Joseba Irazu Garmendia, BERNARDO ATXAGA - Idazlea
"Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da."
Josemari Velez de Mendizabal
  Traducción al castellano del original en euskera

1998an hamar urte bete dira "Obabakoak" liburua merkataratu zenetik. Bere egileak, Asteasun 1951eko uztailaren 27an jaiotako Joseba Irazu Garmendia "Bernardo Atxaga" euskal literaturak inoiz lorturiko arrakastarik nabariena bereganatu du ordudanik. Hogei hizkuntzatan argitaratutako liburu hark muga guztiak apurtu ditu euskal literaturaren internazionalizazioan. Sortzezko bere lan jarraiak sari ugari ahalbidetu dizkio, besteak beste, Espainiako Literatur Saria, Kritikaren Saria eta Euskadi Saria.

-Hamar urte dira "Obabakoak" lehen aldiz argitaratu zenuela. Zertan aldatu da Bernardo Atxagaren bizitza ordudanik?

-Libururik gabe ere, asko aldatuko zatekeen horrenbeste urtetan. Baina, jakina, liburua dela eta, gehiago. Esate baterako, liburua atera arte nik ez nekien prentsaurrekoak zer ziren ere, ez nituen liburu-promozioak ezagutzen, elkarrizketa "gogorrak" ere ez, argitaletxe handien presioa eta boterea leienda bat zela iruditzen zitzaidan, ez neukan tratabiderik beste hizkuntzetako idazleekin eta abar. Hitz batean esateko, nire esperientzia urria zen eta nire hainbat uste eta teoriak lotuegi zeuden esperientzia urri horrekin. Gaur egun, sakonagotik ezagutzen dut liburuaren mundua, eta zehatzago ikusten dut mundu horretan nik daukadan lekua, Horretaz gainera -bizitza aldaketaz galdetzen zenidan zuk-, askozaz ere lan gehiago egiten dut orain. Aspaldi esaten ari naizen kontua da: beste erremediorik ez daukadalako, horregatik naizela idazle profesionala. Hainbeste enkargu eta lan izpi etortzen zaizkizu, non mahaiaren aurrean esertzea beste irtenbiderik ez duzun.

-Zeren truke egingo zenioke uko Bernardo Atxaga izateari?
-Zenbaitetan, ametsetan edo, irakasle bezala ikusten dut nere burua, Unibertsitatean historia irakasten, XIVgarren mendearen pusketa bati buruz ikerketak egiten, eskolatarren bizimodu goxoa eramanez izan ere, gure bizitza, idazleona, basatiagoa da, arriskutsuagoa da, eta nekatu ere beste lanbide askok baino gehiago nekatzen du.

-Inoiz esan duzu euskal literaturan hutsune nabaria dela kritika espezializatuari dagokionez. Beti bezala jarraitzen du egoerak?

-Literatur erakundean idazlea eta irakurlea dira funtsezko elementuak. Hurrena berriz, kritikoak datoz, eta horiek ere beren garrantzia eduki dezakete literatur-mugimendu bat aurrera ateratzeko orduan. Zoritxarrez, Euskal Herrian ez dugu suerte handirik izan. Kiroletako irudi bat erabiliz, hemengo kritikoak pelotoian ezkutatuta ibili dira beti, karrera inoiz astindu gabe. Zentzu honetan, hobe euskal idazlea jakinaren gainean egotea: dabilen tokian dabilela, bere indar soilez egin beharko du aurrera. Ez zaio kritikorik azalduko aldamenean bultzakadatxo bat emanez. Oraingoz behintzat hauxe da egia.

-Norbaitek zioen, idazle izateko irakurle trebe eta zintzo izatea dela lehendabiziko baldintza. Zeintzuk dira zure literatur-argidorreak?
-Asko irakurri dut nire bizitzan, eta zerrenda luze bat egin beharko nuke. Hasiera batean, literatura "apurtzailea" maite nuen, dadaistak eta beste; geroago pop mugimenduaren ingurukoa, musikarekin lotua; hurrena, Borges izan nuen maisu: geroago, saiakera eta teoria literarioak hartu nituen gogoan...behar bada azken atal hau izan da eraginkorrena nigan. Nola edo hala, teoria bat osatu dut, eta bertatik sortu dira nire poema eta prosa-lan gehienak.

-Euskal literatura munduan apur bat ezaguna egin bada, zure ahaleginari esker lortu du. Esfortzuak merezi izan al du?
-Nire belaunaldiko idazleak, zentzu batean behintzat, "organikoak" izan gara. Eskuetako batekin geure liburuak zaindu ditugu; bestearekin, berriz, auzo-lana bultzatu nahi izan dugu, helburu orokorrak ondo bete zitezen ahalegindu gara. Zentzu horretan pozik nago nire liburuak atzerrian eta izan duten sarreraz. Zenbait jendek euskaldunen berri izan du beraien bitartez. Hori, ondo pentsatuta, ez da asko, hutsaren hurrengoa da, baina holaxe joaten zaigu askotan bizitza, hutsaren hurrengoa lortu ezinean.


-Asteasuko gaztea Bilboko bidean jartzen da, eta behin hiritartuz gero, berriz, herrixka batera. Zeren bila orain?

-Hiru urte eman dizkiot neure buruari liburu berri bat idazteko. Nire liburuetatik onena izatea nahi nuke, orain arteko ahalegin guztien ondorio- edo. Beste gauzen artean, horregatik nago Arabako herri ttiki batean.

-Estatu Batuetan izandako irakaskuntzako esperientziak jarraipena edukiko al du?
-Izan ditut proposamenak, baina Estatu Batuetako esperientzia bukatutzat jotzen dut. Bost hilabete egin nituen Emory-ko unibertsitatean, Atlantan, eta beste lezio eder bat izan zen niretzat. Baina, Biblian irakurtzen den bezala, aldi bat dago etxetik aldegiteko, eta aldi bat itzultzeko.


  JOSEBA IRAZU GARMENDIA
Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951)

Argazkia: Aitor Bayo/Euskal Kultura Gaur. Liburuaren mundua (Joan Mari Torrealdai)


BIBLIOGRAFIA


- Ziutateaz .1976
- Etiopia. 1978
- Ramuntxo Detektibea. 1980
- Antonio Apreta. 1982
- Camillo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena. 1982
- Chuck Aranberri dentista baten etxean. 1982
- Jimmy Potxolo.1984
- Asto bat hipodromoan. 1984
- Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian. 1984
- Sugeak txoriari begiratzen dioenean. 1984
- Txitoen istorioa. 1984
- Bi anai. 1985
- Astakiloak Arabian. 1987
- Astakiloak Finisterre aldean 1987
- Astakiloen izkutuko taktika. 1987
- Italiako zirku batean. 1987
- Kitarra baten bila gabiltza zoratzen.1987
- Mikelek problema bat dauka.1987
- Neska dun-dun bat.
- Nikolasaren abenturak eta kalenturak.1987
- Trasatlantiko batean.1987
- Obabakoak. 1988
- Antzoki iluna.1990
- Behi euskaldun baten memoriak.1991
- Astakiloak jo eta jo.1993
- Esteban Werfel.1994
- Lezio berri bat ostrakari buruz.1994
- Zeruak. 1994
- Xolak badu lehoien berri. 1995
- Zeru horiek. 1995
- Gizona bere bakardadean. 1993
- Groenlandiako lekzioak. 1998
- Bambulo (lehen urratsak). 1998

 


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved