Hiriei buruz idatzi izan denean, gehienetan
ez da kontuan hartu ezagutza hori aditzera eman duen subjektuaren
azterketa, eta ziurtzat eman da jakintsu unibertsal eta gardena
zela. Horregatik, historian zehar ezagutza sortzea galarazita
eduki duten taldeak ezagutza mundura sartzeak ezin du irakasle
postu batzuk betetzera mugatu. Aurreko eta honako mendeko ekoizpen
guztiz garrantzitsu batzuek diote klase sozial batek ezin duela
guztien izenean hitz egin. Mende bukaera honetan emakumeei heldu
zaie kontzientzia kolektibo orokorrean sartzeko txanda, eta,
beren esperientzia historikoan oinarrituz -gizonezkoenekiko oso
desberdina izan dena eta hala izaten dirauena-, kultura birpentsatu
edo birsortzeko aukera.
Hirigintzan eta arkitekturan
oso ikuspegi intelektual desberdinak har daitezke,
eta, dagoena, egon zatekeenaren zati ñimiño bat
besterik ez da. Behatzailearen begiaren altuerak ihes puntua
edo ikuspegiaren zentrua zehazten du, baina ez lengoaiak, ez
begiak, ezin dituzte aurkajarrita dauden ikuspegiak hain erraz
gainjarri; izan ere, irudia deformatu egiten da, eta paisaiak
buruhausgarri bihurtzen dira, Escher-en irudiak bezala. Zein
ikuspegiren arabera eraiki dira -edo ditugu- hiria, etxea, fabrika
eta parkea?
Heidegger-ek esan bezala, espazioak
ordenatu edo hierarkizatu ahal izango ditugu soilik baldin eta
horietan nola biziko den baldin badakigu. Arkitektoak ez du material
eta formetara mugatu behar; proiektua egin ahala, zentzu zehatz
bat ematen ari zaio, batzuetan ohartu ere egiten ez den arren.
Eraikin guztiek daukate zentzu inplizituren bat, espazioa zertara
bideratuko den jasotzen duen ideia orokorren bat.
Inork ez du ukatuko oso gutxi
direla hiriari eta arkitekturari buruz emakumeek daukaten
ikuspegia jasotzen duten argitalpenak. Ia inor ez da konturatzen
gizonezkoen ikuspegitik idatzi direla jada egon badauden
argitalpenak, eta horietara jotzen dugula gure ezagutzak handitzeko,
gauzak ulertzeko eta erabakiak hartzeko. Badira hiriaren eta
emakumeen arteko harremanei buruzkoak ere. Ikuspegiak orekatu
ahal izateko, ez da nahikoa emakumeek -eta tradizionalki baztertuta
egon diren beste talde sozialek- arrazonatu eta beren esperientziak
adieraztea, baizik eta gainerakoen eta talde osoaren esperientziekin
egin beharra daukate. Horrela, ikuspegi berritzaileetan oinarritutako
ekarpen oro, aurrerapen eta helburu frustratu bat izango da aldiberean,
oso xume eta eskasak baitira esperientzia berriak filtratu eta
kontzeptualizatzeko egiten diren ahaleginak, aipaturiko ideien
multzo konplexuarekin alderatuz, "beste batzuek" filtratu
dituzten milioika esperientziekin alderatuz, kontzeptualki eralda
zitezen oinarri esperientziala eman zietenak. Intelektualki,
eta apustua irabazi ahal izateko, derrigorrean utzi egin behar
zaio besteen esperientzietan oinarritutako kultura bateko partaide
izateari, norberarena sortu eta zabaltzeko adina elementu ez
dauzkan egoeratik. María Ángeles Durán, Soziologian
katedraduna. Ikerketetako irakaslea Ikerketa Zienifikoetako Kontseilu
Gorenean |