Euskal Erkidegoko ekonomiaren nazioarteratzea
* Traducción al español del original en euskera
Mikel Zurbano

Euskal ekonomian suertatzen ari diren eraldaketak ez dira nolanahikoak. XX mendearen amaierarekin bat joera berri ugari ezagutzen ari gara arlo desberdinetan eta baita ekonomian ere (berregituraketak, teknologia berriak, erregulazio era berriak etab.). Esan gabe doa, ekonomi eraldakuntzen artean ekonomien nazioarteratzeak, hots globalizazioak, lehen mailako garrantzia ezagutzen du. Lerrootan euskal erkidegoko ekonomiak prozesu horretan zein nolako sarbidea duen aztertuko dugu, arreta berezia eskainiz bertako kanpo-merkataritzak Europako Batasunean integratu ondoren izandako bilakaeraz.

Oro har, Euskal Autonomi Erkidegoko (EAEko) ekonomia duela bi hamarkadatik hona nabarmen ireki da kanpora. Eustateko datuak aintzat harturik, EAEan produzitzen zen ehun pezetatik ia 29 esportatzen ziren 1998an, 1980an baino hamar pezeta gehiago alegia. Beraz, hiru lurralde historikoetako enpresek kanporako esfortzu indartsua egin behar izan dute azken bi hamarkadetan globalizazioaren erronkari aurre egiteko. Esfortzu hori medio, EAEko kanpo-irekitasuna Espainiakoa baino nabarmen garaiagoa da (hamar puntu garaiagoa, hain zuzen), Frantziakoaren parekoa da eta mendebaldeko beste herrialdeekin erkatuz erdibideko posizioan aurkitzen da gaur egun.

Dena den, kanporako saioek garaian garaiko erantzun desberdina izan dute. Deigarria bada ere, Espainiako Estatua Europako Batasunean sartu aurreko garaia da EAEtiko esportaziogintzak mailarik gorena ezagutu zuena (urteko bataz besteko %23ko hazkuntza). Atzeraldi gogorrean murgildurik barne-merkatua ahuldu egin zen eta Europako inguruko merkatuak erakargarriagoak bihurtu ziren.

Europako Batasunean sartzeak hiru lurralde historikoen ekonomiaren kanporako joera indartsua ahultzea ekarri zuen paradoxikoki (mugasarien gainbehera progresiboari ateak ireki baitzizkion integrazioak). Honela, 1986-1992 urtealdian esportazioen urteko hazkuntza-tasa %6.5era jaitsi zen. Horretarako bi arrazoi eman daitezke: 1980ko hamarkadaren amaieran jasotako hazkuntza bizkorrak barne-merkatua eta gastu publikoa berraktibatu zituen, batetik, eta pezetaren aprezio gogor bezain artifiziala, bestetik. Azken arrazoi honek pezetaren lau debaluaketa ekarri zituen 1990eko lehen erdian. Gaurdaino kanporako joera berrindartzea eragin du truke-tasaren beherakada honek, izan ere esportaziorako urteko hazkuntza %17.5ean kokatu da 1994tik 1998ra arte. Horretara lagundu dute ere 1993an indarrean jarritako Europako Merkatu Bakarrak zein GATTeko azken txandak (Uruguay txandak) ekarritako mugasarien gainbeherak munduko merkataritza suspertu izanak. Kanpo-merkataritzaren azken hazkuntza tinkoa lehen aldiz euskal eta espainiako ekonomiaren hazkuntza indartsuarekin batera suertatzen da, hots barne-merkatuaren susperraldi bikainarekin.

Bestalde, erkidegoko ekonomiaren kanpo-azterketarako ezinbestekoa da ere merkataritza-saldoaren bilakaera behatzea. Eustateko datuek dioskute merkataritza-defizit indartsutik abiatuz (1980an defizit hori produktuaren %5.3koa izan zen) superabit are indartsuagoak eman direla azken urteetan (produktuarekiko %8.8 saldo positiboa). Saldoaren bilakaerari erreparatuz, egoera defizitarioa 1980ko hamarkadaren erdirarte luzatu zen, geroztik merkataritza-balantzak egoera ia orekatua ezagutu zuen eta 1994 urtetik irauli egin zen egoera esportazioen hazkuntza azkarra inportazioen hazkuntza apalarekin uztartu baitziren merkataritza-saldoen superabitak ahalbidetuz. Indize honek ere Espainiako kanpo-merkataritzarekiko EAEko dinamika bereiztua ematen du argitara. Izan ere, Estatu espainolari dagokion merkataritza-saldoa defizitarioa izaten jarraitzen du, defizitaren produktuarekiko tamaina zertxobait murriztu den arren.

EAEko kanpo-sektorearen ezagutzarako interesgarria zaigu bertako salkarien norabidea zein kanpo erosketen nondikoa eta beren dinamika. Aipatzekoa bertako esportazioen bi herenak Europako Batasuna dutela helburu. Esportazioen helburu inportanteak dira ere mendebaldeko gainontzeko herrialdeak (%17 inguru) eta Latinamerika (%7.5). Azken hamarkadan Europako Batasunera hala nola Estatu Batuetara eginiko esportazioek indar erlatiboa galdu dute (bi puntu t´erdi bakoitzeko) eta aldiz Latinamerikara egindakoek irabazi egin dute (1990an EAEko esportazioen %4.2 soilik bideratzen ziren bertara). Inportazioei dagokienez, hemen ere Europako Batasuna da erreferentzia nagusia EAEko kanpo-erosketen bi herenak bertan egin baitziren 1998an, hamarkadaren hasieran baino 3.5 puntu gehiago. Aipatzekoa da oraingoan ere EEBBetako inportazioek duten pisu erlatiboaren galera (hamarkada hasierako %5.3tik amaierako %3.5era).

Bestalde, esportazioak zein inportazioak dibertsifikatu egin dira azken hamarkadan ere ekonomi sektoreei erreparatzen badiegu. Esportazioei dagokienez kanpo-joera handiena honako ekonomi adar hauek erakusten dute: autogintza -oso nabarmen igo delarik-, altzairu eta metalgintza eta bestelako makineria. Gainera esportazioen bilakaerari dagokionez azpimarratzekoa da teknologia ertaina eta garaia duten sektoreetako esportazioek teknologia apala dutenekiko posizioak aurreratzen dituztela.

Laburbilduz, EAEko ekonomiak kanpora gehiago irekiz erantzun dio ekonomi globalizazioak planteatzen duen erronkari. Horretarako, merkataritza ahaleginak zertxobait dibertsifikatu ditu hala norabideari nola ekonomi sektoreei so eginez, baina Europako Batasuneko merkatua bere jomuga naturala dela ahazteke.


Mikel Zurbano, EHUko irakaslea

Euskonews & Media 73.zbk (2000 / 3-31 / 4-7)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved