Euskal etxeak eta euskal kanpo harremanak
*  Traducción al español del original en euskera
Alexander Ugalde Zubiri

1. Euskal Etxeak eta nazioarteko euskal proiekzioa
Atzerrian dauden euskal elkarte edo gizataldeei dagokienez, berebiziko garrantzia izan dute historian zehar euskal etxeak direlakoek. Lehenengoak XIX. mendean sortu ziren -Laurak Bat (Montevideo, 1876), Laurak Bat (Buenos Aires, 1877), Asociación Vasco-Navarra de Beneficiencia (La Habana, 1878) eta Euskaldunak Orok Bat (Río de Janeiro, 1881)- , eta XX.ean barna ugaritzen joan dira.

Euskal Etxeen egitekoen artean azpimarragarriena, Euskal Herria nazioartean ezagutzera emateko egin duen ahalegina da. Eta, hori, gainerako ekarpenak ahaztu gabe: laguntzeko jarduerak; euskal naziokotasunaren autokontzientzia mantentzea; Euskal Herria arlo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean ematea ezagutzera; arrazoi sozio-politikoengatik emigratutako euskaldunei eta zio politikoengatik joandako erbesteratuei babesa ematea, etab. Gaur egun euskal kanpo harremanen zutabeetako bat dira Euskal Etxeak, eta horixe izango dut jarraian aztergai, labur bada ere.

Lehenengo eta behin, Euskal Etxeek iraganean elkarrekin jarduten zutela gogorarazi behar da, erakunde zabalagoak osatuz. Horregatik, Parisen 1956an antolatutako Munduko Euskal Biltzarrean Ameriketako Euskal Erakundeen Konfederazioa (CEVA) sortu zen, honako hauek osatzen zutena: Federación de Entidades Vasco Argentinas (FEVA), Federación de Entidades Vascas de Chile, Centro Vasco de Caracas eta Centro Vasco Euskal Erria de Montevideo. Urte batzuk beranduago, 1973an, North American Basque Organizations (NABO) sortuko zen Ameriketako Estatu Batuetan.


 
Euskal Etxea. Mar de Plata,
Buenos Aires. Argentina.


 
Euskal Etxea. New York.


2. Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanak eta Diasporarekin Harremanetarako Zuzendaritza
Eusko Jaurlaritzaren baitan 1980tik aurrera izan diren kabineteen lehentasunetariko bat kanpo harremana indartzea izan da, eta asmo horrekin aritu da beste erakunde politiko-instituzionalekin elkarlanean, bidaiak eta bisitak egiten, eskualde, Estatu eta nazioarteko erakundeekin akordioak sinatzen, mugaz bestaldekoekin lankidetzan, Hegoaldeko herrialdeen garapenaren alde, sustapen ekintzetan, etab. Eta, baita ere atzerrian dauden euskal gizataldeei eta, bereziki, beren zentru eta fundazioei artatzen.

Nazioarteko harremanei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak Euskal Zentruekiko Harremanetarako Zerbitzua sortu zuen 1986an, Kultura eta Turismo Sailaren baitan. Programa ugari prestatu ziren euskal kultura zabaltzeko, euskara sustatzeko, zentruei dirulaguntzak emateko eta Euskal Etxeak aldizkaria argitaratzeko.

Elkartrukaketak gehiegi egituratuta ez zeuden arren, laurogeigarren hamarkadan birrantolatu egin ziren Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Etxeen arteko harremanak, bi gertakari medio: lehenengoa, Donostian 1982ko irailean izandako Ameriketako Euskaldunen Lehenengo Biltzarra, eta 1989ko azaroan Bahía Blanca-n (Argentina) izandako Euskal Zentruen Munduko Lehen Biltzarra. Bi topaketa hauetatik euskal gizataldeen eta Euskal Herriaren arteko harremanak instituzionalizatzearen garrantzia ondorioztatu zen.

Eusko Jaurlaritzak oinarrizko aurrerapauso bat eman zuen 1991n kanpo harremanen arloan, Lehendakaritza Sailaren baitan Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia sortu zuenean. Zenbait azpisailetan banatuta dago, eta horietako bat Diasporarekin Harremanetarako Zuzendaritza da, zeregin hau daukana: "Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dagoen euskaldungoari eta euskaldunez osatutako elkarte edo fundazioei zuzenduriko lankidetza eta laguntza harremanak sustatu eta finkatzea".


3. Atzerriko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako Legea 
Laurogeitahamargarren hamarkadan zehar, Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremana indartzen joan ahala, euskal erakundeek atzerriko elkarteekin zeuzkaten loturak ordenatu eta arrazionalizatzeko marko juridiko-legal baten beharra ikusi zen. Horren harian onartuko zuen Eusko Legebiltzarrak 1994ko maiatzean Atzerriko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako Legea.

Legearen helburu nagusia Euskadiren, euskal gizartearen eta bere erakundeen eta euskal gizatalde eta etxeen arteko harremanak bultzatu eta sendotzea da, eta bertan jasotzen dituenak, besteak beste, hauetxek dira: aipaturiko euskal etxe, federazio eta konfederazioak sortzeko baldintzak, euskal gizataldeetako kide izateko moduak, euskal administrazio publikoek eman beharreko prestazioak, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordearen sorrera, eta lau urtean behin egin beharreko Euskal Gizataldeen Biltzarra.


4. Euskal Gizataldeen Munduko Lehen eta Bigarren Biltzarrak
Aipaturiko Legeak xedatu bezala, bi bilkura nagusi egin dira azken denboraldian.

Gasteizen egin zen Euskal Gizataldeen Munduko Lehen Biltzarra, 1995eko azaroaren 6tik 9ra bitartean, eta Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordeak proposatuta, lau urteko Erakundeen Jarduera Plana onartu zen bertan, Euskal Etxeetako ordezkarien iritziak entzun ostean.

Bigarren Biltzarra Gasteizen izan zen halaber, 1999ko urriaren 26tik 29ra. Europa, Amerika eta Ozeaniako 18 herrialdetako 125 Euskal Etxeren 74 ordezkari bildu ziren, eta baita zenbait fundazio eta institutuetakoak ere. Beste zenbait erabakiren artean, hurrengo urteetarako Jarduera Plan berri bat onartu zuten.

Plan horietan jasotzen diren puntuen artean horrelakoak daude: euskal nortasun, hizkuntza eta kultura zabaltzea; Euskal Etxeak eta beren azpiegiturak mantentzea; informazio eta komunikaziorako sare iraunkor bat ipintzea, eta gazteek Euskal Etxeetan parte-hartze handiagoa eta Euskal Herriarekiko lotura handiagoa izatea. Hori guztia aurrera eramateko, alderdi desberdinei buruzko proiektu batzuk gauzatzen dira Euskal Etxeei laguntzeko (Eusko Jaurlaritzak diru laguntza zuzenak emateko eta bankuei maileguak eskatzeko abaletarako deialdiak egiten ditu urtero), kultura eta gazteriarentzat (Gazte mundu programa), kirol eta komunikazioetarako (Euskal Irrati Telebistaren programazioko telebista kate bat eta irratiko bi ikus-entzun daitezke satelite bidez), hezkuntza, ekonomia eta kanpo merkataritza, turismo eta gastronomia, laguntza soziala, osasungintza eta etxegintzari buruz. Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuaren zati bat jarduera hauetara zuzentzen du urtero, eta 1995eko 158 milioi pezetatik 1999ko 208tara igo du gainera.


5. Ondorioak
Laburbiltzeko, esan beharra dago Euskal Etxeek garrantzia handia izan dutela historian zehar Euskal Herria nazioartean ezagutzera ematen. Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako Legea onartu zenez geroztik eguneratu eta sendotu egin da funtzio hori, bai alderdi politiko-instituzionalean, bai aldiro antolatzen diren Euskal Gizataldeen Munduko Biltzarrei esker, bai lau urteko Jarduera Plan Instituzionalekin, bai Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren arretagatik...

Euskal gizarteak eta erakundeek atzerriko gizatalde eta Euskal Etxeekin dauzkaten loturak euskal kanpo harremanak garatzeko funtsezko ildoak dira, etorkizunean zabaltzen joango direnak.


Alexander Ugalde Zubiri, Historian lizentziaduna eta Zientzia Politikoetan doktore Nazioarteko Harremanetako irakaslea (EHU/UPV)

Euskonews & Media 72.zbk (2000 / 3 / 24-31)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved