Mendebaldeko tradizio intelektualean,
unibertsal linguistikoen gaineko espekulazioa, erdi aroko filosofoek
biztu zutena, beti egon da lotua adimenaren eta hizkuntzaren
arteko erlazioaren auziarekin. Honetan, Erdi aroko modistek Aristotelesengandik
eta haren jarraitzaile izan zen Prisciano gramatikalariarengandik
zetorren ikuspegia jaso zuten. Ikuspegi honen arabera, hizkuntzaren
kategoriak (Aristotelesen gogoeta gai nagusia kontu hauetan)
adimenaren kategorien ispilu dira (hortikan modisten lanari ezarritako
Gramatica Speculativa deitura, Lyons,1968 15.orr.), eta hauek
elkarrekin josteko bitarteko gramatikalak, pentsamenduaren operazioen
salatari zuzenak (ikus besteak beste, Seuren,1998, 30-41.orr.).
Hizkuntza, beraz, adimenari begira dugun lehioa da. Erdi aroan
sortutako ikuspegi hau, berpizkunde garaian Salamankako irakasle
izan zen Brocensearen bitartez, Port Royaleko gramatikalarienganaino
iritsi zen (ikus Lazaro Carreter,1949; Lakoff, 1968; eta Mitxelena,1975),
eta dakigun bezala, hauen lanaren errainua zabal hedatu da, azken
berpiztealdian gramatika generatiboaren inguruko zenbait ideien
aitzindari gisa ezagutua izan delarik (Chomsky,1966).
Arras bestelako burubidean, XVIII.
mende bukaerako mugimendu erromantikoak lengoaia eta pentsamendua
elkarri eragiten dioten ahalmen berezituen gisa irudikatu zituen.
Hizkuntza, adimenaren operazioen errainu baino areago (Herderrek,
esaterako, akastunegi ikusten zuen hizkuntza, adimenaren luzapena
izateko), adimenaren osagai eragile bihurtzen da. Hizkuntzen
arteko diferentziak, pentsamenduaren oinarri bakar eta unibertsaletik
eratorritako azaleko formak tradizio "kartesianoan",
pentsamenduaren eragile eta nortasun kulturalaren erakusle bihurtzen
dira Humboldtengan (erromantizismo honen izenik aipagarriena,
ezbairik gabe). Ideia hau arrunta zen ilustrazioko filosofoen
artean, Humboldtek 1797-1801 bitartean bizileku izan zuen Parisen.
Unibertsal linguistikoen auziak, pentsamendua eta hizkuntza bereiz
baina aldi berean elkar eragin eta mugatzen duten eremutzat jotzen
dituen ikuspegi honetan, guziz bestelako bidea hartzen du: Humboldten
arabera, hizkuntza desberdinek unibertsalak diren kategoria eta
konbinakera sail baten barnean egiten dute beren hautua. Hautapenak
ordea eragin zuzena du adimenaren sortze ahalmenean: hautu batzuek
adimenaren pizgarri egokia diren bezala (talde honetan flexiozko
hizkuntzak), beste batzuk mugagarri dira (hizkuntza isolagarrien
aldera zuen ezinikusia, txinera tartean, aski ezaguna da) (ikus
honetaz Aarsleff,1988; baita Seuren ere, 108-120 orr.). Pentsamenduaren
eta hizkuntzaren arteko lotura estua (zeinetan hizkuntza eraginaren
sorburu den eta pentsamendua, berriz, hartzaile geldo) Sapir-Whorf
deitu den hipotesian hezurmamitu da XX. mendean, eta egun bazterrekotzat
har daiteke. Erabat uztekoa ez dela erakusten ahal luketen bi
lan interesgarri, azkenaldion, Levinson-ena (1996), sistema deiktikoen
gainekoa, eta Chierchiarena (1995), "parametro semantikoen"
gainekoa, dira.
XIX. mendea, hizkuntzalaritza
diziplina zientifiko bihurtu duen mendea da, gramatika konparatibo
eta historikoaren bultzadaz. Xehetasun filologikoari atxikia
(bereziki mende bukaerako neogramatikoen eskutik), hizkuntzalaritza
historiko-konparatiboak leku bat eskuratu zuen hizkuntzalaritzarentzat
bere eskuko zientzia bezala, espekulazio oinarrigabearen baitatik
atereaz eta ikerketa enpirikoaren bidera ekarriaz. Unibertsal
linguistikoen auziak, bitarte hartan, kidetasun fonologikoen
bilaketari eta ahaidetasun historikoen finkatzeari utzi zien
lekua. Gramatikaren formari buruzko kezka (zer den giza-hizkuntza
posible bat eta zer ez, hau da, gramatikaren teoria bat) Pragako
Eskolarekin indartu zen berriz ere, XX. mendearen hasieran. XX
mendearen lehen erdia hala ere, eta bereziki ameriketan, unibertsalen
hipotesiaren kontra den erlatibitate linguistikoaren garaia da.
Bi gertakarik ahalbideratzen dute joera honen nagusitasuna: batetik,
aztertutako hizkuntz eremuen zabaltzea (hizkuntza amerindioak
bereziki, Boas lehenbizi, eta Sapir eta Bloomfielden ekimenez
gero), eta honek ireki zuen ohiko gramatika ereduen aurreko eskeptizismoa;
bestetik, behaviorismoaren gailentzea, eta gailentze honek ekarri
zuen mesfidantza, adimenaren baitakotzat jo zitezkeen itxura
konplexuko mekanismo guzien alderako. Martin Joos hizkuntzalariaren
aipu ezagun bezain muturrekoak laburbiltzen du garatu zen izpirituaren
nondik-norakoa: "hizkuntzak mugarik gabe eta ezinustezko
moduetan bereizten dira elkarrengandik". Pragako eskolako
kideen lanek txertatu zuten ameriketan, bereziki Jakobsonen figuraren
bitartez, unibertsal linguistikoen inguruko ardura. Chomsky,
esate baterako, hizkuntzalaritzaren eginkizuna hiztunaren konpetentzia
linguistikoaren azpiko propietate eta hertsidura unibertsalen
bilaketan daukana, Jakobsonen ikasle izan zen. Greenbergen lana
(unibertsalen eta unibertsalen arteko inplikazioen inguruko lan
tipologiko haundia) Jakobsonek ordezkatutako Pragako eskolaren
ekarrietan oin hartzen du (Greenbergek berak izendatuki aipatzen
duenez, 1974, 42-43.orr.).
Chomskyk sortutako gramatika
generatiboak ikerbide eta muga berriak ireki ditu unibertsal
linguistikoen panoraman azken hogei urteetan, unibertsalen konstataziotik
sortzezko fakultate linguistikoen hipotesirainoko bidea eginez.
Jauzi honetan "estimuluaren pobrezia"ren kontzeptuak
giltzarri lana egiten du. Berez, unibertsal linguistiko bat,
zein ere zabaldua baita, ez da ebidentzia aski haurraren sortzezko
ahalmen linguistikoaren parte dela esateko. Baina unibertsal
horrek suposatzen duen ezagutza haurraren ingurune linguistiko
hutsak ez dezakeenean horni, bistan da haurrak berak ekartzen
duela jabekuntza prozesura, eta beraz, sortzezko propietate baten
aurrean gaudela (inguruak ezin berez egituratu izan duen ezagutzaren
aurrean, alegia). Exenplu xume batez azaltzeko: eman dezagun
propietate gramatikal sinple bat, galderak egiteko enplegatzen
dugun estrategia, esate baterako. Estrategia honi jarraituaz,
galdera hitza perpaus "normaletan" hitz hori egongo
litzatekeen lekutik ateratzen dugu (1):
a. Ez dut uste [Xabier etorriko
denik]
b. Nor ez duzu uste [(nor) etorriko denik]?
(1b) exenpluan, iduri du galdera
hitza zegokion tokitik atera dugula, eta goiko perpausaren ezker
muturrera eraman dugula. Propietate orokor honi (orijinaltasun
xederik batere gabe) "lekualdatze propietatea" deitzen
zaio, informalki. Ikus propietate hau ingurune linguistikotik
zuzenean ikas daitekeen zerbait dela: entzun egiten baita. Kontua
da, Rossek aspaldi ikusi zuen bezala (1967), giza-hizkuntzak
hertsidura sorta interesgarri bat ezartzen diola prozedura itxuraz
sinple honi (2k horietako bat erakusten du, beste ainitzen artean).
Zenbait lekualdatze, dirudienez, ez da zilegi:
a. Ez dut entzun [Xabier atxilotu
duten zurrumurrurik]
b. Nor ez duzu entzun [(nor) atxilotu duten zurrumurrurik]? (Ene!)
(2b)ren problema ez da besterik
gabe urrutiegi edo mugitu dugula, (3) lekuko:
a. Ez dut uste [Jonek esan duenik
[Xabier etorriko dela]]]
b. Nor ez duzu uste esan duenik [(nor) etorriko dela]?
Emanen luke (eta Rossek hala
erakutsi zuen) (2b)k duen problema lekualdatze moeta hau zenbait
egituraren gainetik ezin osa daitekeela dela. Informazio hau,
baina, ez dago ingurune linguistikoan (hasteko, egitura adierazten
duen informazio zuzenik ez dago), ezin da beraz, ingurunetik
ikasi. Inguruneak ematen ez badu, haurraren adimenean dago. Propietate
honek, bestalde, linguistikoa ematen du huts-hutsik (nekez erator
daiteke bestelako ezagutza klasetik). Sortzezkoa bada eta linguistikoa
huts hutsik, unibertsala behar luke izan (ezin da ikasi, beraz
zein nahi hizkuntzatan gauza bera aurkitu behar dugu), eta badirudi
unibertsala dela (Huang,1982, eta handik sortutako lan ildoa).
Unibertsalen inguruko ikerketa
beraz, adimenaren organizazioari (bereziki lengoaiari dagokion
atalari) buruzko hipotesi oso esplizituak egiteko baliatzen ahal
da, eta baliatzen da (ikus besteak beste, Chomsky, 1988, lehen
kapitulua).
Erreferentziak:
- Aarsleff, Hans (1988) "Introduction". In W. Humboldt
On Language. The Diversity of Human-Language Structure
and its Influence on the Mental Development of Mankind,
Peter Heath itzultzaile, Cambridge University Press, Cambridge. - Chierchia, G. (1995) Plurality of mass nouns and the notion
of "semantic parameter." Eskuizkr. Milango Unibertsitatea.
- Chomsky, N (1969) Lingüística cartesiana
, Biblioteca Románica Hispánica, Gredos, Madrid.
- Chomsky, Noam (1988) El lenguaje y los problemas
del conocimiento , Visor Lingüística y Conocimiento,
2, Madrid.
- Greenberg, J. (1974) Language Typology: A Historical
and Analytical Overview , Mouton, The Hague.
- Huang, J. (1982) Logical relations in Chinese and
the theory of grammar. Doktoradutza tesia, MIT.
- Lazaro Carreter , F. (1949) Las ideas lingüísticas
en España durante el siglo XVIII , Madrid.
- Levinson, S. (1996) Relativity in spatial conception
and description. In J.J. Gumperz eta S.C. Levinson (arg.), Rethinking
Linguistic Relativity , Cambridge University Press, Cambridge.
- Mitxelena, K. (1985) El Brocense hoy. In Lengua e
Historia , Colección Filológica, Paraninfo,
Madrid.
- Ross, J.H. (1967) Constraints on variables in syntax
. Doktoradutza tesia, MIT.
- Seuren, P. (1998) Western Linguistics: an Historical
Introduction , Blackwell Publishers. |
Ricardo Etxepare |