"Hago isilik agote! Etxeko txakurrarenak baino balio
txikiagoa du hire iritziak. Inor baino gutxiago haiz!",
hitz hauekin islatzen da agoteenganako mespretxua 1.597. urteko
dokumentu batean.
Ilehoriak eta azal zuri gorrikoak, belarriko gingila itsatsia
zutenak eta usai txarreko hatsa zuten pertsonak ziren agoteak;
buztana ere bazutela esan ohi da. Jatorrizko bekatua zutenez,
beraiengandik urrun mantentzea komenigarria zen odol txarrekoak
zirelako. Hala uste izan zen behintzat denbora luzean.
Baina nortzu ziren benetan agoteak?
Gaixoak al ziren edo ezberdinak besterik gabe? Nondik etorri
ziren? Zergatik bazterketa hori?
Pirineotan eta mendikate honen
inguruko bailaretan bizi ziren pertsonak ziren, agote edo cagot
izenez ezagutzen zirenak. Lehenengo aztarnak XIII. mendeko dokumentuetan
azaltzen dira, eta sei mendetan zehar arraza edo komunitate ezberdin
bat osatuko balute bezala bizi izan ziren Euskal Herrian.
Agoteak.
Zeintzuk ziren agoteak? Agoteen jatorria aztertzerako
orduan ere, hipotesi ezberdinak daude. Batzuen ustetan, agoteak
gotuen ondorengoak dira, horregatik ilehori eta azal zuria. Musulmanen
oinordekoak direla diotenak ere badira, "odol afrikarra"
ukaezina dela pertsona hauen zainetan.
Legenardunen ondorengoak zirela diotenak ere baziren eta horregatik
ematen zela bazterketa, herritarrak gaixotzeko beldur baitziren.
Teoria honen sinesleen arabera, Caro Baroja tartean dela, "cagot"
hitz frantsesaren esanahi arrunta "elizkoi itxurati eta
faltsua" da, beraz, honen arabera, erregeek eta Elizak hain
babesturik eta pribilejiaturik zeuzkaten legenduntegietan biltzen
ziren pertsonen ondorengoak ziren. Alizia Stürtze historialariaren
ustetan, "legendunez gain, bestelako azal gaixotasunak zituztenek
eta ihesean zebiltzen beste hainbatek, bere burua legenduntzat
aurkeztu eta ohea eta jana dohain lortzen zuten. Honela, nahasketa
sortu zen legendun zirenen eta planta egiten zutenen artean".
Bazterketaren arrazoiak Alboraketa honen zergatia
aurreritzian eta herriaren ezjakintasunarengatik azal daiteke.
Agotea ez zen baztertua kristaua ez zelako, ez eta etnia ezberdinekoa
zelako. Garai hartako herritarren ustetan, bere gain jatorrizko
bekatua zutelako baizik, heredentziaz zetorkion odol txarra eta
gaiztoa.
Stürtzeren iritziz, bazterketaren benetako arrazoiak ekonomikoak
ziren. Agoteek auzo eskubideak eta kaparetasuna lortzeko ahaleginean
ez zuten mende luzeetan etsi eta baztandar eta erronkariarrek
sutsu borrokatu zuten agoteei eskubide hauek ukatzearren. Alizia
Stürtzeren hitzetan, "mendi aldeko Euskal Herria pobrea
izan da eta baserrietan maiorazkoa mantentzen zen heinean, seme
bakarrarentzat bakarrik bait zegoen bertan aberastasuna, era
berean, ez zegoen tokirik kanpotarrentzat. Beraz, bertakoak agoteen
esku lanaz baliatzen dira baina ez dizkiete auzo eskubideak eman
nahi." Arazo honetan oinarritzen da bazterketaren jarraipena
eta borroka, honen inguruan ematen da behin eta berriro.
Auzo eskubideak lortzeko, bertakoa
zela azaldu beharra zegoen, odol garbitasuna, eta honetarako
baziren kanpo erakusle batzu; adibidez, harrizko etxea izatea,
armarria izatea edo eta teilatudun etxea izatea besteak beste.
Agoteek urteak eta mendeak pasa zituzten eskubide hauek lortzearren,
alde batetik bestera mugituz eta beraien benetako jatorria eskutatuz.
Denborak aurrera egin ahala, harrizko etxe finkoak eraikitzen
hasi ziren, foruen arabera, ezinbestekoa baitzen harrizko etxea
edukitzea auzotasun-eskubideak izateko; ondorioz, borroka eta
epaiketak ugaritu ziren.
Eskubideen ukazioa Agoteak, beraz, esan
bezala, guztiz baztertuak zeuden eta haien eskubideak oso urriak
ziren. Ez zuten lur amankomunik lantzeko eskubiderik, ez eta
errota erabiltzerik ere. Bertako herritarrek agoteekin aurrez
aurreko harremana ekiditen zuten, gaixotasun edo madarikazioaren
beldur zirelako. Bazterketa honen adierazle Nafarroako elizetako
"Agoten Athea", albokoa atea da; honez gain, beti elizako
azken aulkietan eseri behar zuten eta ponte berezia ere bazuten,
honen ezean, makila baten laguntzaz hartu behar zuten ur bedeinkatua.
Historialari donostiarrak azaltzen digun moduan,
"agoteek ukitzen zuten guztia pozoindu egiten zen eta horregatik,
abereak hazi eta lurra landuz gero, ezin zuten inolaz ere produktua
saldu. Agoteren bat oinutsik harrapatzen bazuten, burdina gorituaz
erretzen zitzaizkion zangazolak, legeak agintzen zuen bezala.
Bestalde, ezin zuten herri dantzetan parte hartu, eta euskaldunekin
ezkontzea guztiz debekatua egon zen urte askotan zehar".
Interes ekonomikoak direla eta,
sineskeria ugari zabaldu ziren Pirineo inguruko bailaretan, eta
pertsona hauen estereotipo bat sortuz joan zen bazterketa justifikatzeko.
Ilehorikoak zirela, eta begi argiak zituztela, azal gorri zuria,
larru azala mantxaz betea eta belarriko gingila itsatsia. Estereotipo
hau endogamiaren ondorioz azpimarratuz joan zen, ezin baitzuten
inguruko herritarrekin erlaziorik eduki. Odola ere beroagoa omen
zuten eta esaten zenez, sagar bat eskutan hartuz gero, ximel-ximel
egina gelditzen zen berehalaxe.
Agoteen ogibideak Kutsatzeko arriskua zela
eta, pertsona hauen ogibideak ere mugatu zituzten herritarrek.
Hasiera batean borreroak eta zurginak izan zitezkeen, egurra
oso gaixotasun erohale txarra baitzen. Ostean, musikari lanak
ere bete zituzten eta igeltsero eta artisauak ere izan ziren.
Nafarroako jaun feudalak, bazterketa hau aprobetxatuz, agoteez
baliatzen ziren herritarrei presioa egin eta eskubide feudalak
mantentzeko eta agoteak jopu bezala erabiltzen zituzten. Stürtzek
azaltzen duenez, Arizkungo Ursuatarrek babesa eta lurra eskaini
zizkieten XIV. mendean ihes etorritako Bozateko agoteei. Jaun
haiek eskainitako babes eta gozamenen truk (arrantzan egiteko
baimena, basoen erabilera...) morroien lanak egitera behartuak
zeuden eta horrez gain, zerga astunak ordaindu beharra ere bazuten.
Agoteen integrazioa Beraien aurkako neurriak
gogortzen ziren heinean, batetik bestera mugitzen ziren agoteak.
Erronkari aldera mugitzen ziren Biarnon bizi baldintzak kaskartzen
zirenean edo Baigorritik Baztan aldera eta alderantziz. Mugikortasun
honi esker, agote batzuk euskal gizartean integratzea lortu zuten,
eta beste asko Ameriketara joan ziren XIX. mendean; itzuli zirenak
Elizondo inguruan finkatu ziren dirutza eta guzti.
 Bozateko herria.
Bestalde, Erregimen Zaharreko
ekonomia desagertu zen heinean, lur komunalak saldu egin ziren,
pribatizatu, eta auzo eskubideak desagertu ahala, marjinazio
horren zentzua bertan behera geratu zen.
Hala ere, agoteen aztarnak baditugu
oraindik, endogamia dela eta, abizen gutxi batzu ugari errepikatzen
baitira; hala nola, Bidegain, Errotaberea, Zaldua eta Maistruarena
adibidez. Agoteak XX. mendearen haserararte bizi izan ziren Bozaten
komunitate berezi bat bezala, eta gaur egun integratuak egon
arren, arizkundarrei ez zaie agoteetaz hitz egitea gustatzen. Ainara Iraeta Usabiaga, kazetaria
Argazkiak: Alicia Stürtze-ren "Agotak, juduak eta ijitoak
Euskal Herrian" liburutik |