Eusko Ikaskuntzak 1987an argitaratutako
RIEV (Revista Internacional de los Estudios Vascos - Nazioarteko
Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria) aldizkariaren 32. tomoaren 25-43
orrialdeetan jasotako testua
AURKIBIDEA
SARRERA
Lan txiki baterako arlo haundiegia hartzen
dudala jakinik, zehaz dezadan aurretik zertara noan eta zertara
ez. Bertsolaritza mugimendu bezala harturik ari izango naiz batez
ere, zer biziera eta eboluzio izan duen haundi haundika erakutsiz.
Alde horretatik ez da hainbeste ia mende erdi honetako historia
egitea, bertsolari banakoen izen eta lanekin, artezko eta gizartezko
mugimendu honen martxa eta ildo nagusiak eskaintzea baizik. Hari
nagusiak, ez bilbea bera.
Hauek honela, bertsolaritzaren
eboluzioa edo baldintza sozial desberdinak agertzen saiatuko
gara, baita bertsolaritzaren bere barruko eboluzioa ere, izan
baldin bada. Barne eboluzioa eta inguru eboluzioa elkarrekikoak
izaten dira gehienean eta bertsolaritzan ere hori argi ikusiko
dugu. Eboluzio horrek tradizioaren jarraipena edo identitatea
nola daraman ere agertzen ahaleginduko naiz, desberdintasunak
ez bait du berdintasunik ez dagoenik esan nahi. Alde horretatik
gaurko bertsolaritzak eta gerra aurrekoak betikoak beraz
berdinetik gehiago daukate desberdinetik baino. Eboluzioak ez
du jarraipenik ukatzen, fosilmendua baizik.(AURKIBIDERA)
GERRA ONDOA
1.- Giroa
Gerra ondoko lehen urteak nik
ez nituen ezagutu, baina sobera ondo ezagutu zutenak hamaika
bizi dira eta horiei entzunik, eta edozein gerra galduren ondokoa
nolakoa izan litekeen pentsaturik, giroari buruz badakigu bildurra
zela nagusi, ez motiborik gabe noski. Urte haietako miseria eta
itomena bertsolaritzan ez ezik beste ihardun guztietan ere kanposantuko
bakea bezalakoa izan zen, batez ere euskal usainik zeukaten gauzetan..
Giro horren barruan bertsolariak
guztiz mutu al zeuden? Ez guztiz, baina bai oso kontuz. Giro
jakin jakinetan, oso zirkulu itxietan, egingo zen bertsotan,
baina ez programaturik, ustekabean baizik, eta ez gutxitan zurrutak
lagundurik. Halaxe ere gerra ondoko lehen urteetan ez zen nonahi
giro izaten, herririk eta auzorik txikienetan bait zeuden norbaitzuk
edo norbait gerrako irabazle, eta inor ez bazegoen ere, ezin
kendu egon zitekeen bildurrik. (AURKIBIDERA)
2.- Berriro
kantari
Gerra
ondoko urte hestu haietako zauriak itxiz ez ahaztuz
zihoazen neurrian, bertsolariak berriro ere hasi ziren han-hemenka
kantari, programaturik esan nahi dugu. Bertsolaritza sekula ez
da guztiz isildu, bakoitzak bere buruarekin besterik ez bada
ere, baina plazan eta egitarau baten barruan kantatzea beste
kontu bat da. 1945 inguruan bertsolariak plazan ihardutea berriro
normaldurik zegoen. Basarri, Uztapide, Zepai, Txapel eta abar
Euskal Herriko plazetan zebiltzan, lehenengo biak batez ere.
Basarrik gerra aurretxoan, 1935ean hain zuzen irabazi zuen Donostiko
txapelketa, Txirrita bigarren gelditurik, eta huraxe zen gerra
ostean jarraipena beregaintzen zuen izen nagusia. Uztapide 1952an
ezkondu zen eta ordurako bertsotan urte askotan ibilia zen. Lasartek
berak ere, gazteagoa izanik, hamazazpi urtekin kantatu zuela
lehenengo aldiz Zaldibarren kontatzen du. Beraz, hau ere berrogeita
bosgarren urte ingurutik laster ezaguna zen plazetan.
Kasik esan dezakegu, gerra amaitutakoan,
oso tarte laburra izan zela isiltasun osoan. Bertsolariak berehalaxe
hasi ziren han hemen kantatzen, Gipuzko aldean behintzat. Aitor
dezadan bide batez Hegoaldeaz ari naizela, Iparraldeari buruz
hitz egitekotan, beste kontu batzuk aipatu beharko bait lirateke.
Kontuan izan hemengo gerra amaituaz batera Europan munduko gerra
hasi zela eta gure Iparraldeak garai haietan beste historia bat
du. (AURKIBIDERA)
3.- Gaiak
eta bertso ingurua
Gerra ondotik hirurogeigarren
urtean Euskal Herriko txapelketa nagusia jokatu arte, zer gai
eta giro izaten zen bertsoetan? Bertsolariek batez ere festa
giroan kantatzen zuten, librean eta gai jartzailerik gabe. Librean
kantatzeak ez du esan nahi edozer kanta zitekeenik. Gai politikorik
jendeak apenas eskatzen zuen eta noizbait abertzale aldeko edo
Francoren kontrako bertsorik entzuten bazen, halako dardara zabaltzen
ornen zen entzuleengan.
Bromatik aparteko gai nagusia
euskara zen eta zoritxarrez gaur ere horixe dugu gairik aipatuena.
Garai haietan euskarari ekiteak
gaur baino konnotazio politiko gehiago zeukan. Politikaz zuzenean
kantatzea ezinezkoa zenez gero, euskarak azpiko sentimentu isil
guztiak bere gain biltzen zituen eta etsaiek ere bazekiten hori,
eta ezin izaten zuten jasan. Horregatik sarritan euskara defendatzeari
intentzio politikoa eransten zitzaion eta gauza gutxi behar,
mutur txarrak ikusteko. Mutur txar haiek gehienean zerbait agintzen
zutenak izaten ziren, edo agintariei txibatazoa pasatzekoak.
Hala ere esan dezakegu, urte zorrotz haietako mezu politikoa,
politikatzat hartzerik baldin bada, euskararen inguruan zebilela
batez ere.
Horretaz aparte, orduko bertsolaritza
dibertsiorako eta bromapasarako zen batez ere. Umorea hitz batez.
Jendeak horixe nahi zuen bertsolariengandik eta horretarakoxe
dei egiten zieten. Alderdi umorezko eta kirolezko hori bertsolaritzaren
nortasun zatirik haundiena da dudarik gabe eta horri eutsi ez
ezik, indartu eta edertu egin zuten garai hartako bertsolariek.
(AURKIBIDERA)
4. Itzal
berria
Indartu eta edertu esan dut eta
edertasun hori batez ere bertsolaritza arlotetasunetik txukuntasunera
jasotzean datza. Gerra aurreko bertsolaritza sagardotegi eta
taberna zuloetakoa izaten zen gehien bat, plazako saioak gutxiago
zirela. Giro horretan eta zurrutaren inguruan iardaskeria eta
trakeskeria ere ez zen gutxi izaten. Gerra ondoan, ordea, bertsolaritzak
halako duintasun bat hartu zuen eta estilo berri honen eragiletzat
Basarri jo behar da batez ere. Gai arinak eta bromazkoak kantatuko
baziren ere, zakarkeriak ebitatzen saiatuko ziren, bertsoketari
halako altura bat emanez. Plazan eta publikuaren aurrean kantatzea
ez da izan ere taberna zuloan goizaldeko orduetan kantatzea bezala.
Horrek forma aldetik ere bertsolaritza asko hobetu zuen, edozer
esateari baino ondo esateari garrantzi gehiago emanez, neurriz,
errimaz eta euskararen jatortasunez. (AURKIBIDERA)
5. Ibilerak
Gerra ondoko bertsolaritzan aparteko
lekua ematea merezi du ibilerei. Herriz herri kantatzen bazuten
ere, ez zen gaurko ibil modurik eta kantatu behar zen herrira
iristen eta itzultzen lan gehiago izaten zen han kantatzen baino.
"Orduko ibilerak" esaten dutenean, trenean bezperan
abiatu, gero autobusean, gero berriro beste tren batean eta halako
batean lekura iristea esan nahi du eta bueltan beste hainbeste,
urrun samar edo desbidean zeuden herrietara joan behar zenean.
Ibilera haietan normala zen egunerako joan eta biharamonean itzultzea,
baita bezperan joan, eguna han pasatu eta hurrengo egunean noizbait
etxeratzea ere.
Horrek joaten ziren lekuan bertso
asko kantatzea eskatzen zuen. Herri batean eguna pasatu behar
bazen, hango herrikoek bertsolariek zenbat eta denbora gutxiago
isilik egin hainbat eta nahiago, beharbada hurrengo urterarte
ez bait zuten beste aukerarik izango. Orduan ez zegoen gaur bezala
bertsolariak irratiz noiznahi entzuteko aukerarik edo edozein
iluntzetan probintzitik probintzira ere bertso saio bat entzutera
joateko modurik. Bertsolariak, beraz, joaten zen lekuko jendeari
gustoa emango bazion, asko kantatu behar zuen.
Ibilera haietan bada beste alderdi
bat ere oso kontuan hartzekoa. Orduan ondo jatea ez zen eguneroko
gauza izaten. Gosea ere izaten tarteka eta neurtu beharra etxerik
gehienetan. Hori probatu ez duenak ez daki jatordu on baten ilusioa
zer izan zitekeen. Bertsolariek halako egun batean ilusio haundia
eramaten zuten, bazkari edo afari eder bat egiteko. Garai haietan
gorputza ederki kontsolaturik etxera itzultzeak ez zuen gutxi
esan nahi.
Gaur jateko ilusiorik ez da hainbeste
izaten, edozein egunetan bait dago nahiko aukera, etxe batzutan
orain ere hestuasunak izango dira baina. Jana ez ezik, dibertsioa
ere han zegoen. Bertsolariek, gazteak baziren batez ere, berek
gozatzen zuten ibilera haietan ederki. Kantatzea lana bada ere,
lagun berriekin eta festa berrietan ibiltzea gozoa izaten da,
bestela aukera gutxi dagoen garaian. Pentsa urte haietako dibertsioak,
bertsolariak ibiltzen ziren giro euskaldunetan behintzat, gaurkoen
kolorerik ere ez zeukatela.
Alde horretatik, bertsolariak,
bai gaien trataeran eta bai beren portaeran, beti izan ziren
giro sozialak markatzen zuen arau hestua baino liberalagoak.
Ondo pasa erazteaz eta eragin
zabalkorraz batera, berak ere gozatzeko modua zen, ohitura, erretiro
eta abarretan jende arruntari barkatuko ez zitzaiona bertsolariengan
normaltzat ikusten bait zen. (AURKIBIDERA)
6. Bertso
jarriak
Gerra ondoko berezitasun bat
oraingoan negatiboa nire ustez aipatzeko, ezin bertso
paperen berri eman gabe utzi. Gauza jakina da bertsolaritzan
bertso paperak edo bertso jarriak bapateko bertsogintza bezain
garrantzitsuak izan direla. Sarritan bertsolariak, sagardotegiko
umorean eta saltsan arlote samarrak baziren ere, gero bertso
paperetan beste altura bat eta beste itzal bat hartzen zuten.
Areago oraindik bertsolaritzaren historia gehien bat bertso jarrien
historia dela esan liteke, bapatekoak ez bait dira gureganaino
gutxi besterik iritsi.
Hain tradizio indartsu hori gerra
ondoan ahuldu edo ia desagertu egin zen. Bertso paperak ezkutatu
egin ziren. Zergatik? Beharbada bapateko bertsoketa zabaltzen
eta indartzen zihoalako eta bertsolariek bietarako astirik edo
aldarterik ez zeukatelako? Bertso paperen inguru eta motibo sozialak
aldatzea ere izan liteke, baita bertsolariek modalitate horri
garrantzirik ez ematea edo ez ohartzea ere. Den moduan dela,
bertso jarrien tradizioak beherakada haundia egin zuen gerra
ondoan. Basarrik 60an Euskal Herriko txapelketa nagusia irabazi
zuenerako, bazituen hiru bertso liburu eginak, baina hori ez
zen beste bertsolarien arteko joera normala. Uztapidek, adibidez,
bertsolaritzatik erretiratu eta gero moldatu zuen bere bertso
liburua.
Baziren bertsoak jartzen zituztenak
aldizkarietan eta abar, baina ez ziren plazako bertsolari ezagunak.
Bertso jarriei arretarik ez emate horrek gaurko egunotara arte
iraun du. Orain bertsoak jartzen dira, eta badirudi tradizio
funtsezko hori berreskuratzen ari garela, baina oraindik ere
bertso liburuak egitea gehiago da denboraldi bateko lana, bizi
guztiko lanen bilduma baino. Txirritak, adibidez, bizitza guztian
zehar jarri zituen bertsoak, ez urte batean hartara jarrita.
Era horretara, bapateko bertsogintzarekin
batera bertso jarriak ere erritmo beretsuan eramatea aberastasun
haundiagoa litzatekeela iruditzen zait.
Bertso jarrien desagerpena edo
gutxienez indar galtzea gerra ondoko kontua da, txapelketak hasi
eta gero segitu izan duena eta gaur ere oraindik orekatzeko gaudena.
Galera horrek azterketa sakon bat mereziko luke, bai alderdi
sozialetik, bai alderdi kulturaletik, eta lan on bat egin nahi
duenarentzat badago hor ikerketa interesgarri baterako gaia.
(AURKIBIDERA)
TXAPELKETAK:
60tik 67ra
1960an
jokatu zen Euskal Herriko txapelketa nagusia, lehenengoa gerra
ondoren. Basarri geratu zen txapeldun, Uztapide bigarren, Azpillaga
hirugarren eta Xalbador laugarren. Txapelketa honetarako Bizkaian
eta Nafarroan aurretik txapelketa probintziala egin zen, eskualdeka
kanporaketak egin eta hango irabazleekin probintziko txapela
gero finalean jokaturik.
Lehenengoa eta bigarrena Euskal
Herriko Txapelketa nagusira pasatu ziren, Bizkaitik Mugartegi
eta Azpillaga, Nafarroatik Narbarte eta Perurena eta Gipuzkoatik
Uztapide eta Mitxelena, baina Gipuzkoakoan ez zen kanporaketa
sistimaz izan, probintziko zortzi bertsolari ustez famatuenekin
saio bat eginik baizik. Iparraldetik berriz inolako saiorik egin
gabe, Xalbadorri eta
Mattini dei egin zitzaien eta
halaxe etorri ziren haiek Euskal Herriko txapelketa nagusira.
Bizkaian
probintziko txapelketak aurreragotik hasi zirela esan beharra
dago. Lehenengo bietan Balendin Enbeita geratu zen txapeldun,
hirurogeian Mugartegi txapeldun eta Azpillaga bigarren eta hauek
joan ziren gero Donostira. Hirurogeita batean Azpillagak irabazi
zuen Bizkaikoa, baina ez zen Euskal Herrikorik izan. Hirurogeita
bian Lopategi geratu zen txapeldun eta handik aurrera honek irabazi
zituen Bizkaiko txapelketa guztiak.
Txapelketa bolada honek bertsolaritzako
panorama asko aldatu zuen, kasu honetan bertsolaritzaren onerako.
Txapelketak dituen akats eta arrisku guztiak jorik ere, ezin
ukatu bolada hark entzulegoa asko piztu zuela eta bertsolari
berri mordoa agertu zela. (AURKIBIDERA)
1.- Entzulegoa
Txapelketak jende asko arrastatzen
zuen atzetik, bestela bertso saio normaletan oso zaila zena.
Jendetza hori ez uste Donostiko finalean bakarrik mugitzen zenik.
Haserako eta beherengo mailetan ere joan-etorri haundia sortzen
zen. Nik Bizkaiko berri ezagutu nuen eta txapelketa probintzialek
berotasun haundia sortzen zuten. Lehenbizi eskualdeka izaten
ziren kanporaketak.
Bizkaia bost barrutitan banatzen
zen eta eskualde bakoitzeko kanporaketara nornahi aurkez zitekeen.
Haietako irabazleek gero, aurreko urteko lehenen-bigarrenekin,
finala jokatzen zuten, Bilbon gehienean.
Eskualdeetako saioetan ez zen
beharbada hainbesteko kalitaterik izango, edonork parte hartzea
libre zeukalako, baina emozio aldetik egun haundiak izaten ziren
haiek, hainbeste jende batzen bait zen eskualde barruan ezagunak
zituzten lagunen demara. Bakoitzak bere lagunak, koadrilak, herritarrak
eta abar eramanik, joko giro ederra sortzen zen. Zer esanik ere
ez gero probintziko finalean. Neuk neure begiz ezagutu ez nuen
arren, beste probintzietan ere antzeko giroa sortzen zela gauza
jakina da. Hirurogeiko Euskal Herriko txapelketa heldu zenean
berriz, Donostiko Victoria Eugenia antzokia leporaino beteaz
gainera, milaka entzule ginen hango berrien segitzaile.
Jendearen mugida horretan sentimendu
abertzaleak indar haundia zuela dudarik ez dago. Bertsolari txapelketak
ez ziren noski agerpen politiko esplizitoak, baina euskararen
eta gisako arrazoien azpian berotasun politiko bat ere ba zela
nabaria zen. Gerra galdu eta hainbeste urtetan hain eltze hestuan
sakaturik egon ondoren, bertsoa txalotzeak bergantza moduko zerbait
ezkutatzen zuen. Geureaz emozionatzean, bide batez etsaiari "hor
daukak hori" esatea bezala egiten genuen. Azpi sentimendu
politiko hau ez dut esaten jakinez gainerakoa zenik. Batzurengan
hori ere bai, baina berezko bulkoak emanik mugitzen zirenengan
ere, aurreko eta garaiko historiak pisu haundia zeukan, heurak
ohartzen ez baziren ere. (AURKIBIDERA)
2.- Bertsolariak
Txapelketa haiek bertsolarien
aldetik ere eragin haundia izan zutela dudarik ez dago. Izen
berri asko plazaratu eta famaratu ziren, txapelketarik gabe hain
ezagun egingo ez zirenak. Ez dut zerrendarik eman nahi, norbaitzuk
deskuidatuta ahazturik uzteko bildur bainaiz, baina txapelketa
haietan zenbat bertsolari haundi azaldu zen nornahiren begi bistan
dago. Eta ez da pentsatu behar Euskal Herriko txapelketara iristen
zirenak bakarrik. Horiek dudarik gabe, baina probintzi barruan
geratzen zirenen artean ere, izenak asko zabaltzen ziren eta
gero herriz herri kantatzeko, beste aukera batzuk izaten ziren.
Probintzi mailan izena irabaztea ez uste gutxi denik. (AURKIBIDERA)
3.- Txapelketen
arriskua
Ez nuke aipatu gabe utzi nahi
txapelketen alderdi arriskutsua ere. Arrisku hori ia berea du,
ez bait dago juzkatzeko neurri matematikorik. Epaile bakoitzaren
jakintzak eta batez ere gustoak bai politikan, bai erlijioan
eta abar asko kontatzen du eta erizpide berdintsuak eta
objetiboak ez dira bat ere errezak.
Berezko zailtasun horrez gainera,
txapelketetan beti izan dira zeresanak epaimahaiari buruz: batean
gehienak probintzia batekoak direla, bestean apaizak eta fraileak
direla nagusi, eta hala. Epaiaren neurri objetibo zehatzik ez
izatearen babesean, gauza zelebreak eta azpi konponketa susmagarriak
egin izan dira, batean desenpateak eta bestean halako aproba
berriak egin eraziz.
Entzulegoaren
aldetik ere forofismo haundiak sortzen ziren. Bakoitzak bere
segitzaile mordoa izaten zuen eta hauek, ondo nahiz gaizki kantatu,
beren faboritoari joko zioten txalo. Adibide bat jartzeko, Xalbadorri
hain bidegabeki txistu jo zitzaion urtean bera txapeldun uzten
deskuidatu izan balira, entzulego guztia gainera etorriko zen.
Forofismo hori puntu bateraino ederki dago, baina kontrolatzen
ere zaila izaten da. Horrelakoxea zen txapelketa haietako giroa,
ez bakarrik Euskal Herriko finalean, aurretik probintzietan eta
aurrerago eskualdeetan ere baizik. (AURKIBIDERA)
65.TIK AURRERA:
BERTSOLARITZA SOZIALA ETA POLITIKOA
65. urte inguruan koka liteke
bertsolaritzen eragin haundia izan zuen eboluzio bat, ez hainbeste
teknika aldetik, gaien eta hauen trataeratik baizik. Urte horietan
jo dezagun, zabal harturik, hirurogeitik hirurogeita hamarrera
bitartean Euskal Herrian mugimendu haundia sortu zen, urte
gutxiren buruan oso panorama berri baten aurrez jarri gintuena.
Burruka armatua sortu zen, apaizak "lotsagabeturik"
zebiltzan, gazteriak egundoko sua zekarren, adin gehiagokoek,
gerran ibiliek eta beren baitan abertzale mina gorderik zeukatenek,
pozez eta emozioz ikusten zuten "buelta" hura. Gizarteko
estamentu guztiak ukitu zituela mugimendu hark esan liteke. Garai
ederrak benetan idealismorako, gazte artean batez ere.
Mugimendu hark bertsolaritza
ere harrapatu zuen, gai politikoek garrantzi haundia hartzen
zutelarik. Politika hori bi aldetako txanpona bezalakotzat jo
liteke: alde batetik abertzaletasunaren defentsa eta bestetik
frankismoaren kontrako erasoa. Alde biak, bistan dagoenez, elkarrekikoak
ziren eta txanpon bat bakarra. Politika, beraz, zabaltasun horretan
hartu behar dugu, ez gaur uler litekeen bezala, hainbeste proiektu
desberdinen arteko aukera bezala. Oso politika orokorra zen hura
eta areago ziren sentimentuak arrazoiak baino. Arrazoi nagusia
Euskadiren askatasuna zen, horretarako nahitaez frankismoaren
erorrera behar zelarik.
Gai politiko horiekin batera
gai sozialak ere sartzen hasi ziren, besteak baino ahulkiago
bazen ere. Grebak eta gainerako arazo sozialak gero eta leku
gehiago zeukaten bertsogintzan. Joera berri honen aintzindariak
Lopategi eta Azpillaga izan ziren. Artean Basarri eta Uztapide
bikotea hain ezaguna izan zen bezala, garai honetan bizkaitar
bikote gazte honek arrakasta izugarria hartu zuen, nonahitik
zetozkien deiei abastorik eman ezinez.
Joera horrek zenbait jenderengan
muzina eta azpijana sorrerazi zuen, gisa honetako esamesak zabalduz:
"Hori ez duk bertsoketa, politika baizik". "Orain
bertsolari txarra ere ona izan zitekek, politikan pixka bat sartuz
gero". Baina gazteriak marmario horiei jaramon gutxi egiten
zion eta Lopategik eta Azpillagak jendetza haundiak batzen zituzten
zebiltzan herri guztietan.
Urte batzuk joanak direnez gero,
fenomeno horren balantzea zuzenkiago egiteko moduan gaude orain.
Nire ustez bi gauza oso kontutan hartu behar dira bertsolaritzaren
koiuntura berri horretan. Alde batetik bertsolari haiek ez zuten
"bertso politikoa bakarrik" egiten, "bertso politikoa
ere bai" baizik. Oso desberdina da hori. Bertsolaritza zaharreko
jolas edo ziri bertsoari eutsi beharra zegoen eta eusten zioten.
Eta batez bestekoa joez gero, umorezko bertsoak gehiago ziren
bertso politikoak baino. Gertatzen zena jende askok bertso politikoa
gordetzen zuela gehiago gogoan, hura bait zen inpaktu gogorragoa
egiten zuena.
Bada beste gauza bat ere oso
kontuan hartu beharrekoa. Bertsolaritzaren historian zehar izen
haundirik gehienak izan dira bertsolari "politiko-sozialak".
Bakoitzak bere ikuskera politikoa eta soziala noski, baina bertso
politikoak, sozialak eta erlijiozkoak garrantzi haundikoak izan
dira beti. Xenpelarren bertso sortarik kantatuena beharbada "Ia
guriak egin du" izango da, guztiz politikoa. Har dezagun
Txirritaren kasua. Haren irudia umore sortzaile eta ziri sartzaile
bada ere, hura oso politikoa zen, bat izatekotan. Haren bertso
jarrietan gerrek, foruek, historiak, pertsonaia politikoek eta
gertaera sozialek pisu izugarria daukate. Txirrita oso bertsolari
politikoa izan zen eta ez dago bere lanari begirada bat botatzea
besterik.
Baina eta hemen dago agian
giltza Txirritak eta aurreragokoek bertso jarrien bidez
adierazten zituzten beren ideia politikoak eta sozialak. Bapateko
bertsogintzari ez zioten funtzio hori ematen, dibertsiozkoa baizik.
Alde batetik normala hori ere, bapateko bertsoketa oso mugatua
eta lokalizatua zelako. Txirritak gauza haunditzat kontatzen
zuen urte batean hamairu plaza egin zituela. Kantatzen zuen bapatean
ere eta ez gutxi, baina herritik asko urrundu gabe, dozena erdiren
bat sagardotegiren bueltan beti, Orereta, Irun, Donostia, Hernani
eta Oiartzun inguru horretan. Garai haietako ibilpideekin urrun
joatea ez zen erreza eta joaten zenean, oso gauza bakan bezala.
Nola iristen zen Txirrita Euskal Herri osora, bere ideiak eta
sentimentuak kantatzera? Bertso paperen bidez.
Komentatzen ari garen gerra ondoko
bertsolaritzan gorago ere esana dut bertso jarriek indarra galdu
zutela. Bapateko bertsoketa zabaldu eta indartu zelako? Aztertzea
merezi lukeen fenomenoa dela esan dugu. Hirurogeitik hirurogeita
hamarrera bitarte horretan gertatu zen nobedadea ez zen hainbeste
bertso politikoa populartzea, gai horiek bapateko bertsoketara
pasatzea baizik. Txirritak bertso jarrietan egingo zukeena hauek
bapateko saioetan egiten zutela, hortxe dago aldea. Eta ez alde
txikia, haro berri bat markatu zuena baizik. Haro honen makalunea
esan dezadan berriro ere bertso jarrien tradizioa
ahultzean eta ia desagertzean dago. Jartzen ziren, bai, bertsoak,
baina ez bapateko bertsolari famatuen artean, salbuespenen bat
edo beste izan ezik. (AURKIBIDERA)
68.TIK 80.RA
Euskal Herriko txapelketa nagusiak
lau izan ziren: 60, 62, 65 eta 67.-koa. Hirurogeikoa Basarrik
irabazi zuen eta beste hirurak Uztapidek.
68.an Sariketa Nagusi bat ere izan zen, Basarrik irabazi zuena,
Xalbador bigarren, Lasarte hirugarren, Uztapide laugarren, Lopategi
bosgarran etab. Geratu zirelarik. Hauetaz gainera, bai Iparraldean,
bai Hegoaldean, izan ziren beste zenbait sariketa ere, baina
Euskal Herri mailan, 68.koa izan zen azkenengoa bolada hartan.
Hurrengoa laurogeian jokatu zen. Hamabi urtetako tartea beraz.
Zer gertatu zen tarte horretan?".
Gorago aipaturiko giro politikoa
eta soziala goruntz joan zen Franco hil eta geroago arte. Aurretik
Espainia mailan zenbait hauteskunde izan baziren ere, Euskal
Herriko panoraman 79.ko hauteskunde munizipalak eta gerotxoago
autonomikoak jo daitezke haro desberdin baten mugatzat.
Abertzaleak, udaletxeetan batez
ere, alderdi desberdinetan desmarkaturik, giro politikoa oso
zirkunstantzia berrietan sartzen da, bertsolaritzan ere bere
eragin haundia duelarik.
Baina goazen 68.tik 80.ra bitarte
horren ildo nagusiak ematera. Alde batetik garai horretan txapelketa
nagusirik ez zela izan esan badugu ere, beste maila bateko txapelketak
asko zabaldu ziren, gazteen artekoak batez ere. Izen batzuk aipatzeko,
hor zeuden Idiazabal, Zaldibia, Mallabia, Añorga eta abarretan
egiten ziren gazte txapelketak.
Izen haundiko bertsolariek zer
egiten zuten? Han eta hemen etengabe kantatu. Giro politikoak
eraginik edo eskaturik, bertsolaritzak gorakada haundia egin
zuen jende aurrean eta pentsatzekoa zenez, zigorrak jausten ere
hasi ziren. Zenbait bertsolariri debeku gubernatiboak, multak
eta detentzioak etortzea normala zen. Eskerrak euskarak babes
haundia ematen zuela, koarteletan bertso saioak interpretatzeko,
lan gehiegi eta zaila egin behar bait zen. Franco hil ondotxoan
berriz, bai bertsolari, bai kantari eta bai edozer ugaritu zen,
halako boom harrigarria sorturik. Alde batetik gehiegi zen hura,
baina bai beharrezkoa ere. Kalitateari baino berotasun politikoari
gehiago begiratzen zitzaion eta bertso saio nahiz kantaldi bakoitza
sarritan biak batera konbinaturik mitin edo manifestazio
haundi bat bezala izaten zen. Jaialdiak gehiago ziren horretarako
aitzakiak, beren izatearen agerpen baino. Ez gara jaialdi haiek
zertatik zenbat zuten zehazki neurtzen hasiko, dena batera bait
zen, baina hirurogeita zortzi ingurutik hemengo udal hauteskundeak
artekoa abalantxa bat bezala izan zen.
Bertsolaritzari buruz, mugida
haren barruan ibiltzeaz gainera, gertakari berriak agertzen hasi
ziren, hala nola bertsolari eskolak, euskaldun berriak, gazte
jende hiritarra etab., baina puntu hauek gerotxoago tratatuko
ditugu banaka. (AURKIBIDERA)
TXAPELKETAK
BERRIRO
Azken urteotan txapelketak berriro
martxan hasi dira. 79.ko abenduan hasi eta 80.ko Errege egunean
finala izan zuen lehenengoak. Hurrengoa 82.-ko azaro-abenduetan
jokatu zen eta 86an beste bat jokatu da, Sebastian Lizaso txapeldun
geraturik. Txapelketa horietan partaide izan naizenez gero, ez
da itxura izango neu hastea balorapenak egiten. Baina badira
entzulegoari buruz esan litezkeen zenbait gauza, eboluzioa adierazten
duten ezaugarri bezala.
Laurogeiko txapelketan, aurreragoko
txapelketekin konparaturik, zenbait berritasun nabari zen entzule
artean. Alde batetik lehengo txapelketetako forofismo edo hintxa
giroa asko leundurik zegoen edo hala zirudien behintzat. Jendeak,
oro har, hango nahiz hemengo bertsolaria izan, txalo jotzean
ez zuen distintziorik egiten, edo ez zen nabarmentzen behintzat.
Alde horretatik entzulegoan jarrera zabalagoa ikusten zen.
Beste gauza nabarmen bat entzulego
gaztearen ugalmendua izan zen. Bai mutilak eta bai neskak portzentaia
haundia osatzen zuten eta hori entzulegoaren erreakzioetan ere
asko igartzen zen. Nondik sortu zen entzulego gazte hori? Geroago
erantzungo diogu galdera horri.
 (Argazkia: Jagoba Manterola;
iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa)
Azkenez ez ziren gutxi boligrafoa
eta papera eskuan zutela saioa segitu zutenak ere. Zertarako?
Bakoitzak bere puntuazioa eramateko izango zen. Gogoan dut bertsolari
batek nola esaten zuen gero: "Jendeak papera eta luma eskuetan
zituela ohartu nintzenean, leku ederrera etorri gaituk, pentsatu
nuen neurekiko". Entzulego berri horren presentzia laurogeita
biko eta laurogeita seiko txapelketetan are gehiago nabarmendu
zen. (AURKIBIDERA)
BERTSOLARITZAREN
ARRAKASTA BERRIA
Nondik irten zen laurogeiko entzulego
gazte berri hori? Kultur mugimenduetan gauzak ez dira zuzak bezala
ernetzen eta gutxiago euskararen inguruan. Hirurogeita hamazortzigarren
urte ingurutik aurrera, bertsolaritzan halako mugida bat nabari
da, zorionez gehitzen joan dena eta nahitaez esplikazioren bat
behar duena. (AURKIBIDERA)
IKASTAROAK
Bolada horretan, bertsolaritza
gustagarri egiten zelako, edo euskara ikasteko eta praktikatzeko
oso baliagarritzat jotzen zelako, edo jolas moduan tiratzen zuelako
edo kulturaren adierazpen haunditzat hartzen zelako, edo arrazoi
guzti horiek batera biltzen zituelako, bertso ikastaroak nonahi
eskatzen hasi ziren. Laburragoak edo luzeagoak, baina gehienean
hamar ordutatik gorakoak eta batzutan oso luzeak ere bai. Euskal
senez edo kontzientzi abertzale hutsez hurreratzen zirenak ere
bertsoaren harrak jota geratzea ez zen harritzekoa. Euskararen
edo kulturaren alde etorri eta bertsozale irten. Ikastaroekin
batera bertsolaritzari buruzko hitzaldiak eta mahainguruak ere
asko zabaldu ziren. (AURKIBIDERA)
BERTSOLARI
ESKOLAK
Mugimendu guzti horren adierazpiderik
argiena eta eratuena beharbada bertsolari eskolak dira. Fenomeno
honek berak bakarrik merezi luke azterketa luze eta sakon bat.
Lehenbizi finka dezagun "eskola"
hitz horren esanahia. Hitz hori bertsolaritza guztian erabilia
izan da. "Xenpelarren eskola", "Iparraldeko eskola","
Azpeitiko eskola" etab. esaten denean, hitz horrek halako
estilo edo tankera bat esan nahi du. Horrez gainera "eskola"
hitzak taldetasunaren esanahia ere izan du historian zehar. Ez
dauka, beraz, ikastetxeekin zerikusirik zuzenki. Zer jende mota biltzen den halako eskola
sortuko da.
Esaten ari garen garaiko eskolak
ere toki eta egun jakin batzutan batzen diren lagunarte batzuk
dira, bertsolaritza lantzea helburu dutela. Eskola hauek tradizio
bati segitu edo hartaz jabetu nahi luketenak dira. Lehenago "gure
kolegioak sagardotegiak" baldin baziren, nola tradizio hura
gaurkotu sagardotegirik ez den lekuan edo euskaldunak oso minorian
aurkitzen diren hirietan eta herri haundietan?
Eskola horien sorrera eta barne
abioa ulertzeko zer jende mota batzen zen ikustea besterik ez
dago. Gehienean jende gaztea edo gutxienez bertsozale klasiko
horietaz desberdina zen. Baita ere gehienean jende eskolatu samarra
zen, ikasten ari zirenak edo ikasketak amaituak zituztenak, batez
ere euskara munduan irakasle zebiltzanak etab.
Eskola horiek sortzearen helburua
anizkoitza zen. Alde batetik bertsolaritza bera, ez hainbeste
bertsolari izateko helburu zuzenez, bertsozaletasuna sartzeko
baizik. Horrekin batera euskara lantzea eta praktikatzea ere
helburu haunditzat zeukaten. Kontuan izan portzentaia haundi
bat euskaldun berriak zirela. Honek aparteko atala merezi du,
gero egingo dugunez. Azkenik euskaldun giroa sortu nahia ere
tartean zebilen, bai talde barruan, bai kanporako proiekzioz.
Azken batez problema haundi eta eguneroko bat dago erdi erdian,
hots, hirietan edo herri haundietan, euskaldunak hain gutxi eta
sakabanaturik aurkitzen diren munduan, euskaldun sentitzen dena
nola euskaldun bizi?
Bertsolaritza arazo latz horiei
erantzuna emateko tresna egokia izan litekeela konturatu ziren
eta horrelaxe hasi ziren bertsolari eskolak sortzen eta ugaritzen.
Gehienean ikastaroren batetik hasirik, helburu nagusia gero jarraitzea
zen. Horrela astean behin iluntzeko ordu batzutan baturik, talde
bat osatzen dute eta egun hori lan eguntzat eta dibertsio eguntzat
hartzen dute. Biak batera, bertsolaritzak, gusto pixka bat hartuz
gero, ondo pasatzeko modua ere ematen bait du. Bertsolaritza
bitarteko zela, beraz, lagunartea, lana, dibertsioa eta euskaldun
bizitzeko era bat zeukaten, asteko ordu batzutan behintzat. Ordu
horiek gero beste anitz lan eta ekintzetarako ere aukera emango
zuten, lagunak ez bait dira ordu batzutarako bakarrik izaten.
Garbi utzi behar da bertso eskolen
helburua ez dela bertsolari izatea, bertsolaritza baizik. Honek,
gantxorik izango badu, bertsozaleak behar ditu eta eskola horietan
dabiltzanen artean bertsozaletasuna segurtaturik dago. Ez da
gutxi. Izango dira tarteka bertsolari izateko ere gogoa eta asmoa
bezalakoa dutenak, baina bertso eskolen helburu nagusia ez da
hori, bertsozaletasuna baizik. Hortik gora etortzen dena. Apropos
bila joan gabe ere etorriko da eta dagoeneko horretantxe ere,
bertsolari izatean alegia, ondorio politak ikusten hasiak gara.
(AURKIBIDERA)
EUSKALDUN
BERRIAK
Bertsolari eskoletan euskaldun
berrien pisua oso garrantzizkoa da, batez ere hiri haundietako
taldeetan. Euskaldun berrientzat bertsolari eskolak aukera aparta
ematen du hain beharrezko zaien lagunarte euskalduna edukitzeko.
Gehienean euskaldun berria euskaraz egiteagatik edo praktikatzeagatik
hurbiltzen da bertsolari eskolara, baina gero martxan jarritakoan,
berak izaten dira harra aurrenen sartzen zaienak. Hizkuntza bat
ikastea beti ere lana baldin bada, euskaraz ikastea lan gogorra
dela gauza jakina da. Aditzarekin eta euskal esaldiaren egiturarekin
burua apurtzen ibilita gero, ikasi duen hizkuntza horrek ondo
pasatzeko eta irudimena lantzeko ere balio duela esperimentatzean,
ez da harritzekoa gustoa hartzea. Horrez gainera bertso teknika
lantzeak, neurriak eta errimak batez ere, euskara lantzeko ere
modu egokia eta bariatua ematen du. Hargatik edo horregatik horrelako
talderen batera agertu den euskaldun berriak nekez utziko dio
joateari, funtzionamendu ganorazko samarrik badabil behintzat.
(AURKIBIDERA)
EMAKUMEZKOAK
Beste kontu bat oso aipagarria
emakumezkoen presentzia da bertsolari eskoletan, batez ere neskak.
Aipamen honek ez luke beste munduko misteriorik behar, baina
gauza sobera jakina da emakumezkoak historian zehar eskuera aktibo
gutxi izan duela bertsolaritzan, hemen azaltzen hasiko ez naizen
zenbait arrazoirengatik. Zorionez bertsolari eskoletan emakumezkoen
partea gizonezkoen ainatsu dela esan liteke. Badira talderen
batzuk neskak mutilak baino gehiago direnak.
Emakumezkoen presentzia hau oso
naturala eta bortxatu gabea izaten da. Ez da planteiatu ere egiten,
taldea sortzean halaxe egokitzen baita. Horretan, beraz, historiaren
lastrea gainditu da. Gaur ez dago esaterik, talde horien inguruan
behintzat, emakumezkoak halako oztopo sozial apartekorik aurkitzen
dutenik. Frogarik onena da ari direla eta inolako konplikaziorik
gabe.
Beste kontu bat da noiz hasiko
diren emakume bertsolariak agertzen. Tradizio haundi bat ez da
goizetik gauera sortzen eta bere denbora behar du. Askoren artetik
zerbait irtengo den dudarik ez dago. Baina mutilen artean eskola
hauetako helburu nagusia bertsolari irtetea ez bazen, berdin
nesken artean ere. Bertsolaritzak azpi soziala behar du eta hor
emakumezkoen parte hartzea normaltzea pauso ederra da. Ibiliz
egiten da bidea eta badira neska batzuk poliki bertsotan egiten
dutenak ere. Orain ez dago ate hori emakumezkoentzat itxita dagoela
esaterik. (AURKIBIDERA)
ZENBAT LAGUN
Esaten ari garen guztiak zenbakitan
zer suposatzen duen galde lezake norbaitek, hots, zenbat diren
bertsolari eskolen inguruan mugitzen direnak. Ez daukat kopuru
zehatzik ematerik, baina erreferentzia batzuk emango ditut. Duela
hiru urte bertsolari eskolen eguna egin zen Arraten eta Hegoaldeko
lau probintzietatik batu zen jendea. Iparraldetik ere norbaitzuk
azaldu zirela uste dut. Bostehundik gora lagun batu zen. Denak
ez ziren agian mugimendu barrukoak izango, baina zirenetarik
ere asko falta zirela esan behar.
Nik Bizkaiko berri ezagutzen
dut hobeto eta hemen badira Bilbon eta herrietan dozena bat talde,
martxan dabiltzanak, bertsolari eskolen elkartea ere egina dutelarik.
Duela bi urte eskola arteko txapelketa bat ere egin zen, finala
Mungian zutelarik, eta haren bueltan jende asko mugitu zen. Mungiako
pilotalekua bete egin zen behintzat eta gehien gehienak gazteak
ziren, bai neskak eta bai mutilak, euskaldun berrien portzentaia
haundia zelarik. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan ere badira taldeak,
zenbat esaten ez naiz ausartzen baina. Iparraldeko berri gutxiago
dakit, baina badakit han ere talderen batzuk badirela.
Martxan diren taldeak asko izanik,
ez zaio horri bakarrik begiratu behar. Herri batzutan ibiliak
dira, baina lanagatik, soldaduzkagatik, edo dena delakoagatik,
taldearen jarraipena ezinezko bilakatzen da. Beste toki askotan
hasi eta pixkanaka bertan behera itzali ere bai, baina halakoengan
ere sartu zaien bertsozaletasuna hantxe geratzen da betirako,
aukera hoberik daukatenerako.
Dabiltzanak eta ibiliak, denak
batera jota, hots, ikastaro luze samar bat gutxienez egina duten
guztiak jota, bildurrik gabe esan liteke milaka direla. Gehienak
gazteak izanik, eta beste zenbait arlotan ere mugitzen direnak
izanik, bertsolaritzak entzulego berri horrekin asko irabazi
duela bistan dago. (AURKIBIDERA)
BERTSOLARITZA
ESKOLETAN
Bertsolari eskolen garrantzia
haunditzat jotzen badugu, ez da gutxiago eskoletan egiten ari
den lana, ikastoletan batez ere oraindik. Oraingo honetan "eskola"
hitzak ikastetxea esan nahi. Haurrekin egiten den lan horrek
zenbat balio lezakeen bat batean ez da agertzen, baina dudarik
gabe, beste sail guztietan bezala, oinarri nagusia eskoletan
dago. Pentsa orain haurrek hiru edo lau urtetik hamalau hamabosterartekoa
eskolara atzera aurreraka egiten dutela. Hamar urte horietan,
dituzten eskolakizunez gainera, zenbat gauzaren ezagutza eta
gustoa sar litekeen esaterik ez dago, plangintza oinarrizko bat
egiten baldin bada.
Zorionez bertsolaritza plangintza
horretan sarturik dago jadanik, batez ere ikastola mailan. Hegoaldeko
lau probintzietan, bertsolaritza eskoletan sartzeko, liberatu
bana daukate. Gipuzkoan duela hiru urtetatik dabil Mikel Mendizabal
bertsolaria. Bizkaian Jon Lopategik bi urte daramatza, Araban
urtebete Abel Enbeitak eta Nafarroan ere aurten hasia da Lorentzo
Aburuza.
Hauen eginkizuna batez ere irakasleei
laguntza eta materiala eskaintzea da, berek ez bait daukate haur
guztiekin zuzenean ibiltzerik, eta behar ere ez. Irakaslea da
haurrengana iristeko bitartekorik auzenena eta emankorrena. Gizon
batek, urte guztian beste gabe horretara dedikaturik, lan asko
egin dezake. Adierazgarri bezala, tutearen azken aldera egiten
diren sariketa idatzietan milaka haurrek parte hartzen du. Araban,
Bizkaian eta Gipuzkoan (Nafarroan liberatua hasi berri baita)
joan den ikasturteko sariketa idatzietan parte hartu dutenak
lau milatik bost milara bitartean dira. Horrez gainera, sariketan
parte hartu ez arren, urtean zehar bertsolaritzan ikaspide zerbait
hartu duten guztiak joez gero, zazpi-zortzi mila haur tartean
dabiltzala esatea ez da gehiegikeria izango.
Sariketa idatziez gainera, bapateko
txapelketak ere egiten dira. Horietan, jakina, askoz gutxiago
izan behar, baina uste baino gehiago eta hobeak. Dena den, bertsolari
eskolen helburua bertsolariak zuzenki ateratzea ez bazen, ikastetxeetan
bai badela hori bi bider esatekoa. Inon hazia ereiteak zentzurik
baldin badu, haurren artean da hori. Gero zer irtengo den denborak
esango du, baina ereiten den haziak inon fruturik ematekotan,
haurren artean da hori ere. Bertsolaritzarekiko harremana eta
gustoa eskaini zaien mila haur horiengan zerbait baino gehiago
geratuko eta agertuko dela dudarik ez izan. (AURKIBIDERA)
EBOLUZIOAREN
ILDOAK
Biltzapen bezala, jo ditzagun
orain bertsolaritzaren eboluzioaren ezaugarri nagusiak.
1.- Azken
gerrararte
Bapateko bertsoketa nor bere
herrian edo inguru nahiko mugatuan ohitzen zen, "eskola"
edo bertsolari taldeak halako bailaretan sorturik.
Bapateko bertsogintza hori gehienean
dibertsiozkoa edo umorezkoa izaten zen. Gai serioagoak eta landuagoak
politika, erlijio, ohitura, gerra, etab. bertso jarrietan
tratatzen ziren. Bertso paperak garrantzi izugarria zeukan, bapateko
bertsogintzak baino gehiago esango nuke nik. (AURKIBIDERA)
2.- Gerra
ondoan
Bapateko bertsoketak dibertsio
edo umore mailan segitzen du, baina zabaldu egiten da asko eta
batez ere altura bat hartzen du, sagardotegi edo taberna zuloko
arlote kutsutik askaturik. Bertsolari haundiak herriz herri asko
ibiltzen dira, ia ofizio bezala. Bertso jarrien tradizioa asko
ahultzen da eta bertso paperak ia desagertu egiten dira. (AURKIBIDERA)
3.- 65.
ingurutik aurrera
Bapateko bertsoketan gai politikoak
eta sozialak ere sartzen hasten dira. Pixkanaka gai klase guztiak
kantatzen dira bertsotan. Honetan gai jartzailearen irudiak eragin
haundia dauka. Txapelketen eredutik harturik edo, gaiak jarrita
saioak egiteko ohitura zabaltzen eta nagusitzen ari da. Horrela
bestela tratatzerik ez legokeen mila modutako gaiak sartzen dira.
(AURKIBIDERA)

Manuel Olaizola, "Uztapide", 1960ko txapelketan, Donostian.
(Argazkia: Auñamendi Entziklopedia)
4.- Azken
urteak
Gai aldetik eta giro aldetik
bapateko bertsoketak aurreko joerari segitzen dio, baina teknika
aldetik neurri, doinu eta errima posibilitateak zabaldu
egiten dira. Bertso jarriak berriro indarra hartzen ari dira.
Zenbait plazako bertsolariren liburuak eta kaseteak agertzen
dira. Bestalde gaiak jarrita kantatzeko eredua gehiegitu egin
da. (AURKIBIDERA)
ENTZULEGOA
Gerra aurretik eta gerrondo hurbilean
entzulegoa berdintsuagoa zen bertsolarienganako jarreran. Bertsozale
klasikoak dibertsioa eta umorea eskatzen zion bertsolariari,
nahizta barrutik agian ideia desberdinekoak izan. Hizkuntza aldetik
ere entzulego homogeneo samarra zen. Duela hogeiren bat urtetatik
honuntz entzulegoak ez du dibertsioa bakarrik eskatzen. Ideia
eta gusto oso desberdinetako jendea aurkitzen da aurrean. Alde
horretatik oraingo entzulegoa askoz dibertsoagoa da eta denei
erantzuten lan zaila bihurtu da. (AURKIBIDERA)
ARRISKU
HAUNDI BAT
Lerro batzuk gorago esana dut
gaur gaiak jarrita kantatzeko eredua gehiegitu egin dela. Txapelketen
ondorio txarretariko bat da hori. Txapelketan gaiak jarrita kantatzeak
bere zentzua dauka, emozioa eta interesa gaietan baino gehiago
norgehiagoketan dagoelako. Txapelketak gaietatik aparte dauka
jendearengan arreta sortzeko gantxoa. Eredu hori gero saio guztietara
eramanik, aberrazio haundia gerta liteke eta aberrazio horretan
eroriak gaudela uste dut bete betean.
Arazo
nahasia da hau eta ez da erreza konturaeraztea. Gauza asko nahasten
dira era batera eta azkenean bertsolaritza halako txokolate gisako
bat gertatzeko arriskua dago. Alde batetik bertso saio asko bertsolaritzaren
edo bertsolari berrien promoziotzat gehiago hartzen dira bertso
saiotzat baino. Orduan nahasketak egiten dira, bertsolari eginak
edo beteranoak promesekin nahasiz. Hori zenbait aldiz eta eramaten
jakinda, oso ona eta eraginkorra gerta liteke, baina bai txapuza
bat ere. Adibide bat jartzeko, pilota saioetan hiru partidu jokatzen
direnean, denak jokatzea segurtatu behar da, baina jokoa ere
bai. Ez dago estelarrekoak, bigarren mailakoak eta hirugarrenekoak
beste gabe nahasterik, alebinei edo jubenilei helduekin batera
joka erazterik ez dagoen bezala. Jokoa ere segurtatu behar da
eta bertso saioak gehiegitan ariketa edo esperimental gisakoak
gertatzen dira.
Beste alde batetik gai jartzailearen
bitartekotza ia bertsolaritzari atxikitzat bezala ikusten da.
Kasik lege bilakatu da. Orduan segun nor den gai jartzaile, halako
orientapena eramaten du saioak. Deskuidatzen bazara ordubete
pellokeria eta txorakerietan edo bestela mitinean eta filosofietan.
Gai jartzaileak dena arradaki
eta tankera berdinera ekartzen du eta tankera hori gehienean
berea izaten da, ez bertsolariena. Esperientziak ematen digunetik,
gai jartzaile egokia izatea bertsolari ona izatea baino zailagoa
da.
Baina badago baste gauza bat
ere. Gai jartzaileak egokiak direla emanik ere zoritxarrez
gezur galanta da hori baina, bertsoketa printzipala bertsoketa
librea da, hots, bertsolariek beren kontura kantatzen dutenean.
Eredu horrek, bistan den bezala,
bikotea edo gehienik ere hirukotea eskatzen du, hortik gora eskuz
eskuko pilota partiduan lau edo bost jokalari jartzea bezala
bait litzateke, bakoitza beretzat tantuak egiten.
Bertsoketa libre horretarako
nornahi ez da gauza. Gai bat emanda nola halako bi bertso kantatzekoak
ehundaka dira Euskal Herrian, baina ordu erditik gorako saio
bat beren kontura hasi eta amaitzekoak ez dira hainbeste izango,
entzulegoa asper erazi gabe behintzat. Gai jartzailedun ereduak
alde horretatik bertsolaritzaren izaterik printzipalena arrasatu
egin du eta eredu hori guztiz nomalizatzen ari denez gero, ez
dakit nola errekupera litekeen galera hori.
Noiz librean eta noiz gaiak jarrita?
Hori beste kontu bat da eta erantzuna ez da guztiz erabatekoa.
Galdera egitea ere ez da gutxi, gaiak jarrita egin behar dela
dudan ere jartzen ez den garai honetan. Nolabait banatzeko, barruko
jaialdiak eta kanpoko jaialdiak berez litezke. Barruko jaialdietan
entzulegoa sarritan sarrera ordaindurik funtzio batera
bezala etortzen da. Bertsolariak ere orduan gehienean sei edo
hala izaten dira. Kasu horretan dudarik ez dago gai jartzailea
behar dela, seiren artean ez bait dago ordu eta erdi librean
betetzerik, funtsik gabeko nahaste aspergarri bat armatu gabe.
Jaialdi horietan ez dago beste motiborik jaialdia bera baizik.
Entzulegoa eserita eta geldi, jarrera guztiz pasiboan.
Kanpoko jaialdiak bete gauza
bat izaten dira. Normalean festa giroan edo beste motiboren baten
inguruan egoten da publikua, ez bertsoak entzutera bakarrik etorria.
Bertsolariak baditu mila motibo inguruan, kantatzen hasteko,
segitzeko eta bere abildadeak ematen dion neurrian saioa desarroilatzeko.
Hortxe dago hain zuzen abildadearen
gorabehera. Batzutan saio onak lortzen dira eta beste batzutan
ez, baina horixe da jokoa. Motiboak aurrean bistan daudenean,
ez da gai jartzailerik behar, promozio mailan dabiltzanei laguntzeko
edo izan ezik. Bertsolari beteranoekin tokatzen denean, gutxienez
gauza mistoa egin liteke, baina ez dena ariketa artifizial gisan,
agian ez egunari, ez bertsolariari ez inori interesatzen ez zaizkion
gaiak kantatuz. Esate baterako, urtean zehar hainbat euskararen
egun ospatzen da. Halako okasioetan gaia aurrean dago, giroa
ere aurrean dago.
Gaia jarrita dago eta ez da jartzailerik
behar, jarrita dagoen gaiari heltzeko eta tiratzeko kapaz direnak
eraman baizik. Gertatzen dena hasieratik planteiatzen dela gaizki.
Sei edo zortzi bertsolari deituak badira, denak batera librean
kantatzerik ez dago. Orduan zer egin? Ba, ordu desberdinetan
binaka edo hirunaka kanta erazi edo halako zerbait, baina ez
denekin batera txokolate amorfo bat egin.
Esaten ari naizenetik eta esan
litekeen askoz gehiagotik, ez dezala inork pentsa jokoa kentzen
ari naizenik, jokoa zabaltzen baizik. Dena jota, jokoak berak
izan behar du nagusi, bertsolaritzak alegia, eta joko hori partitzen
eta zabaltzen jakin behar da, okasioak eta kantatzeko erak kontutan
edukirik.
Elizpeko edo kontzejupeko jokoa
eta pilotaleku haundikoa oso desberdinak dira eta biak beharrezkoak,
baina berezita. Promozio jokoa eta joko heldua ere oso desberdinak
dira eta biak beharrezkoak noski, baina noiz eta nola ondo berezita.
Bertsolari bikoteak librean kantatzeko eredua eliminatzen badugu,
bertsolaritzaren dinamikarik emankorrena erreko dugu eta arrisku
hori errealitate bihurtzen ari zaigu. (AURKIBIDERA)
ETORKIZUNA
Betiko hitzondoa emateko, dena
jota, bertsolaritzak etorkizun ona duela esan behar, hizkuntzaren
etorkizuna hain beltz ez balego. Hortxe dago gorabehera. Euskarak
irauten badu, bertsolaritzaren iraupena segurtaturik dago, oraingoz
ikusten den panoramatik behintzat. Euskararen kasuan, ordea,
iraupenak indartzea eta galdutako terrenoaz berjabetzea esan
nahi du. Bestela, hizkuntza mintzatu bezala, akabatzera joango
da, edo gehienez erreserba moduan geratzera. Hemen arazo larria
hizkuntzarena da, baina hori beste kontu bat denez gero, utz
dezagun horretan, bertsolaritzan behintzat pixka baterako iraupena
seguru daukagula jakinik. (AURKIBIDERA) Xabier Amuriza, bertsolaria |