eskribautzetatik
hiru zeuzkan Zumarragak (Lazkaok beste hiru zeuzkan, eta gainontzekoak
Gabiriak, herri hauek ere Auzitegi bana zutelako). Zumarragak,
bestetik, hiru eskribau arrunt izan zituen (3).
Dena dela, gure
herria Alkatetza Nagusiaren barruan ez zegoen gustura. Honela,
Gaztelako erregeak mota guztietako enpresetarako diru beharrean
aurkitu zirenean, Zumarragak XVII. mendearen erdialdean Felipe
IV.ari Alkatetza Nagusitik aldentzea eskatu zion, eta ahalmena
eman zekiola herriko Alkate bat izendatzeko, gainontzeko udal
ofizioak barne, eta Alkatetza Nagusiak zituen bederatzi eskribauetatik
bi eskribau arrunt. Hori guztia 1660. urtean lortu zuen Erregearengandik,
Pedro de Ibarrola Kontadoreari ehun dukat ordaindu eta gero, zeintzuk
Madrileko Santo Cristo de la Ciencia eta San Agustin komentuetan
egin ziren zortzidunetakoak ordaintzeko erabili baitziren.
Hurrengo urtean,
Zumarragari Areriako Alkatetza Nagusitik aldentzearen ondorioz
hiribildu titulurik eman ez zitzaionez, Erregeak berak 1661eko
urriaren 16an Erret Zedula bat eman zuen, Zumarragak hiribildu
maila lortzen zuenekoa. Horretarako, tituluak lortzeko ordaindu
behar izaten zen eskubidearen annata erdia ordaindu behar izan
zuen, 938 marabedi hain justu, eta kopuru hori hamabost urtetatik
behin ordaintzen jarraitu behar zuen, egin ezean lortutako onurak
galduko baitzituen.
Honela, Areriako
Alkatetza Nagusiaren eta dagoeneko hiribildua zen Zumarragaren
artean zeuden lotura guztiak apurtu ziren, Zumarragarentzat aro
berri bat ireki zelarik.
(1) Pertsona
askok irizten dionaren aurka, Erregegaiak ez du dokumentu
horren bidez tenplu horren patronatu eskubidea ematen,
baizik eta askoz gehiago: jabetza, saltzeko eskubidea
barne.
Beste
aldetik, patronatu eskubideak klerikoen aurkezpena barnebiltzen
zuen, horrela aurkezleak biztanleriaren adimenen kontrola
zuelarik. Patronatu eskubideak erakartzen ez zuena, hamarrenak
edota beste zerga batzuk jasotzeko eskubidea zen. Beste
gauza bat da Handikiek beren goi mailako bizimodua mantendu
eta hobetzeko hamarrenak kobratzen zituztela hasiera-hasieratik.
Horregatik pentstzen du gaur egungo historiografiako heinhandi
batek lotuta daudela patronatu eskubidea eta hamarrenak
jasotzeko eskubidea. Praktikan, ordea, Elizarekiko latrozinio
handi bat zegoela esan daiteke. (ITZULI)
(2) Ordurako Areriako
Alkatetza Nagusiaren pean zeuden herrien artean zegoen
arren, 1454ko otsailaren 26an jakinarazi zien Martin López
de Lazcanok Zumarragako ordezkariei handik aurrera bera
izango zela Alkate Nagusia, Juan López de Lazcano
bere aitaren ordez, eta horregatik, bere aitari zor zizkioten
eskubide eta betebehar berberak zor zizkiotela. Non: Iruñako
Elizbarrutiko Artxiboan. Ikus 3.064, 6. zbkia, 289 orr.
eta ondorengoak. (ITZULI)
(3) Kuriositate bezala esan behar da Juan
Martínez de Legazpi, Legazpi jauregiko jauna eta
Filipinar Uharteak kolonizatu zituen Miguel López
de Legazpiren aita, eskribautza hauetako bateko eskribaua
zela, eta bera hil ondoren, Miguel López de Legazpi
bera aurkeztu zela lanpostu horretara, eta Karlos V. Enperadoreak
1527ko apirilaren 12an Gaztelako Ganberari zumarragar
ospetsu hau azter zezala agindu ziola. Non: Simancasko
Artxibo Nagusian, Gaztelako Ganbera, Zedulak, 75. Zk.,
438. Or. Atz. – 439, eta INSAUSTI, Sebastian (1974), "Miguel
López de Legazpi, escribano de Arería"
lanean jasoa; non: Boletín de la Real Sociedad
Bascongada de Amigos del País, XXX, urtea,
1. Eta 2. Koadernoak, Donostia, 257. or. (ITZULI)
|
Antonio Prada, Historian doktorea
Argazkiak: Lehenengoa, Zumarragako Udala; gainontzekoak, Auñamendi
Entziklopedia |