Arteari dagokionez, emankorra izan zen
oso 60. hamarkada. Urte haietan, euskal abangoardia taldeek Euskal
Eskola izeneko mugimendua eratu zuten hiriburuetan, horien artean
nagusia GAUR gipuzkoarra izanik. Bertako kidea zen Nestor Basterretxea.
Pintorea, eskultorea, zine zuzendaria, diseinatzailea... Artearen
alderdi desberdin ugari jorratzen ditu Basterretxeak, eta oraingoz
behintzat ez dauka erretiratzeko asmorik, gauza asko baitira
adierazteke dauzkanak.
-Frantzian 5 urte eta Argentinan
11 eman ostean, Euskal Herrian dugu Nestor Basterretxea 60. hamarkadan.
1951. urtean itzuli nintzen erbestetik. Irriki bizia neukan hemen
egoteko, nahiz eta, armadako iheslari bat izanagatik, egun batzuk
besterik ezin nituen igaro espainiar lurraldean, 30 egun gehienez.
Buenos Airesko Espainiako Kontsulatuan ohartarazi zidaten: "Egun
bakar bat gehiago emanez gero, kutxan sartuko zaituzte".
Artean 22 urte neuzkan eta nire ezkon bidaia zen. Lehenik eta
behin Oriora joan nintzen, Jorge Oteizarengana. Argentinan ezagutu
genuen elkar, eta lagun onak ginen. Han estutasun ekonomiko asko
jasan zituen behin eta berriro, eta azkenean itzultzeko erabakia
hartu zuen. Madrilen bizi ziren bere guraso eta anai-arrebak.
Jorgek, bere betiko suhartasunarekin, Arantzazuko Basilika berriko
absidean mural handi bat egiteko lehiaketara aurkeztera animatu
ninduen. Gehieneko 30 egunetako epemuga famatu hori baino denbora
gehiagoan egoteko arriskua neukan arren, aurkeztu egin nintzen,
eta , ex aequo irabazi nuen, Carlos Pascual de Lara margolari
madrildarrarekin batera, arkitektoen lankide zena. Egoera konpontzeko,
Larari absidea enkargatu zitzaion, eta niri kriptako muralak.
-Oteizaren itzulera iraultzailea
izan omen zen.
Egia esateko, Jorgek hunkitu egin gintuen arte berria hurbiletik
ezagutzen genuenok. Bera izan zen azkenean sorkuntza artistikoaren
egitekoarekin zerikusia zeukaten gaiei hitz egiten hasi zena,
arrazonamenduek ez baitzuten Espainiako gerra osteko itxikeria
eta anekdotario faszista onartzen. Oteizak babes handia ematen
zigun lehentasunen artean modernitatea eta etorkizuna ipintzeko
egonezina geneukanoi.
-Euskal artearen berriztapenaren
garaia izan al zen hura?
Ezin da esan berrikuntzak data zehatz bat daukanik, baina bai
esan daitekeela arte modernoa belaunaldi bakoitzarekin berritzen
dela. Lehen aldaketek askoz ere denbora gehiago behar zuten.
Eta euskal eremuan jazotakoa
oso esanguratsua izan zen, oso garrantzitsua. Huts-hutsean kanpoko
errealitateen lekuko ziren lanak atzean utzi (figura eta paisaiak),
eta eskultoreok -pintoreak baino gehiago- galde-erantzunez betetako
barne kontzientziatik hasi ginen garatzen, gure bulkada handienaren
inguruan, eta betiko urrundu ginen kanpoko bizitzaren ikuskizunarekin
lotuta zeuden gauzetatik, itxura artifizialetatik. Barrutik kanpora
zihoan estetika zen, lekukotza egiteko modu desberdin bat.
Eskultore batzuk elkarbanatu egin zituzten bolumen sendoak, modu
koherentean, dinamismoa kontrolatuz, poliki, hieratikoki, oroitzapenen
aldia iraunaraziz, lekukotzaren dentsitatea... Bira berritzailearen
banda izan zen.
Jakina, munduko artea eboluzionatu egin zen, eta guk eredu gisa
begiratzen genion. Oteiza Malevich errusiarrari buruz hitz egiten
aritzen zen, ni txundituta nengoen Mortensen daniarraren egituren
gozotasunekin, Mendiburu Brancusi-ren forma gogorrekin justifikatzen
zen... baina sorkuntza haiek ez ziguten burua galarazten, alderantziz,
haiengandik ikasten, indartu egiten genuen gerorren izaera. Gure
estimu eta mirespen osoa zeuzkaten, baina guk gure bideak geneuzkan.
Gure herrikideei dagokienez, asko miresten ditut bai Zubiaurre
anaiak eta bai José María Ucelay. Mundu pertsonalak
ondoen islatzen dituztenak dira. Eta baita ere Nikolas Lekuonak,
goi berrikuntza poetiko hegodunekoa.
-Zeintzuk ziren 1966an
sortutako Gaur taldearen helburuak?
Gipuzkoako Gaur taldea Oteizaren
ekimenez sortu zen, eta berdin Bizkaiko Emen, Arabako Orain eta
Nafarroako Denok ere. Kontzeptuak aldatu nahiean eta berrikuntzan
murgilduta genbiltzan artistak elkar ezagutzea zen kontua. Horrelako
zerbait egin nuen neronek ere gure herrialdeko eskultoreak Hondarribian
bildu nituenean, ez baikenuen elkar ezagutzen. Zoritxarrez, behar
baino lehenago zapuztu zen bilera positibo horrek eman izan zezakeen
guztia, Oteiza eta Txillidaren arteko haserreagatik, eta baita
ere bata edo bestearen alde geundenongatik, gatazka hori bien
artean konpontzen utzi beharrean. Oraindik ere pairatzen ditugu
pekatu horren ondorioak, elkarri eman zioten besarkada hura antzerki
hutsa izan baitzen...
-Goazen une batez Arantzazura.
Nola dakusazu bertan duela 50 urte gertatutakoa?
Ez dut Arantzazun egin zidaten bidegabekerian gehiago sakondu
nahi. Gauza bat besterik ez dut esango: urteak igaro ahala, gero
eta garbiago neukan ezin nuela kriptako muralak margotu gabe
hil. Gehiegi sufritu nuen Arantzazugatik gero egoera horretan,
ahaztuta, uzteko.
27 urteren buruan itzuli ahal izan nuen kriptara, bere 18 hormak,
500 metro karratuak margotzera. Jakina, ez nituen borratutako
muralak margotu, asko baitira bizitzako 27 urte; nire buruak
agindutakoa margotu nuen. Hortxe dago soinu eta kolorez betetako
sinfonia hori, naturaz gaindikoaren funtsa eta zailtasunen berri
ematen, ulerkaitzak zaizkigun misterioen gehiegikeriak.
Bai Elizak, bai orden erlijiosoek, bai zeruak, misterioa margotzeko
agintzen digute. Ezinezkoa arrazionalki. Fedeak bakarrik -eta
asko kostata- suma dezakeena irudikatzea agintzen digute. Zeintzuk
dira mirariaren koloreak? Nolako forma dauka?
-Utz dezagun Arantzazu
eta goazen zine zuzendari gisa izan duzun esperientziara. Euskal
Herriko zinematrografia modernoari ateak zabalduko zizkion Amalur
(1968) luzemetraiaren zuzendaritzan hartu zenuen parte. Euskal
zine modernoaren aitzindari gisa har al dezakegu?
Lehenik eta behin esan ni ez naizela zine munduaren baitakoa,
nire jarduera ez baita zinematografiara bideratzen. Luzemetraia
hura eta hamaika dokumental horiek, niretzat, zinea, adierazteko
tresna eder hori, dastatzeko eta zeregin artistikoko tresnak
ezagutzeko modu bat izan dira. Nire kezka nagusia,
ideia zehatz bat adierazteko modurik onenaz baliatzea izan da,
konbentzitzeko modurik egokienaz, hobeto informatzeko.
Pelotari, Ama lur eta Alquezar-en, Fernando Larruquert
izan nuen laguntzaile, eta Hispaniaurreko arteari buruzko saileko
argazkigintzan Vicente Harriak hartu zuen parte. Irungo semeak
ziren biak.
Madrilen esan zidatenez, Ama Lur garai hartako pelikularik
zentsuratuena izan zen. Donostiako alkate bat Madrileraino joaten
zen, Fraga Iribarne suminkorraren Informazio eta Turismoaren
Ministeriora, erregimen frankistako filosofiarentzat hasiera
batean onartezinak ziren gauza guztiak salatzera. Makina bat
aldiz joan behar izan nuen hara, guretzat logiko eta egiazkoak
ziren esaldien esanahia azaltzera, Ministerio hartako pareten
artean biraoak ziruditenak
Plano asko moztu zizkiguten, baina okerrena da haiek aukeratutako
plano eta testuak sartzera behartu gintuztela. Nolanahi ere,
hunkigarria izan zen Ama Lur. Gogoan dut Larruquert eta
ni Donostiako zine areto bateko eszenarioan 5 minutuko txaloak
jasotzen ari ginela, "irabazi egin dugu" esan niola.
Robles Piquer-ek, Fragaren koinatuak, Ama Lur andaluziar
bat egitea proposatu zidan, eta nik esan nion Andaluzian egongo
zela nik baino askoz hobeto egingo zuenik. Hortaz oroitzean,
tuntuna naizela pentsatzen jarraituko du beharbada, dezente ordaintzeko
prest zegoela baitzirudien.
Nik galtzaileen
aldean jartzeko joera bortitza daukat, inola ere ez boterearekin
bat egitekoa. Mexikon, Guatemalan eta Perun biziki saiatu nintzen
herriko indigenen espirituan sartzen, maien, azteken, zapoteken,
olmeken eta inken arte liluragarria ulertu nahiean. Egia esan,
artea bera, bere izaera pertsonalagatik, ulergarria da; artea
ulertzen baldin bada, herrialde guztien artea ulertzen da. Ikaragarria
da baieztapen honen egiazkotasuna. Gizaki guztien anaitasunik
egiazkoen eta ikusgarriena, artea da. Aitzinako maiek landutako
buztina bizirik dago gure eskuen artean. Beren begiak guri begira
ari dira, eta gureak haiei begira. Ez dago gizaki baten aurpegia
bezain gauza baliotsurik: artearen beraren funtsa da, bizitzaren
zerbitzura.
-Urte asko daramatzazu
lanean. Ez al zaizu bokazioa agortzen?
Bokazio artistikoa maitasuna bezalakoa da: edo gehiegizkoa, edo
gutxiegikoa. Bokazioa, espirituaren mozkorraldi eder bat da.
Artista batek beste gaitasun asko galtzen ditu bokazioa baino
lehen. Horretantxe nago ni.
 |
Nestor Basterretxea
"Gaua", 1960
Burnia.
Diametro
105 zm
Artistaren bilduma |
Argazkiak: Maria Agirre
Euskonews & Media 76.zbk (2000 / 4-28 /
5-5) |